Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

25 ikastetxek eta 3.000 gaztek baino gehiagok hartuko dute parte ikasturte honetako book trailer lehiaketan

Abian da Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketaren 7. edizioa. Aurten 25 ikastetxek eman dute izena lehiaketan eta, guztira, 3.054 ikasle ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten datozen hilabeteetan. Egitasmo hau Galtzagorri elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Honen helburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako teknologia berriak erabiliz.

 

Lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Ikastetxetatik kanpo Norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan. Eta honetan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute azken eguna baino lehen (2019ko martxoaren 8a) book trailerra web gunera igotzea. Oinarrietan dago zehatz mehatz azalduta.

 

Book trailerrak egiteko edizio tekniken inguruko formazioa irakasleentzat

Urtero bezala, egitasmoan parte hartzen duten irakasleentzako formazio saioa eskainiko du Galtzagorri elkarteak ikasturte hasieran. Aurtengoan, book trailerrak egiteko bideoak editatzeko tekniketan sakonduko dugu. Honetarako, Zazpi T’erdi ekoiztetxeko kideek hiru ordu eta erdiko ikastaro praktikoa eskainiko dute, urriaren 19an, goizez, Lasarte-Oriako berritzegunean, non ikasleekin book trailerrak burutzeko erabili ditzaketen edizio programa eta teknika ezberdinak aurkeztuko dizkieten.

 

Sariak

Lehiaketaren zazpigarren edizioa da hau eta iaz bezala egingo da: sariak epaimahai batek erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

 

- IKASTETXEKA:

DBH1- DBH2: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

DBH3-DBH4: sari bakarra, abentura txangoa lau lagunentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

- NORBANAKOKA: Abentura txangoa bi lagunentzat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 

- PUBLIKOAREN SARIA ere izango dugu:

. Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

.Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

 

- Publikoaren sarian BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

 

Gainera, 2018-2019 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute. Hain zuzen ere, aurtengo spot-a iazko edizioan sari hori irabazi zuen Nuestra Señora de Aranzazu ikastetxeko ikasleek burutu dute.

 

Liburu hautatuak

Ikasturte honetako Liburu Gaztea Lehiaketarako irakurgaiak dagoeneko web gunean daude. 2017an euskaraz gazteentzat argitaratu zen guztia irakurri ostean, honakoa da Liburu Gazteako irakurketa batzordeak hautatutako liburuen zerrenda mailaz maila:

DBH 1 eta 2 (12-14 urte):

- Limoiondoaren loreak. Lur Gallastegi / Susana Martin. Elkar, 2017

- Jessikaren itzala. Andrew Norriss. Desclee, 2017

 

DBH 3 eta 4 (14-16 urte):

- Santa familia. Eider Rodriguez / Julen Rivas. Ikastolen elkartea, 2017

- Efektu bereziak. Jordi Sierra i Fabra. Ibaizabal, 2017

 

Hortaz, DBHko ziklo bakoitzerako iaz argitaratutako bina liburu proposatu zaizkie ikastetxeei irakurgai moduan. Horrez gain, orain arte bezala, Ezinbestekoen zerrendatik ere hartu ahal izango da irakurgaia, maila bakoitzak ikasleen adinari dagokion libururen bat hautatu ahal izango du zerrenda horretatik.

Ezinbestekoen zerrenda, literatur aditu zenbaitek osatutakoa da, gazteentzat orain arte euskaraz argitaratu diren libururik gomendagarrienak biltzen dituena. Beraz, parte hartzaileek nobedadeen artean edo betiko irakurgai onenen artean egin ahal izango dute irakurgaien hautua.

 

Iazko marka guztiak hautsi eta orain arteko book trailerrik onenak jasotzeko gogoz gaude, beraz, ANIMATU ETA PARTE HARTU!!

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·