Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Argitalpenak

atzera
Jonas eta hozkailu beldurtia

Izenburua: Jonas eta hozkailu beldurtia

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Argitaletxea: Aizkorri

Argitalpen data: 1998

Ilustratzailea: Mikel Valverde Tejedor

Bilduma: Mendi Sorgindua

Orri kopurua: 36 orrialde

Laburpena:

Jonas profeta irentsi zuen balearen antzekoa da beldurra. Jonas txikia bakar-bakarrik geratu da etxean, ama dendara jaitsi den bitartean. Beldurrak irentsi du Jonas txikia, eta etxeko gauza guztiak ere beldurrez daudela iruditzen zaio. Beldurra handitzen doa, izu-laborri bihurtzeraino, eta izu-laborri horrek Jonasen imajinazioan otsoaren irudia eraikiko du. Hozkailuak dardara egin du; beraz, hozkailua izuturik dago. Hozkailua ez da horrela-horrela izutzen; beraz, otsoa dago hozkailu barruan. Liburu honek Euskadi Saria irabazi zuen 1999an.

Adina: 6tik gora

Prentsako aipamenak:


- Laura Sagastume, Behinola 1.zenbakia, 1999ko azaroa Lehen irakurleentzako saria
Mariasun Landak dioenez, haurrek helduon sentimendu berberak dituzte, baina hitzak falta zaizkie horiek adierazteko. Hori horrela izanik, Juan Kruz Igerabidek ipuin honetan bere hitzak ezarri ditu haurrak beldurraren inguruan sentitzen duena adierazteko.
Istorioa modu umoretsuan hasi eta amaitzen bada ere (“Ama nola etor daiteke salto batean dendatik hona?”), Jonasek etxeko bakardadean sentitzen duen beldurra gero eta handiagoa izango da, izua sentitzeraino. Eta progresio horretan, beldurra bihotzetik eskuetara igaroko zaio, eta eskuetatik begietara, eta begietatik burura… Hozkailua ere beldur izango da, eta dardara egingo du, izan ere bere barnean otsoa egon baitaiteke janari guztia irensten. Eta zer egin norbera etxean bakarrik egon eta otsoa etortzen bada?
Bestalde, istorio xume eta hurbil hau dagokion hizkeran kontatua dago, dagozkion hitzak ditu: esate baterako, hasiera batean Jonas-i bihotza “Taunpa-taunpa” ari zaio, bortitz eta lasterka, baina amaiera aldean, amaren itzulerarekin larrialdia igarotzen denean, “Ttaupa-ttaupa” dabilkio. Hizkera hori bizia da, erritmoduna, egunerokoa, eta narrazio itxurapean badatorkigu ere, asko jasoa du Juan Kruzek hain berea duen poesiatik. Baina narrazioa eta poesia ezezik, modernotasuna eta tradizioa ere ezin hobeki txertatuak daude: gizakia bezain zaharra den sentimendu bat (beldurra, bakardadea), otsoaren presentziak areagotua, eta gaur egungo egoera batera egokitua.
Egokitasunaz ari garela, ezin ahaztuko dugu Mikel Valverderen lan ederra. Orriz orri, testuarekin batera datorren marrazkiak ere indartuagotuz doaz eta egoki baino egokiago sentiarazten digute Jonas-en beldurra: keinuetan, jarreretan, koloretan. Literarioki bitxi baten aurrean gaudela esan daitekeen modu bertsuan, ilustrazioa ere bikain emana dela ziurta daiteke, eta bi elementu hauen arteko emaitza guztiz erakargarria dela.
Euskal Haur eta Gazte Literaturan haur ttikientzako, lehen irakurleentzako originalak urriak izan ohi dira (dela koloreak edizioa garestitzen duelako, dela original gutxi dagoelako), baina egileek liburu honekin urrats garrantzitsu bat eman dute eta bide urratzaile gertatu dira. Bai idazleak bai ilustratzaileak ongi merezia dute aurten jaso duten Euskadi Saria, baina hori baino gehiago irakurriak izatea merezi dute, azken batean horixe baita benetako saria.

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·