Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

E.H.G. literatura

Haurrentzako liburuak duela mende batzuk sortu baziren ere, euskaraz 1803an idatzi zen lehendabiziko liburua, katexisma bat, eta urtebete beranduago, Bizenta Mogelen Ipui onac alegi liburu ezaguna. Alde horretatik esan dezakegu euskarazko haur eta gazte literatura nahiko berria dela, bi mendeko historia duen literatura.

Baina idatzizko literatura horren ondoan euskal kulturan oso aberatsa den eta aspalditik datorkigun ahozko literatura dugu: ipuin, kanta, esaera, jolas, poemak, hitz jolasak eta abar jasotzen dituen eta helduentzat nahiz haurrentzat zen eta den literatura.

 

 Idatzizkoan, aldiz, egoera oso bestelakoa izan dugu beti euskal letretan, eta haur eta gazte literaturan are murritzagoa izan da produkzio hori duela hamarkada batzuk arte. XIX. mendean zehar bakan batzuk dira haur eta gazteentzat idatziriko liburuak euskaraz, eta horietatik gehienak alegi bildumak. XX. mendean, berriz, hasierako hamarkadetan urrats nabarmenak eman ziren:

     - kanpoko obra ezagunak euskaratzeko (O. Wilde, Grimm, Schmid, Tormeseko itsu-mutila...)

    - euskal tradizioko ipuin bildumak jasotzeko (Supazter chokoan, Ixtorio-Mixterio, Amattoren uzta, e.a.)

    - eta, azkenik, haur nahiz gazteentzako obrak idazteko (Abarrak edo Xabierto bezalako obrak) edo hauek irabazitakoak (Pernando Amezketarra, esaterako).

1936ko gerraren ondoren euskara debekatu egin zen Hego Euskal Herrian, eta harrez gero, egoera politiko eta kulturalak bultzaturik produkzioa are murritzagoa izan zen. Hala ere, garai horretan eman ziren euskal haur eta gazte literaturako obra esanguratsu batzuk, Oxobik idatziriko Haur elhe (1944) haurrentzat lehen poema liburua, Orixek haur txikientzat eginiko Leoi-kumea (1948), edo Jon Etxaidek gazte nahiz helduentzat idatzi eta argitaraturiko liburuak.

Nazioarte mailan haur eta gazte literaturak gero eta garrantzi handiagoa hartzen duen neurrian, Hego Euskal Herrian malgutasun politikoa zabalagoa den neurrian eta batez ere apur-apurka eraikitzen ari den ikastolen mugimenduak bultzaturik haurrentzako liburuak eta aldizkariak argitaratuko dira 60ko hamarkadatik aurrera. Are gehiago, liburuen helburu hezitzailea (politikoki nahiz linguistikoki) alde batera geratzen hasiko da eta lehenbiziko aldiz literaturaren balio estetikoa primatuko da. Azken honen lehen adibide aipagarriak dira Marijan Minaberrik idatziriko Itchulingo anderea... ipuin liburua (1963) eta Xoria Kantari poema liburua (1965).

Gure inguruan ere aldaketak ematen dira, La Galera argitaletxeak eragindako kalitatea, Père Castor-en albumena, IBBY erakundearen sorrera nazioarte mailan... horrek guztiak eta 1975ean Franco hil ondorengo askatasunak ahalbideratu zuten 1980tik aurrera eman den euskal haur eta gazte literaturaren eboluzioa. Izan ere, 1803ko liburu hartatik 1980ra arte argitaratutako liburu guztiak baino gehiago argitaratu baitira azken urte hauetan urtero. 1900. urtetik 1980.era arte 321 liburu argitaratu ziren; 1980.etik 2000.era, berriz, 4.436 liburu. Datu hotz hauen atzean iraultza handi bat ezkutatzen da; ez bakarrik merkatu legeen araberako iraultza (produkzio ugariketa, argitaletxe komertzialen sorrera, irakurle multzo handia,..) baita iraultza literarioa.

 

                       

 

1980ko hamarkadaren hasieran Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga eta Mariasun Landa idazleen obrekin hasten da euskal haur eta gazte literatura modernoa. Gaia, idatz trataera, denboraren erabilera, errealitatea eta fantasiaren arteko nahasketa/oreka, testuen poetikotasuna... literatura berria, modernoa, garaikidea egiten da euskaraz.

 

 Idazleen artean bezala irudigileen artean ere aldaketa nabarmenak gertatu dira. Gaur egun inguruko literaturetan ikusten dugun kalitatea ikus dezakegu euskal irudigileengan ere, eta euskal ilustratzaileen artean ere badira Euskal Herrian eta atzerrian ere ezagunak diren izenak. Besteak beste eta izen batzuk aipatzearren, Mikel Valverde, Asun Balzola, Jokin Mitxelena, Elena Odriozola, Antton Olariaga…

 

                               

 

Galtzagorri Elkarteak, Koldo Mitxelena Kulturunearen laguntzarekin, 2008an euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren panorama osoa biltzen duen "Paperean hegan" izeneko DVDa argitaratu zuen. 

Bertan, EHGLaren historiaren egile esanguratsuenen 13 testu hautatu dira; bestalde, 13 testu hauek Euskal Haur eta Gazte Literaturako ilustratzaile nagusienen lanekin elkartu dira. Testuak beraien testuingurutik atera eta grabatu dituzte EHGLn erabat ezagunak diren ahotsek. EHGLaren historiaren lekukotza paregabea eskaintzen duen DVD honetan beraz, ilustrazioa, ahotsa, testuak eta musika garaikidea ere elkartzen dira, denek batera EHGLaren ikuspuntu berezi bat eskainiz. Hainbat ilustratzaileren lanak ikus daitezke, besteak beste, Elena Odriozola, Jokin Mitxelena, Mikel Valverde, Jon Zabaleta, Eider Eibar, Iñaki Martiarena "Mattin" eta Lorena Martinezenak.

 

 

Jakina, 600.000 edo 700.000 hiztun dituen komunitate batean eginiko literaturak bere mugak ditu, eta txikitasun horretaz kontziente izan behar dugu, baina era berean aldaketa asko gertatu direla jakitun gara, aurrera goazela eta gero eta literatura zainduagoa eta erakargarriagoa egiten ari garela. Etorkizuna kantitatean baino kalitatean baitago, eta alde horretatik esfortzu handia egiten ari da euskal haur eta gazte literatura hobea eta ezaguna izan dadin.


Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·