Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

Bilaketa:

Memoriaren gaiari helduko diote hamaika ilustratzailek MarraziOak X topaketetan

MarraziOak X topaketetan hamaika ilustratzailek hartuko dute parte aurten. Harkaitz Canok eta Ignasi Blanchek gidatuko dituzte aurtengo topaketak eta haiek izan dira aurkeztutako ilustratzaileak hautatu dituztenak bakoitzaren lanak aztertu ondoren. Hauek izan dira hautatuak: Unai Gonzalez, Ainara Altuna, Koldo Balenciaga, Gontzal Gutierrez, Ainara Azpiazu (Axpi), Usue Egia, Concetta Probanza, Anaitz Igoa, Leire Kareaga, Eneritz Ibarra eta Irati Merino.

Udan ere literaturaz gozatzeko aukera

Uztailak uda betean sartu gaitu, eta liburuz betetako udaldia eskaini digu beste behin ere. Oporrak dituenarentzat eta lanean segitzen duenarentzat bidaiatzeko, eta, abentura eta emozio berriak bizitzeko aukera paregabea eskaintzen digu literaturak. Baina nondik hasi? Erantzunik ez baduzu, hemen dituzu Euskal Herriko hainbat liburutegiren aurtengo udarako proposamenak. Eta horiekin aski ez baduzu, gure web guneko Dokumentazio gunean bildu ditugun irakurketa gidak kontsultatu eta hasi gozatzen!

Asiako bi ilustrazio lehiaketetara lanak aurkezteko aukera

Ilustrazio lehiaketa biren deialdiak datoz Asiatik. Hego Koreako Nami irlako Nami Lehiaketa da bat eta bestea Txinako Nazioarteko Haur Liburuaren Azokak antolatutako Golden Pinwheel Young Illustrators delakoa; lehenengoa kontsakratutako ilustratzaileei zuzenduta dago nonbait, bigarrena ilustratzaile gazteei.

Lampedusako IBBY-ren kanpalekua urriaren 29tik azaroaren 3ra izango da

Silent books. From the world to Lampedusa and Back kanpalekua edo Liburu Mutuak. Mundutik Lampedusara eta handik mundura izeneko kanpalekuak antolatu ditu aurtengoan ere IBBY-ren (Nazioarteko Haur eta Gazte literaturaren erakundea) Italiako adarrak. Kanpalekuak urriaren 29tik azaroaren 3ra izango dira, Lampedusa irlan, Italian.

Galtzagorriko Ibon Egaņak aurkezpen bat egingo du eta Harkaitz Canok diploma jasoko du aurtengo udan Atenasen egingo duten IBBYko kongresuan

Ez da kasualitatea aurten Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Erakundeak egingo duen bilkurarako Greziako hiriburu den Atenas aukeratu izana. Where the East meets the West titulua jarri diote datorren bilkurari, alegia, Mendebaldeak Ekialdearekin bat egiten duen lekua, eta Atenas, zalantzarik gabe, toki hori izan daiteke. Kongresua abuztuaren 30etik irailaren 1era egingo dute. Biltzarrean parte hartuko du Galtzagorriko Ibon Egaña Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak eta Harkaitz Cano euskal idazlea ere han izango da, Galtzagorrik proposatuta, Zer demontre dago aulkien azpian (Pamiela, 2016) bere liburua IBBY Ohorezko Zerrendarako aukeratua izan delako. Biak ala biak Etxepare Institutuak emandako laguntzari esker joango dira Atenasera.

Liburu altxor-ibiltariak Galtzagorriko egoitzara itzuli dira

Galtzagorri elkartearen bokazioa haurren eta gaztetxoen artean irakurtzeko zaletasuna hauspotzea da. Liburuen Altxorra (Gipuzkoa) nahiz Liburu Ibiltariak (Bizkaia) proiektuak Galtzagorriren egitasmo aitzindariak dira. Hain zuzen, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola txikietara eramaten dituzten liburutegi mugikorrak dira. Guztira, 2017/2018 ikasturtean, euskarazko 1.300 liburu ibili dira eskolaz eskola. Orain, ikasturtea amaitu berri den honetan, liburu kutxak Galtzagorriko egoitzara itzuli dira. Kutxak hustu, atondu, liburu kaltetuak ordezkatu, eta berriro liburu altxorrez beteko dituzte datorren ikasturtean errepidera ateratzeko prest egon daitezen.

Gazte literaturaren festa Frantzia osoan barrena

Partir en livre edo, euskaraz esanda, Liburutik abiatuta izeneko egitasmoa egiten ari dira Frantzian egunotan. Uztailaren 22ra arte, haur eta gazte literatur aleak ohiko apalategietatik ateratzen ari dira, eta haien bueltan animazio ekintza ugari antolatzen ere bai estatuko hamaika tokietan aldi berean. Frantziako Kultura ministerioak babestutako jardueraren laugarren ekitaldia da aurtengoa. Antolatzailea Liburuaren Zentro Nazionala da, Liburuaren eta prentsa gaztearen Seine-Saint-Deniseko Saloiaren parte hartzearekin.

Amattoren Uzta app-a prest

Klis-klasikoak app bildumako hirugarren app-a sortu du Galtzagorri Elkarteak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin eta Erein argitaletxearen eta Orona Fundazioaren babesarekin: “Amattoren Uzta app”a, hain zuzen. App berri honetan transmedia kontakizunetara salto egin dugu: “Amattoren Uzta” liburuan bildutako 15 istorio tradizionaletako batzuei bizia eman diegu app-an; abentura grafiko jolasa bihurtu dugu horietako bat, 360 graduko diseinua eman diogu beste bati, irakurlea istorioan bertan sar dadin, eta animazioa eta interaktibitatea eskaini diegu guztiei. Aldi berean, istorio tradizional hauek entzuteko parada izango du irakurleak. Gainera, app berri honi lotuta, lehendabiziko transmedia irakurketa kluba burutuko da datorren uztailean Orona Fundazioaren egoitzan, Orona Ideon (Hernani, Galarreta). Honen helburua 8-12 urte bitarteko gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzea eta literatura dibertsioarekin lotzea da. Horretarako, artea, irakurketa, ahozkotasuna, app-ak eta programazio informatikoa uztartuko dira klub honen baitan.

“Irakurtzera bultzatzeko estrategiez” arituko dira Galtzagorriko Ibon Egaņa eta Intza Alkain EHUko Udako Ikastaroetan

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatzen dituen Udako Ikastaroetan maiz aritzen dira Galtzagorriko kideak nor bere diziplinan; Galtzagorri elkarteak ikastaroak ere antolatu izan ditu beste kide batzuekin elkarlanean. Aurten, Galtzagorri elkarteari ikastaro batean zuzenean parte hartu dezan eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Hain zuzen, “Irakurtzera bultzatzeko estrategiak” hitzaldia egingo dute Galtzagorriko Ibon Egañak eta Intza Alkainek Irakurketa plana ikastetxean: irakurri ikasteko, irakurri gozatzeko ikastaroan. Ikastaroa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatu eta zuzenduko du Bizkaiko Berritzegune Nagusiaren bitartez; Maria Victoria Apraiz eta Iratxe Renteria dira zuzendariak.

MarraziOak X: Uztailaren 13ra luzatu dugu izen-emate epea!

MarraziOak X topaketetan parte hartzeko izen-emate epea beste astebetez luzatu dugu. UZTAILAREN 13a izango da dokumentazioa aurkezteko azken eguna. Hau da Harkaitz Cano eta Ignasi Blancek eskainiko duten lantegian parte hartzeko azken aukera. Irakurri oinarriak eta oraindik ez baduzu egin, bidali zure lana! Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie aukeratuak diren 12 laguni.

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·