Galtzagorri elkarteak bigarren urtez martxan jarriko ditu Irakurzaletasuna Sustatzeko Lantegiak Irakasleentzat, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker. Egitasmo honen bitartez Euskal Autonomi Erkidegoko ehun eskolei aholkularitza zerbitzua eskainiko diegu 2019. urtean zehar. Iaz izena eman, eta parte hartzeko aukerarik izan ez zuten ikastetxeek lehentasuna izango dute aurtengo ekitaldian. Izena emateko Galtzagorrik prestatutako erreserba-formularioa bete behar dute eskolek lantegia egiteko egun eta ordu egokiena aukeratuta. Erreserba egiteko azken eguna otsailaren 22a da.
Klis-Klasikoak App bildumako hirugarrenean lehendik zeuden hiru kontakizun transmediei beste bi gehitu dizkie Galtzagorri elkarteak: AMA-ALABEN guda desafioa eta ITSASUAR BATEN beldurrezko abentura. Guztira bost istorio nabigagarri eskaintzen dizkie Amattoren Uzta app-aren bertsio berriak 8-12 urte bitarteko gaztetxoei.
Mikel Soto Txalapartako editore ohia eta Paxkal Indo ZTK argitaletxeko editorea ari dira gaur goizean Biko Teka tailerreko 17 sortzaileei album irudidunaren egoeraren berri ematen. Eta pista onak ematen argitalpen mundura hurbiltzeko. Honela bukatuko da galtzagorri elkarteak eta Iruñeko udalak elkarrekin antolatu duten album ilustratuaren hirugarren ilustrazioa eta narraziogintza tailerra.