Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Ainara Azpiazu Aduriz eta Paula EstÚvez Del Diego egileek irabazi dute 2017ko Etxepare saria ARRAROA albumarekin

Estereotipoak alboratuz

Arraroa albumaren protagonista den neskatoak hamabi egoera bitxi aurkezten dizkigu eta modu sinple bezain grafikoan egiten du auzokide bakoitzaren argazkia, biñeta gisa, topikoei ihesi, eta benetako errealitatea agerian utziz. Asun Agiriano, Maite Gurrutxaga eta Yolanda Arrietak osatutako epaimahaiak honakoak azpimarratu ditu Azpiazu eta Estevezen lanaren inguruan: “Egileek modu bikainean elkartu dituztela hitza eta irudia. Testuaren bidez egoerak aurkeztu ahala, irudien bidez egoera horiek bizia hartzen dute, umorea lagun eta detaileei arreta jarrita. Hizkuntza biek originaltasuna, indarra eta askatasuna erakusten dute. Arraroa lan ausarta eta grafikoki interesgarria da. Album ilustratuaren definizioari trebeki heltzen dio, testua irudiaren bidez osatzen delarik, eta baita alderantziz ere”.

 

Irabazleak

Irabazleek 5.000 euroko saria jasoko dute, eta, horrez gain, Pamiela argitaletxeak argitaratuko du albuma euskaraz 2017ko udazkenean.

 

Ainara Azpiazu Aduriz (Axpi), Hernanin jaioa, marrazkilaria da. Soziologia lehenengo eta gero Arte Ederrak ikasi zituen EHUn eta 2007tik aurrera ilustraziogintza, komikigintza, horma-irudigintza eta ume eta gazteekin tailerrak egitetik bizi da. Besteak beste, Berria, Hernaniko Kronika, Irrien lagunak eta Gararen Zazpika gehigarrian kaleratu ditu binetak.

Ilustratzaile gisa hainbat liburu eta argitalpen plazaratu ditu dagoeneko. Azkenen artean daude Nahla (Ibaizabal), Printzesa Pixontzia (Elkar), Hartz izozkijalea (Minis) edo Mozoloaren bidea (Dobera).

 

Paula Estévez Del Diego, Donostian jaioa, komiki marrazkilari eta ilustratzailea da. Argazkigintza eta ikus-entzunezkoetan espezializatutako Arte Eder ikasketak amaitu ondoren, Berlinera joan zen bizitzera, non marrazketa berreskuratu zuen, txikitako grina.

Ordutik bere lana komiki, ilustrazio eta animaziora zuzendu du, autoedizioan indar berezia ipiniz. Donostiara itzultzean, Mikel Larraioz eta Maite Caballero marrazkilariekin batera, Guillotina sortu zuen, Donostiako lehen Autoedizio Topaketa. 2011tik hona autoeditatutako sei argitalpen egin ditu eta aldizkari eta fanzine ezberdinetan ikus daiteke bere lana: Gaztezulo, Hijos Acabados, Berlin Scrawling, So International Zine, besteak beste.

 

Antolatzaileak

Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Saria 2004an sortu zen. Gaur egun Nafarroako 20 toki-entitateetako Euskara Zerbitzuek antolatzen dute: Agoizko Udala, Antsoaingo Udala, Atarrabiako Udala, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Burlatako UdalaEsteribarko Udala, Garesko Udala, Irantzu Mankomunitatea, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Tafallako Udala, Uharteko Udala, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak, Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua. Pamiela argitaletxea dute laguntzaile.

Etxepare Sariaren eta Galtzagorri Elkartearen arteko kolaborazioa

Galtzagorri Elkarteak urteak daramatza Etxepare Sariaren antolatzaileekin kolaboratzen euskarazko album ilustratuen sorkuntza eta ezagutza sustatu nahian. Besteak beste, album ilustratuen ezagutza zabaltzeko asmoz hainbat ekintza antolatzen ditu sariaren antolatzaile diren herrietan.

Bestalde, 2017ko martxoan lehen aldiz, Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez, Biko-Teka tailerra burutu zuen Galtzagorri Elkarteak. Iruñeko Udalak babestuta, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso irakasle izan zituzten hiru egunetan zehar haurrentzako album ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartu zuten zortzi bikoteek. Bikote horietako bat zen Axpik eta Paula Estevezek osatutakoa, eta bertan ekin zioten Etxepare sarian irabazle suertatu den “Arraroa” albuma sortzeari.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·