Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Danimaizen txanda da abendura arte Ilustratzailearen Txokoan

Donostiako Aieteko Ilustratzailearen Txokoan Danimaizen erakusketa inauguratu berri da. Abenduaren 10era arte egongo da zabalik Aieteko kultur etxean ilustratzaile basauriarraren sorkuntza lanek osaturiko erakusketa. Galtzagorri Elkarteak Donostia Kulturarekin batera sortutako proiektua da Aieteko Ilustratzailearen Txokoa. 2012ko urrian inauguratu zenetik, ilustratzaile ugarik jarri dituzte ikusgai euren lanak bertan. Danimaiz-en erakusketarekin, 20 ilustratzailek hartu dute Txokoa bost urte hauetan. Ilustratzaileen lana jendartean ezagutarazteko xedea du Txokoak.

 

Aieteko Kultur Etxean prestatutako Txokoan, Danimaiz ilustratzailearen (Dani Martin, Basauri, 1979) lanaren lagin bat paratu da: liburuetako ilustrazioak, kartelak eta posterrak, publizitate alorrean egindako irudiak, prentsako kolaborazioetan egindakoak eta bere obrari buruzko bideo bat ikus daitezke.

 

Danimaiz Arte aplikatuetan eta diseinuan Goi mailako teknikaria da (Gasteizko Arte Eskolan Graduatua, EASD-ADGE, 2000. urtean), Ilustrazioaren espezialitatean. Komikigile eta marrazki egile gisa hasi zen lanean. Baina gero, ilustrazioaren mundura lerratu zen.

 

 

Ilustratzaile, diseinatzaile, komikigile

Ilustratzaile polifazetikoa da Danimaiz. Urte askoan irudigintzaren, publizitatearen eta diseinuaren munduan egin du lan. Egun, ilustratzaile profesional freelance-a da. Denbora librean, komikigilea ere bai.

 

Haur Literaturaren alorrean, gutxienez, hiru izenburu ilustratu ditu: “Munstroaren hamaika aurpegi” (Seve Calleja, Desclee 2010); “Astebeteko kontuak” (Yolanda Arrieta, Aizkorri 2005) eta “Barre egiteko makina” (Ana Urkiza, Aizkorri, 2005). Baina irudigintzaren alorrean erakunde eta elkarte ugarirentzat egin izan du lan.

 

Erakusketa andana eginak ditu, bakarka zein taldean. Hainbat forotan hizlari eta sarietan epaimahaikide, urte askoan Euskal Irudigileak-Asociación Profesional de Ilustradores de Euskadi Elkarteko lehendakari izan zen. Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteko zuzendaritzako kide ere izan zen hainbat urtez.

 

Orain gutxi, New Yorken egin du bolada luze bat, bertan publizitate alorrean nahiz diskoetxeentzat diskoen azalak ilustratzen egin du lan nagusiki. Egun, Berlinen bizi da.

 

Ilustratzailearen Txokoaren ordutegia hauxe da:

 

-Asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era.

-Larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara.

-Igandeetan 10:00etatik 14:00etara.

-Astelehen eta jai egunetan itxita.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·