Galtzagorriren Aretoak

Animaliek hizketan zekiten garaian

Azalpena

Literatur tradizioan betidanik animaliak erabili izan dira giza sentimenduak aztertu, aurkeztu eta jarrera ereduak eskaintzeko. Haurrek gainera animaliengan islatzen dituzte sarri beren sentimenduak. Hori dela eta Galtzagorrik 2006an Animaliek hizketan zekiten garaian aretoa sortu zuen.

 

Euskal tradizioan badira konposaketa literario mota honen hainbat adibide ezagun. Azken horiek batez ere Iturriagaren eskutik ezagutu ditugu. Baina Animaliek hizketan zekiten garaian aretoan kontatzen diren alegiak berriak dira eta propio asmatu dira areto hau eraikitzeko.

 

Bestalde, areto honek ikus-entzunezko material originala dakar berarekin. Bertan, lau alegi original sortu ditugu musika eta irudi animatuen laguntzarekin. DVD hau aretoan burutzen den joko literarioan integratzen da.

 

Alegi hauen bidez jolas literario batean murgiltzen dira haurrak: irakurketa nahiz idazketa proposamen desberdinak eskaintzen zaizkie eta beraiek hainbat ekintza burutzen dituzte:

 

Lehenik eta behin taldeak lehen alegi musikatua entzun eta ikusten du metakrilatoz egindako kubo batean dagoen proiektorean. Alegi hori literatur ekintza bati hasiera emateko aitzakia da. Era honetan, haurrek alegian kontatutako istorioa edo bertan agertutako pertsonaiak baliatzen dituzte idazketa edo irakurketa ekimenei aurre egiteko. Ekintza didaktiko horiek gauzatzen doazen heinean, kubo horretan, mekano baten gisa, etxe baten atal desberdinak agertzen doaz. Hau da, etxean gertatzen den mugimendu bakoitza haurren ekintza baten ondorio da. Besteak beste, animalien deskribapenak, antzezpen txikiak eta abar egiten dituzten heinean kubotik etxea agertzen joaten da. Modu honetan literatur genero ezberdinen erabilpena sustatzen delarik.

 

Horrez gain, DVDan ikusitako alegian ezagutu ahal izan dituzten animaliak ere agertzen zaizkie, izan ere kartoizko eskultura batzuen bitartez egongo dira present aretoan bertan. Era honetan, lau alegiak banan bana entzuteak literatur dinamika desberdinetara eta ikuskizun magiko batetara eramaten ditu haurrak ia ohartu gabe, modu ludiko batean egiten baitituzte ekimen guztiak.

 

Egunean gehienez haurrentzako 2 saio gidatu egingo dira. Saio bakoitzean gehienez 20 haurrek parte hartu ahal izango dute.