Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Dani Martirenak eta Ana Ibaņezek irabazi dute 2018ko Etxepare Saria "Cosimoren Katiuskak" album ilustratuarekin

Edertasunaz ari den album ilustratuak irabazi du aurtengo Etxepare Saria. Ana Ibañez ilustratzaileak eta Dani Martiarena idazleak sortutako Cosimoren Katiuskak albumean Cosimo haurrak zuhaitz batean etxola eraiki du eta handik goitik ikusten du mundua. Italo Calvino (1923-1985) idazle italiarraren Il barone rampante (1957an argitaratua) eleberria oinarri hartu dute egileek eta gaurkotu. Cosimo haurrari baliabide berriak eman dizkiote eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dute Ibañezek eta Martiarenak.

 

Leire Bilbao idazleak, Leire Salaberria ilustratzaileak eta Asun Agiriano haur bibliotekariak osatu dute epaimahaia eta hemeretzi lanen artean aukeratu dute Cosimoren katiuskak. Epaimahaiko kideek adierazi dutenez, “liburu indartsua da, bai testuan baita ilustrazioan ere, aberatsak dira bi lengoaiak. Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazleen eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duena”.

 

Cosimoren Katiuskak Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz 2018ko udazkenean eta egileek 5.000 euroko saria jasoko dute egile eskubideen aurrerapen moduan.

 

Biko-Tekan sortutako hazia irabazle aurten ere

Martiarenak eta Ibañezek Galtzagorri elkarteak Iruiñeako Udalarekin elkarlanean antolatzen duen Biko-Teka tailerraren bigarren ekitaldian parte hartu zuten, iaz. Etxepare Sariko antolatzaileen ekimenez sortutako tailerra da, zeina haurrentzako euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izateko sortu zuten. Helburua da tailerraren amaieran parte hartzen duten bikoteek album ilustratu baten proiektua abian jartzea. Lortzen ari gara. Izan ere, orain bi urteko tailerrean parte hartu zuten bikoteetako batek –Ainara Azpiazu Axpi eta Paula Estevez– irabazi zuen 2017ko Etxepare Saria. Aurten, halaber, Martiarenak eta Ibañezek irabazi dute eta bikoteak iazko tailerrean parte hartu zuen. Areago, Cosimoren Katiuskak albumaren sorkuntzaren lehenengo urratsak Biko-Tekan eman zituzten. Horrenbestez, Galtzagorrik eta Iruñeko Udalak elkarlanean antolatzen duten Biko-Teka tailerrean ereindako hazien uzta jasotzen ari dira jada sortzaileak eta antolatzaileak.

 

Irabazleen biografiak

Dani Martiarena Legasan (Nafarroa) jaio zen eta kazetaria da ogibidez. Egun Euskal Irrati Telebistako albistegietako erredaktore lanetan dabil, eta esan liteke hango ahots poetikoenetakoa dela. Literaturaren eremuan, hango eta hemengo lehiaketetan saritu izan dituzte bere lanak. Besteak beste, Basauriko (Bizkaia) Euskarabila elkarteak antolatutako ipuin erotikoen lehiaketan eta Iruñeko Udalak egile berrientzat antolatzen duen literatura lehiaketan. Baditu bestelako argitalpenak, hala beste idazleekin batera argitaraturako bildumetan nola auto-ekoitzitakoak.

 

Ana Ibañez Iruñean (Nafarroa) jaioa da eta Arte Ederretan lizentziatu zen eskulturaren alorrean. Grabatu eta estanpazio teknikak ikasi zituen Iruñeko Arte Eskolan. Zenbait taldekako erakusketatan parte hartu du, norbanako erakusketak ere egin ditu. Sariak eta bekak jaso ditu, tartean, Iruñeko eskulturako 2. saria eta pinturako 3. saria Iruñeko Gazte Sarien XIV. Deialdian.

 

Bi sortzaileak, aurretik, Hankaz gora du amak mundua eta Jonek Jone izan nahi du album ilustratuak argitaratu dituzte elkarrekin auto-ekoizpenaren bidetik.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·