Galtzagorriren Aretoak

Kontuari Kontu jolas literarioa

Azalpena

SARRERA

"Kontuari Kontu"k Itziar Zubizarretak zuzendu eta moldatu duen euskal tradiziozko ipuin bilduma bati eta hari lotuta sortu den jolas literarioari ematen dio izena. Ipuin bilduma horretan agertzen diren lau ipuinak tradiziotik hartu eta moldatu ditugu. Era berean, tradiziozko ipuin hauen gaia ere eguneratu dugu.

Ipuingintza unibertsalean ere koka ditzakegu lau ipuin hauek; azken batean, tradiziozko ipuingintza gizakiaren ondarea da eta ez herri bakarrekoa. Herri bakoitzak sortu du ordea ondare berezi horren interpretazioa, bere gizarte propioari egokitu diolako.

 

 

IPUIN JOLASA

Aipatu dugun ipuin bilduma transmititzeko, jolaserako espazio bat sortu dugu. Eta espazio hau magia bereziarekin kutsatu nahi izan dugu. Bi plano gurutzatzen ditugu bertan: ametsaren mundua eta errealitatea, bien arteko mugan sare handi bat jarri dugu estalki moduan.

Ipuinek ametsezko mundu batera eramaten gaituzte, eta, aldi berean, haiek ametsezko mundutik datozkigu. Espazio erreala eta onirikoa bereizten duen sarearen lau ertzetatik zintzilik ipuin bakoitza sinbolizatzen duten lau objektu ipini ditugu: hauetako bakoitzak ipuin bakoitza gogoan izan eta kontatzeko parada eskaintzen digu. Soinu instalazio bat ere entzun ahal izango dugu, ipuinen ametsezko mundurako sarbide gisa.