Galtzagorriren Aretoak

Ipuinez ipuin haur literatura aretoa

Azalpena

Urte luzeak behar izan dira ipuina benetako literatur generotzat hartua izan dadin. Gaur egun, ordea, ahozkotasunaren eta ipuinaren garrantzia literaturan ez du inork zalantzan jartzen. Hori dela eta, literatur genero txikia edo benetako idazle izateko lantzen zen esparrua izatetik dagokion tokia betetzera iritsi da orain ipuingintza. Garrantzi hau barneratu delako adierazgarri ipuin kontaketa saioen gorakada nabarmena litzateke. Ahozkotasunaren garrantzia azpimarratzen duten ikerketa lanak ere baditugu, ipuin kontaketak herrialde desberdinetan eduki duen funtzio hezitzailea eta kultura eta balore igorlea agerian uzten dutenak, besteak beste.

 

Historian zehar, garrantzi honetaz jabetu diren ikerlari eta aditu ugari egon dira eta ipuin bilketa lanetan jardun dute. Horri esker, gaur egun mendeetan zehar haurren belarriak gozatu dituzten hitzak entzun ditzakegu eta urteen joan etorrian eman diren balore aldaketa zenbaitetan eta finkatzea besteetan aztertu dezakegu.

 

Areto honetan ipuinen historiaren errepasoa egiten da, beraz. Panel batzuen bitartez, ipuinaren eta ahozkotasunaren alorrean lanean ibili diren ikerlari eta ipuin biltzaileen berri ematen du aretoak. Ikerlariei buruzko informazioa jasotzeaz gain, ipuin bilketaren lanaren garrantziaz eta ipuinak duen presentziaz jabetuko dira haurrak.

 

17 panelez osaturiko erakusketak osatzen du aretoaren lehen eremua. Bertan, Euskal Herriko zein beste herrialdetako ipuin biltzaileak ezagutzeko aukera edukiko dugu. Panel bat aurkezpen panela izango da eta beste 16 paneletako bakoitzean ipuin biltzaile baten inguruko informazioa emango da. Hauek izango dira 16 panel horien edukiak:

 

1) Joxemiel Barandiaran 2

) Resurrección María de Azkue

3) Wendworth Webster

4) Alexander Nicolaievich

5) Jean François Cerquand

6) Maddi Aristi

7) Jacob eta Wilhelm Grimm

8) Hans Christian Andersen

9) Antonio Rodriguez Almodovar

10) Jean Barbier

11) Charles Perrault

12) Mila gau eta bat gehiago

13) Enric Valor i Vives

14) Joxe Arratibel

15) Laureano Prieto

16) Txinako Herri Ipuinak

 

Guzti honez gain, erakusketa gelan beste herrietako zein Euskal Herriko argitalpen desberdinak ikusgai izango dira.

 

Haurrek begirale baten ardurapean egingo dute bisita didaktikoa, honek, jolas desberdinak planteatuko dizkielarik.