Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Bestelako produktuak

atzera

Postal Literarioak

Genero literarioak gailenduz, Postal Literarioak izeneko literatur lan berritzailea kaleratu zuen 2008ko urtearen hasieran Galtzagorri Elkarteak Galdakaoko Udalaren lankidetzarekin. Ahozko literatura eta gaurko literatura idatzia abiapuntutzat harturik, testu labur berriak sortu zituen Yolanda Arrietak Postal Literarioetarako.

Postal Literarioak 12 postal dira, 12 testu, bat hilabete bakoitzeko, eta beti ere bakoitzak hilabete horretako gairen batekin du lotura. Agurrak, desioak, gogoetak, asmakizunak, aho-korapiloak, testu bitxiak edota zorri-ipuinak (ipuin motzak)… dira hauen edukiak. Guztiak karpeta batean bilduta datoz, gutunazal eta guzti. Modu horretan, haurrek bertako testuak eta irudiak ikusi, irakurri eta landu ostean, edonori bidaltzeko aukera ere izango dute.

Diseinuari dagokionez, Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Allende Arnaiz diseinatzaileak urtaro bakoitzeko postalei forma eta kolore bereziak eman zizkieten. Hain zuzen, kolore eta formekin urtaroei egin nahi zaie erreferentzia: negukoek elur maluta itxura dute; udaberrikoek lore forma; udakoek eguzkiaren forma eta udazkenekoek hostoarena.


Galdakaoko Udalarekin lankidetzan plazaratu zen literatur lan berezi hau liburu dendetan izango da salgai datorren hilabetetik aurrera edonork eskuratzeko moduan. 18 euroko salneurria izango du eta Galtzagorriko bazkideek (Galtzagorrira deituz) %20ko beherapena izango dute Postalen karpeta osoa eskuratzeko garaian.

Helburuak

2007ko LETREN LEIHOTIK egitasmoan Egutegi Literarioak sortu zituzten Yolanda Arrietak eta Iñaki Martiarena “Mattin” ilustratzaileak. Izandako arrakasta ikusirik, 2008an ere, Galtzagorri eta Galdakaoko Udalaren arteko elkarlanaren ondorioz, 2008ko LETREN LEIHOTIK egitasmorako euskarri berria sortu zen. Modu honetan, 2008an zehar LETREN LEIHOTIK lemapean egin diren ekintzen euskarri fisikoa izan dira Postal Literarioak. Bertan, euskarak, ilustrazioak eta literaturak bat egiten dutelarik.

Postal literarioen bitartez familia giroan emozioa, estetika, gustua eta irudimena euskaraz ereiteko bide erakargarriak eskaini nahi zaie euskaldun guztiei. Eta bide batez, familiatik komunitaterako sarea eraiki, euskara eta literatura baliatuz. 

Eskaera egin nahi baduzu, sartu behean duzun "eskaera egin" atalean.



eskaera egin
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·