BM azaroko buletina

azaroa 5, 2015

Bularretik Mintzora egitasmoaren inguruan berri eta iritziak jasotzeko argitaratzen dugun bm buletina-ren azaroko zenbakia jada prest dago helbide honetan.

Udazkeneko hego-haize zoro honekin batera,  epel-epeletan gozatzeko bikaina.

Gozatu!

 

Etxe txokoa

azaroa 4, 2015

Buletinaren bidez, etxean zuen seme-alabekin jolasean parte hartzeko aukera helarazi nahi dizuegu. Proposamen hau ikastetxean egiten denarekin bateratu nahi genuke; etxean ere, tradiziozko euskal kantak eta jolasak erabiltzeko. Noiz? Edozein unean, kalean, autoan, etxean lasai gauden une batean… Hizkuntzarekin lotura motibagarriak lortuko ditugu, haurrarekin batera une goxo eta dibertigarriak sortuko ditugu, hizkuntzaren soinuak eta doinuak garatzeko lagungarriak ditugu… Adin tartea ez dugu kontutan hartu, txiki-txikienekin eta koxkorragoekin ondo pasatzeko.Hizketan

  Etxean kontu kantari

Guraso lantegiak han eta hemen

urria 14, 2015

 

Artetxabaletan2

Bularretik Mintzorak egitasmoak, haur literatura abiapuntu hartuta, jarraitzen du bere  baitan dituen guraso lantegiekin aurrera. Ikasturte hasiera honekin batera asko dira  lantegiak beraien herrietan egitea eskatu diguten herriak.

Urriaren 3an Yolanda Arrieta, Aretxabaletako haur libutugian izan zen, bertako 10  gurasorekin batera Haur Literaturan murgildu eta gozatzen.

Hemen duzue egun horretako aipamen txiki bat.

Begira ezazue gure agendan zein ekintza egiten diren zuen herritik gertu!

Galtzagorriren 25. urteurreneko azken trakarako dena prest

iraila 28, 2015

bi kartelak

Aurten, Galtzagorri Elkarteak 25 urte bete ditu eta orain arte hainbat jarduera antolatu ditugu urteurrenaren aitzakian. Baina elkartea 1990eko urriaren 24an sortu zen eta datorren hilabeterako antolatu ditugu ekitaldirik handienak: urriaren 17an goizez eta arratsaldez Ipuin kontalarien maratoia, San Telmo Museoan; eta urriaren 25ean Ilustratzaileen enkaten dramatizatua, Metrokoadrokak aurkeztua, 11:00etan Arteko galerian, eta arratsaldean, 16:00etatik aurrera, urteurreneko festa ospakizuna San Telmo Museoan.

2015aren zati handi bat eman dugu urtemuga hau ospatzeko ekintzak bideratzen: gure logoa pajaritaz apaindu zuen Elena Odriozolak lehenengo; Maria Goikoak Batbirulau APPa kaleratu genuen ondoren; eta Galtzagorriren historia biltzen duen Behinolaren zenbaki monografikoa plazaratu dugu orain gutxi.

Baina orain iritsi da “azken trakaren” unea: orain arte sekretupean gorde dugun eta datorren urrian burutuko dugun ospakizunen egitarau SORPRESA argitzeko unea.

Hiru ekintza prestatu ditugu, honakoak:

1. IPUIN KONTALARIEN MARATOIA. URRIAREN 17anN. DONOSTIAKO SAN TELMO MUSEOAN. 10:00etatik 20:00etara. Gor-mutuentzako itzulpenekin egingo dira saio guztiak. Sarrera dohainik izango da baina ez galdu zure aukera, leku mugatua izango da-eta.

2. ILUSTRAZIOEN ENKANTE DRAMATIZATUA METROKOADROKA Sormen Laborategiak aurkeztuta. URRIAREN 25ean. DONOSTIAKO ARTEKO arte-galerian. Goizeko 11:00etan. Izena ematea komeni da, urriaren 7a baino lehen.

3. HAUR LIBURUAREN FESTA. URRIAREN 25ean, DONOSTIAKO SAN TELMO MUSEOAN. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera: kafea, Galtzagorri-tarta eta Galtzagorriren 25 urteko ikus-entzunezkoa emango dugu lehen aldiz. Festara sartzeko, ezinbestekoa izango da haur liburu bat ekartzea, bertan besteekin partekatzeko. Asistentzia konfirmatzea eskatzen dizuegu, urriaren 7a baino lehen.

Ipuin kontalarien maratoia

Urriaren 17a ipuinez beteko dugu. Goizeko hamarretan hasi eta iluntzeko 19:00ak arte7 kontalari ariko dira bata bestearen artean, San Telmo Museoan. 10:00etatik 12:00etara 3 saio izango dira: Oihana Etxegibelen Afrikako ipuinak, 6-9 urte bitartekoentzat; Josu Jimenez Maiaren Kamishibai saioa, 2-8 urte bitartekoentzat; eta Pello Añorgaren poesia kontaldia 6-10 urte bitartekoentzat.

Ondoren, 16:00etan hasita, Beatriz Egizabal & Kontu Kantoi taldearen eskutik, kontaketa ilustratua, 6-8 urtekoentzat. Jarraian, Rai Bueno kontalariaren saioa 8 urtetik gorakoentzat. 18:00etan, berriz, Clowntu Kontari Itziar Saenz de Ojer eta Bazen Behin Clown-en eskutik. 10-14 urte bitartekoentzat. Eta bukatzeko, gazteen artean, gantxo gehien duen kontalaria: Joxemari Carrere Nork dio  beldurra? Izu istorioak saioarekin, 14 urtetik gorakoentzat.

Saio guztiak dohainik izango dira, baina lekuak mugatuak izango direnez, saioa hasi baino ordu laurden lehenago bertaratzea komeniko da.

Enkante dramatizatua

Urriaren 25a festa giroan pasatu nahi dugu, Galtzagorri Elkartea duela 25 urte urriaren 24an sortu baitzen. Goizetik hasiko gara, hortaz. Donostiako Gros auzoan dagoen Arteko arte-galerian subasta edo ENKANTE DRAMATIZATU ETA SOLIDARIOA egingo dugu, Metrokoadroka sormen laborategiko kideek aurkeztuta. Bertan biltzen den dirua IBBYk Silent books egitasmoaren baitan, Italiako Lampedusa uhartera iristen diren etorkinentzat martxan jarri duen liburutegira bideratuko da.

Subasta solidario horretan Galtzagorrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Marraz(i)Oak topaketetan Euskal Herriko hainbat ilustratzailek egindako lanak aterako dira enkantera, baita topaketa horien gidari izan diren Elena Odriozola, Ignasi Blanch eta Harkaitz Canoren lanak ere.

Enkantera aterako diren beste lanen ilustratzaileak honakoak izango dira: Aitziber Alonso, Maite Azkargorta, Ainara Azpiazu “Axpi”, Idoia Beratarbide, Maite Caballero, Begoña Durruty, Unai Fernandez, Maite Gurrutxaga, Iñaki Martiarena “Mattin”, Lorena Martinez, Josean Morlesin, Nagore Txintxurreta eta Araitz Urbeltz.

Urtemuga festa

Urriaren 25eko arratsaldean ospatuko dugu Galtzagorri-tarta eta guzti elkartearen urtemuga festa. Leku elegantea aukeratu dugu, gainera: San Telmo Museoa. Bertara gonbidatu nahi zaitugu Galtzagorriko kideekin batera elkarteak urte hauetan egindako lanaren zertzelada nagusiak bilduko dituen ikus-entzunezkoa ikustera. Festa gozo horretarako sarrerarik ez dugu banatuko, baina tarta zatirik gabe geratu nahi ez baduzu komeni zaizu aurrez jakinaraztea, urriaren 7a baino lehen, Galtzagorri Elkartera deituz (943471487) edo idatziz (galtzagorri@galtzagorri.eus).

Sarrera doan izango da, baina bakoitzak Haur eta Gazte Literaturako liburu bat ekarri beharko du sarrera gisa, gero beste gonbidatuekin partekatu ahal izateko. Hartara, eguraldiaz hitz egin beharrean, literatuaz hitz egiteko aitzakia izango dugu.

Jarduera hauek antolatzeko, lan handia egin dugu aurten Galtzagorrin. Egitarau erakargarria prestatu nahi izan dugu, denok elkarrekin mende laurden hau ospatzeko.

Urrian elkar ikusiko dugulakoan,

Zorionak eta mila esker.

Irakurketa Kluben saioak hastera doaz

iraila 21, 2015

ik2

Ikasturte berriarekin batera hasiko dira Galtzagorri Elkarteak Bularretik Mintzora egitasmoaren barruan antolatzen dituen Irakuketa Klubak Euskal Herriko hainbat herritan. Irailaren 25ean hasiko dira Iurretako (Bizkaia) taldeak, urriaren 6an Errenteriakoak (Gipuzkoa), urriaren 7an Urkabustaizkoak (Araba), urriaren 10ean Ermuakoak (Bizkaia), azaroaren 14an Donostiakoak eta azaroaren 18an Oñatikoak. Datorren urteko urtarrilean hasiko dira Aretxabaletan, eta Hernanin ere egingo dira.

Horrez gain, Bularretik Mintzora egitasmoaren barruan egiten diren jardueren artean, Yolanda Arrietaren saioa izango dute Aretxabaletan urriaren 3an, eta Itziar Zubizarretarena Donostian, 2016ko apirilaren 21ean eta 22an.

Haur eta gurasoentzako klubak

Irakurketa Klubetan parte hartzen duten guraso eta haurrak elkarrekin joaten dira liburutegira, Galtzagorriko dinamizatzaile batek zuzendutako irakurketa saioetan parte hartzera.

Saio hauen helburua bikoitza da: alde batetik, gozatzeko une bat sortzen da, ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin heldu eta haurrek ondo pasatu dezaten; bestetik, gurasoen prestakuntza bilatzen da. Horretarako, HGLko baliabideak erakusten dira, eta kontatzeko moduak azaltzen. Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da.

Guraso eta haurrek ekimen batzuk burutzen dituzte elkarrekin, hala nola, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak, irakurritako liburuei buruzko komentario eta gomendioak, eta hainbat ekimen lasai liburuak ezagutuz gozatzeko eta idatzizko literaturaren curriculum bat pixkanaka osatzen hasteko.

Hona hemen, Laudioko Liburutegian hartutako irudi batzuk eta Mari Garcia dinamizatzailearen azalpenak.

Bularretik Mintzora egitasmoak haur eta gurasoentzako irakurketa kluba abiatu du from aiaraldea komunikazio leihoa on Vimeo.

 

Harrera ezin hobea Bularretik Mintzora egitasmoak Bratislavako Kongresuan

iraila 15, 2015

1web

Juan Carlos Alonso psikologo eta Bularretik Mintzora egitasmoko kideak  “BULARRETIK MINTZORA”; DEVELOPMENT OF EARLY READING HABITS AND PSYCHOEMOCIONAL STIMULATION goiburu duen hitzaldia eman zuen Bratislavan (Eslovakia) sekulako harrera beroa izan zuen. IBBYren Eslovakiako atalak antolatutako jardunaldietan hartu du parte Juan Carlos Alonsok abuztuaren 31n eta egitasmoak jakin-min handia sortu zuela adierazi du.

Hogei minutuan azaldu behar zuen Alonsok Bularretik Mintzora egitasmoaren bidez 2007tik hona lortu dena eta egitasmo horren garrantzia. Baina hitzaldiak sortu zuen ikusminaz ohartuta, Alonsori bere hitzaldiaren iraupena bikoizteko aukera eman zioten. 40 minutuz mintzatu zen Euskal Herriko 20 herritan burutzen ari diren egitasmoari buruz, hau da, haurraren lehen urteetan irakurketarako zaletasuna sustatzeak haur horren garapen kognitiboan, linguistikoan eta emozionalean duen eragin positiboaz.

Hitzaldia txalo zaparrada batekin amaitu zuen eta ondoren, jakin-minez gerturatu zitzaizkion irakurketaren sustapenean aditu diren nazioarteko hainbat lagun. Asko izan ziren hitzaldia entzun eta hain egitasmo “interesgarri eta garrantzitsua” abian jartzeagatik zorionak ematera hurbildu zirenak ere.

Bularretik Mintzora egitasmoaz Bratislavan

abuztua 27, 2015

bratsilava

IBBYren Eslovakiako atalak antolatutako jardunaldietan hartuko du parte Juan Carlos Alonso psikologoak, Galtzagorri Elkaerteko zuzendaritzako kide eta Bularretik Mintzora egitasmoko arduradunetako batek. “BULARRETIK MINTZORA”; DEVELOPMENT OF EARLY READING HABITS AND PSYCHOEMOCIONAL STIMULATION goiburu duen hitzaldia emango du berak irailaren 31n, 14:35ean. Hitzaldia streamming bidez ikusteko aukera izango da, baina horretarako aurrez izena eman behar da honako web gune honetan: http://research.seevogh.com.

Bularretik Mintzora egitasmoaren garrantziaz mintzatuko da Alonso bere hitzaldian. Haurrari, ume-umetatik irakurgaiak eskaintzeak duen eragin positiboez jardungo dugu eta, bereziki, Euskal Herriko hainbat herritan Galtzagorri Elkartearen ekimenez 2007tik abian den Bularretik Mintzora egitasmoaren bidez hori guztia nola gauzatu den azalduko du.

Haurraren lehen urteetan irakurketarako zaletasuna sustatzeak haur horren garapen kognitiboan, linguistikoan eta emozionalean duen eragin positiboaz mintzatuko da Alonso, Bularretik Mintzora egitasmoaren bidez jaso dituzten emaitza eta ondorioetan oinarrituta.

Hitzaldia gaztelaniaz emango du eta aldi bereko itzulpena izango du.

Juan Carlos Alonsori elkarrizketa “Hazi Hezi” aldizkarian

uztaila 14, 2015

Bularretik Mintzora egitasmoko kide den Juan Carlos Alonso psikologoa elkarrizketatu dute Hazi Hezi aldizkariaren 13. zenbakian. Bertan, besteak beste, helduek eta haurrek elkarrekin irakurtzearen garrantziaz mintzo da Alonso. Baita ipuinek haurren barne-munduarekin duten loturaz ere. Bere hitzetan, “ipuinak eta haur literatura bihur daiteke haurraren eta helduaren arteko lotura afektiboa sendotzeko tresna”. Bestalde, fikzioari esker haurrek irudikatzeko eta introspekziorako gaitasuna lantzen dute eta oso garrantzitsua da hori kanpo-estimuluz betetako gizarte batean: “irudikatzea ohitura kognitibo bat da, eta, ez badu txikitatik landu ahozkotasuna, ez du garatzen ahalmen hori; ipuin bat kontatzen diozunean, ez da gai izango hori entzun eta irudiak eraikitzeko”.

Elkarrizketa osoa aldizkarian duzue irakurgai.

hazi-hezi2

BM buletina maiatza

maiatza 29, 2015

Bularretik Mintzora egitasmoaren inguruan berri eta iritziak jasotzeko argitaratzen dugun bm buletina-ren maiatzeko zenbakia jada prest dago helbide honetan.

Ummmm!!! Uda usaina… eta proposamen fresko piloa zuentzako.

Bai horixe! Gozatu zuen seme-alabekin, zeuok bakarrik edo zuen eskola umeekin, aukeraz beteta prestatu dugun buletin berri hau.

Udako gida txikia

maiatza 28, 2015

Ikasturtea bukatzen ari da, udako oporrak ate joka ditugu. Guk gure aldetik, opor usain honekin batera liburu desberdinekin sortutako proposamen bat uzten dizuegu. Jolasean aritzeko liburuak, adin desberdinetako haurrentzako; ipuin dibertagarriak kontatzeko, errepikatzeko, antzezteko, buruz ikasteko. Bukatzeko sail txiki bat gauez, goxo-goxo, irakurtzeko eta amets egiteko… hortxe duzue gozatzeko aukera paregabea!

udako gida txikia

Udako gida txikia