Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Beste bi aretoen txanda, Literatur aretoen Bigarren Zirkuituan

Lau Literatur areto ari da eramaten Galtzagorri elkartea Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin Gipuzkoako beste hainbeste herritara Gipuzkoako Haur Literatur Aretoen Bigarren Zirkuituaren baitan. Hernanin izan da “Aliziaren burutazio miresgarriak” eta Tolosan “Itsaspeko Bihotzak” aretoa. Abenduan beste bi areto paratuko dira eta hauetan saio gidatuak egin: Errenterian izango da abenduaren 11tik 20ra “Adur adur, ez naiz zure beldur" aretoa eta Oñatin abenduaren 10etik 14ra "Labirintoaren erbestean" aretoa. Guztira, bigarren aldiz Galtzagorri elkarteak egiten duen Jolas eginez irakurzaletu aretoen zirkuituaren saioez 8 eta 14 urteko 1.000 gaztetxotik gora gozatuko dute.

Aretoak literatur jolasak dira non haurren nahiz gaztetxoen parte hartze aktiboa beharrezkoa den. Arte diziplina ezberdinak barne biltzen dituzte aretoek, hala nola musika, pintura, diseinua, ikus-entzunezkoa, antzerkia edota animazioa. Euskarazko haur eta gazte literatura baliatuta, areto bakoitzak gai zehatz bat lantzen du. Oraingoan Galtzagorrik biran jarri dituen aretoen gaiak dibertsioa eta umorea, hezkidetza, beldurra eta abentura dira. Helburuak euskarazko literatura suspertzea eta gaztetxoengan irakurtzeko zaletasunaren arra errotzea dira.

Bigarren urtea da Jolas eginez irakurzaletu goiburupean Galtzagorrik aretoen zirkuitua Gipuzkoan barrena eramaten duela, beti ere Gipuzkoako Aldundiaren eta herrietako udalen babesari esker. Iaz 1.250 haurrek parte hartu zuten zirkuituan egin ziren 41 dinamizazio saioetan. Aurtengoan, Tolosan hasi zen aretoen bira, bertan, "Itsaspeko bihotzak" aretoaren saio gidatuak egin ziren. Ondoren, Hernanin inauguratu zen “Aliziaren burutazio miresgarriak” areto berria.

Abenduaren 10ean Oñatin hasiko dira "Labirintoaren erbestean" aretoaren saioak. Iniziazio-bidaia bat da labirintoa. Barrura eta kanpora doan bidaia. Finean, abenturazko esperientzia bat eskainiko diete parte hartuko duten haurrei eta gazteei. Aretoaren dinamikak Itziar Zubizarretak sortu eta zuzendu ditu eta labirintoa Aitziber Alonsok eta Miren Gonzalezek sortutakoa da. Oñatiko liburutegian, abenduaren 10etik 14ra, aretoaz gozatu ahal izango dute haurrek eta gaztetxoek. Izan ere, aurten, berrikuntza gisa, Labirintoaren erbestean aretoan 12tik 14 urte arteko gaztetxoentzat saio berriak eskainiko dituzte.

 

Ondoren, abenduaren 11n, paratuko da "Adur adur, ez naiz zure beldur" aretoa Errenteriko liburutegian. Juan Kruz Igerabideren Jonas eta hozkailubeldurtia (Aizkorri, 1999) ipuina da aretoaren oinarria. Euskadi Saria jaso zuen Igerabidek, izan ere ipuinak ezin hobeto jasotzen du beldurraren emozioa. Liburu hartan oinarriturik Itziar Zubizarretak sortu eta zuzendu eta Aitziber Alonsok diseinatutako areto honetan beldurraren emozioa lantzen da. Horretarako, Jonas-en ipuinean agertzen den sukaldea sortu zuen Galtzagorrik. Haurrek beldurra ematen duten pertsonaiekin egingo dute topo sukalde horretan, hots ikaragarriak entzungo dituzte eta gauza nazkagarriak ukitu. Horrez gain, beldurrari lotutako hainbat liburu ikusi eta irakurtzeko parada eskaintzen zaie. Abenduaren 11tik 20ra egongo da Errenteriako liburutegian. Bestalde, areto hau zabalik izango da arratsaldez. Hortaz, arratsaldez, areto hau bakarka ikusteko parada izango du hala nahi duenak.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·