Galtzagorriren Aretoak

Itsaspeko bihotzak

Azalpena

Aitziber Alonsok, Mireia Delgadok eta Miren Guillok diseinatu eta zuzendutako areto honek irakurtzeko zaletasuna sustatzeaz gain, genero berdintasuna eta hezkidetza lantzea du helburu, euskarazko haur literatura oinarri hartuta.

 

Areto hau berritzailea da erabat. Izan ere, ez baitago Haur Literatura baliatuz genero berdintasuna lantzen duen honelako beste diziplinarteko jolasik.

 

Galtzagorri Elkartean haur eta gazte literaturarekin lanean dihardugu egunero. Material asko pasatzen da gure eskuetatik egunerokotasunean eta aspaldi kezkaturik gaude haur zein gazte literaturan ageri diren neska eta mutilen estereotipoekin.

 

Horregatik Galtzagorri Elkarteak genero berdintasunaren gaiari heldu nahi izan dio Itsaspeko bihotzak areto berri hau sortzerakoan.

 

Ibilbide pedagogiko-artistikoa

 

saio gidatuak eskainiko dira 8-11 eta 12-16urte bitarteko haurrentzat. Herri edo hiri bakoitzean gutxienez 10 saio gidatu eskainiko dira, 25 haurrez osatutako taldeentzako. Saioak goizez izango dira eta arratsaldez aretoa zabalik egongo da honen ibilbidea modu “askean” egin nahi duten helduentzat ere.

 

Itsaspeko bihotzak aretoan gauzatuko den Ibilbide didaktikoa, itsaso batean kokaturik dauden bost gunetan oinarrituko da. Gune bakoitzean lantzen den eduki ideologikoa, artearen bitartez egi bihurtuko da. Ilustrazio, artisau elementu eta liburuen bitartez lortuko da helburu hau eta txoko bakoitzean, modu desberdinean egingo da edukiaren lanketa hori: ipuintxoak kontatuz, ikus-entzunezkoak ikusiz, abestitxoak kantatuz, jolasak eginez… Hala, besteak beste, Aitziber Alonsoren lanaz gain, Elena Odriozola eta Eider Eibarren ilustrazio lanak ere bilduko ditu Itsaspeko bihotzak aretoak.