Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

“Aurretik ondoren” liburua hautatu du Zailtasun Bereziak dituzten Haurrentzako IBBYren Dokumentazio Zentroak 2017ko katalogorako

IBBYk Ttarttalo argitaletxeak 2014an argitaratutako “Aurretik ondoren” liburua hautatu du Outstanding books for young people with disabilities  izeneko 2017ko liburuen katalogorako. Galtzagorri Elkarteak, OEPLIren bitartez, proposatutako Euskal Haur eta Gazte Literaturako liburu hau IBBYren Zailtasun Bereziak dituzten Haurrentzako Dokumentazio Zentroak bi urtez behin egiten duen bildumaren baitan joango da beraz. Liburu hori  2016an Mikel Ayerbek Galtzagorri Elkartearentzat egindako EHGLko Ezinbestekoen zerrendan ere ageri da, 4 urtetik gorako haurrentzat gomendatua. Eta, Imanol Mercero Galtzagorri Elkarteko irakurketa mintegiko koordinatzaileak lan horri buruz Berria egunkarian egindako kritika ere jasotzen du www.galtzagorri.eus-eko Dokumentazio-guneko "Literatur kritikak" atalak.

Liburu horrekin batera, OEPLIk proposatutako" El soldadito de plomo" (Ed. La Topera, 2016) lana ere hautatu du IBBYren Dokumentazio zentro honek. Minusbaliotasunen bat edo disgaitasunen bat duten haurrei bideratutako 2017ko liburuen katalogo osoa Boloniako Azokan erakutsi eta emango da jakitera, eta helbide honetan kontsultatzeko aukera izango da ordutik aurrera.

 

Bi urtez behin egiten du IBBYren Zailtasun Bereziak dituzten Haurrentzako Dokumentazio Zentroak liburuen bilduma. Horretarako, mundu osoko IBBYren atalek izenburuak proposatzen dituzte. Bilduma hori ezaugarri hauek dituzten liburuek osatu ohi dute: formatu berezia duten liburuek (braille, zeinuen hizkuntza, ukitzeko liburuak…); formatu berezia ez duten baina adin, maila eta trebetasun maila ezberdinei bideratutakoak (kontzeptu liburuak, testu sinplea dutenak, hizki handiz idatzitakoak eta irudi disdiratsuak dituztenak); eta minusbaliotasunen bat duten pertsonaiak dituzten liburu ilustratuak edo nobelak.

 

OEPLIk, IBBYren Espainiako atala den neurrian, bi urtez behin IBBYri liburuak proposatzeko aukera du, eta, beraz, 2016an, Galtzagorri Elkarteak bi izenburu proposatu zizkion Euskarazko Haur eta Gazte Literaturatik hautatuak. Anne-Margot Ramsteinek eta Matthias Arreguik sortu eta 2013an Albin Michel Jeunesse argitaletxe frantziarrak argitaratutako “Avant Aprés” liburuaren euskarazko bertsioa den “Aurretik ondoren” (Ttarttalo, 2014) eta Miguel Gallardok idatzi eta ilustratu eta Bego Montoriok itzulitako “Mariak 20 urte bete ditu” (Astiberri, 2015) lana. Horietako lehenengoa izan da aukeratua 2017ko bildumarako.

 

Erreferentziazko dokumentazio zentroa

Outstanding books for young people with disabilities izeneko bilduma bi urtez behin egiten du IBBYren Zailtasun Bereziak dituzten Haurrentzako Dokumentazio Zentroak eta, ondoren, bilduma hori azoka zein erakusketetan erakusten du. Modu honetan, erreferentziazko Dokumentazio Zentroa osatzen dabil, behar bereziak dituzten haurrekin lan egiten duten irakasle, ikerlari, bibliotekari, autore, editore eta abarrek dituzten informazio, kontsulta eta dokumentazio beharrak asetzen ditu.

 

Outstanding books for young people with disabilities Center 1985ean sortu zen. UNESCOren, hainbat argitaletxeren eta IBBYren kideen babesa du. Zentro horrek haur eta gazteentzako funts handia biltzen du, baita hizkuntza eta irakurmenerako zailtasunak dituzten helduentzako liburuak ere. Eta bere liburuak biltzar, liburu azoka eta bestelako ekimenetan erakusten dira.

 

Euskarazko lanez gain, 2017ko bildumarako, honako izenburuak proposatu ditu OEPLIk: "Limón" (Kalandraka); "Desde los ojos de Lucas" (A Buen paso); "Mil orejas" (Libros del Zorro Rojo): "Els Arrugats, quina troballa més dolça" (La Galera); "El nen que volia matar" (La Galera); "Inseparables" (Tramuntana); "As catro estacións" (Kalandraka); "As palabras poden matar" (Xerais); eta "De cristal" (Xerais).

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·