Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

2018ko Andersen eta Astrid Lindgren Sarien irabazleen izenak eman dituzte jakitera Boloniako Azokan

Eiko Kanodo idazle japoniarra eta Igor Oleynikov ilustratzaile errusiarra izan dira aurtengo Hans Christian Andersen sarien irabazleak. Haur eta gazte literaturaren “Nobel txikia” bezala ezagutzen den sari honen bidez euren obra osoaz haur eta gazte literaturari ekarpen garrantzitsua egin dioten idazle eta ilustratzaileei euren lanaren errekonozimendua eskaini nahi die IBBYk; ibilbide oso bat saritzen du beraz.

Eiko Kanodo japoniarra Tokion jaio zen 1935ean. 200 lan baino gehiago argitaratu ditu, horien artean albumak, haurrentzako liburuak, gaztei zuzendutako eleberriak eta ipuinen antologiak. Itzultzaile lanak ere egin izan ditu, atzerriko idazleen 100 testutik gora itzuli ditu japonierara. Epaimahaiaren iritziz “bere liburuak irekitzea mundu ezberdinetara garamatzaten ateak zabaltzea da. Eiko Kanodo berritzailea da, bakarra, freskoa eta batzuetan, aztoragarria. Bere lana adin ezberdinetako irakurleei zuzendua dago. Imajinazio eta onomatopeiaz beteriko lengoaia erabiltzen du. Umoreak eta nerabeen sentimenduei begiratzeko erraztasunak, kalitatea eta literatura ulergarria ezin hobeto uztartzen dituen egile bilakatzen du”.

I. Oleynikov errusiarra Moskun jaio zen 1953an. Animazioaren esparruan lan egiten du eta egile emankorra da. “Bere ilustrazioak oso dinamikoak dira eta askotan erabiltzen dituen testurek zinema ekartzen digute gogora” diote epaimahaikideek haren lanaren inguruan. Haur eta gazte literaturako 80 liburu baino gehiago ilustratu ditu, haur literaturako klasikoak barne.

Saridunen izenak astelehen honetan, martxoak 26, eman ziren jakitera Haur eta Gazte Liburuaren Boloniako Azokan. Oleynikovek eta Kanodok datorren abuztuaren bukaeran Atenasen burutuko den IBBYren Nazioarteko Biltzarrean jasoko dute saria.

Jacqueline Woodson, Astrid Lindgren Saria

Martxoaren 27an berriz, 2018ko Astrid Lindgren Memorial Award sariaren irabazlea eman da aditzera. Pipi Kaltzaluze klasikoaren egilearen omenez Suediako gobernuak urtero eskaintzen du sari hau. Aurtengoan, Jacqueline Woodson (Ohio, 1963) idazle estatu batuarra izan da garaile. Epaimahaiaren iritziz “egileak gazte kementsuak aurkezten ditu bere lanetan, haien tokia aurkitzeko borroka egiten duten gazteak. Istorio aberats eta sakonak kontatzen ditu airea bezain arina den lengoaia erabiliz.”

Sari honen bidez, Suediako Gobernuak Astrid Anna Emilia Ericsson (Astrid Lindgren) idazlearen oroimenez Haur eta Gazte Literatura sustatzeko lan egin duten mundu osoko profesionalak eta erakundeak saritzen ditu 2003. urtetik: bizirik dauden idazleak, ilustratzaileak, kontalariak eta irakurketa sustatzen lan egin egiten duten erakundeak.

Horien artean izan da aurten ere Elena Odriozola ilustratzailea, 2009ko eta 2013ko Euskadi Saria, 2015eko Espainiako Sari Nazionala eta Galtzagorri Elkarteko bazkidea. Odriozolaz gain, Espainiako hautagai zen sari honetarako, Alfredo Gómez Cerdá.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·