Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

Bilaketa:

Irakurzaletasuna sustatzeko lantegi praktikoak eskainiko dizkie Galtzagorrik EAEko irakasleei Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak eta Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak proiektu berri bat aurkeztu dute haur eta gazteen artean irakurzaletasuna euskaraz sustatzeko. Ekimen honen bitartez Galtzagorri Elkarteko profesionalak Euskadiko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zentroetara joango dira, irakasleei lantegi praktikoak eskaintzera. Gurditxo batean Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 40 liburu inguru eramango dituzte eta hauen bidez landu ditzaketen estrategiez mintzatuko zaizkie irakasleei, hauek haur eta gazteen irakurketaren bitartekari eraginkorrak eta motibatuak bihurtuz.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Iñaki Markotegi Galtzagorri Elkarteko Lehendakariak eta Castillo Suarez idazle eta Galtzagorriko kideak aurkeztu dute proiektu berri hau, Donostiako Haur Liburutegi Nagusian.

2018ko BIKO-TEKA haurrentzako liburu ilustratuetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrean parte hartzeko azken egunak

BIKO
TEKA izeneko Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerraren 2018ko edizioa lau egun eta erdiz garatuko da. Urtarrilaren 15ean bukatuko da Galtzagorri Elkarteak Iruñeko Udalarekin lankidetzan burutuko duen BIKO-TEKA tailerrean parte hartu ahal izateko dokumentazioa bidaltzeko epea. Tailerra Iruñeko Descalzos Kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan gauzatuko da urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra. Bigarren urtean, lau egun eta erdiz burutuko da eta haurrentzako liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu eta marraztu lantzeaz gain, hau nola argitaratu ere jorratuko dute parte hartzeko hautatuak izango diren idazle eta ilustratzaileek osatutako 8 bikoteek. Ekimen hau Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren laguntzari esker burutuko da.

Klis-Klasikoak liburu eta app bildumei eskainitako atal berria www.galtzagorri.eus-en

Klasiko unibertsalak eta euskarazko literaturako obra kanonikoak biltzen dituen Galtzagorri Elkartearen Klis-klasikoak liburu-bildumaren app-bilduma sortu genuen 2014an. App-bilduma hori Maria Goikoak batbirulau! aplikazioarekin batera jarri genuen martxan eta harrera ezin hobea izan zuen; GipuzkoAPP’s 2015 Lehiaketako sari nagusia ere irabazi zuen. 2016an, Klis-klasikoak app bildumaren 2. App-a sortu genuen: Txan fantasma app-a hain zuzen.

Bada, bie,i Klis-klasikoak liburu bildumari nahiz app-bildumari eskainitako atal berria sortu dugu www.galtzagorri.eus-en. Bertan liburu bildumari buruzko azalpenak eta app-etarako sarbide zuzenak zintzilikatu ditugu, besteak beste.

Lorena Martinezen lanak ikusgai aurtengo azken Ilustratzaileen Txokoan

Lorena Martinez Oronoz ilustratzaile irundarraren lanak daude ikusgai martxoaren 11 arte Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan. 2012ko urrian Aiete Kultur Etxeak eta Galtzagorri Elkarteak Ilustratzailearen Txokoa izeneko “erakusketa” formatu berezi hau abiatu zutenetik ez du geldialdirik izan: Martinez Oronozekin, guztira, 21 ilustratzaileren lanak, inspirazio objektuak, lan-tresnak… ikusi ahal izan dituzte bertaratutakoek.

Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra urtarrilean bigarren aldiz

BIKO
TEKA izeneko Liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerraren 2018ko edizioa Iruñeko Descalzos Kaleko Igogailuaren ondoko udal aretoan gauzatuko da urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra. Bigarren urtean, tailerra berrikuntzekin dator: lau egun eta erdiz burutuko da oraingoan, eta haurrentzako liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu eta marraztu lantzeaz gain, hau nola argitaratu ere jorratuko dute parte hartzeko hautatuak izango diren idazle eta ilustratzaileek. Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak Iruñeko Udalaren lankidetzarekin bigarrenez antolatu duen tailer intentsibo honetan gehienez 8 bikotek parte hartuko dute. Idazle eta ilustratzaileek urtarrilaren 15a arte dute dokumentazioa bidaltzeko aukera. Ekimen hau Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Sariaren laguntzari esker burutuko da.

Booktuberboom Lehiaketako finalistak

Epaimahaiak hartu du erabakia eta dagoeneko eman dizkigu Booktuberboom lehiaketako sailkatuen izenak: Eukene Azpitarte, “Isilpena gordea” liburuaren booktubearekin, Xabier Foruria, “Metamorfosia” liburuaren booktubearekin, eta Jon Martinez, “Erotik” liburuaren booktubearekin dira epaimahaiaren ustez lanik txukunenak bidali dituzten parte hartzaileak. Hala ere, oraindik ezin dizuegu esan nor den I. Booktuberboom lehiaketa honen irabazlea. Gure Kasa saioak tartetxo bat eskaini digu irabazlea nor den jakinarazteko beraz, adi!, saioaren inguruko informazio guztia blogean argitaratuko dugu eta!

Ledicia Costasek, Rafael Salmerónek eta Eva Palomarrek irabazi dituzte 2017ko LAZARILLO SARIAK

 Azaroaren 6an OEPLIren (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) egoitzan bildu ondoren, 2017ko Lazarillo sarietako epaimahaikideek Literatura Sorkuntzako Saria Ledicia Costasek eta Rafael Salmerónek aurkeztutako gazte nobelei ex aequo ematea erabaki zuten. Album Ilustratuaren saria berriz, aho batez, Eva Palomar Gómez ilustratzaileari ematea adostu zuten.

“A balada dos unicornios” izenburua du Ledicia Costasek gailegoz idatzitako nobelak. Rafael Salmerón-en gaztelaniazko lanak, berriz, “No te muevas Musaraña” du izenburu. Eva Palomarrek aurkeztutako album ilustratuaren goiburua “Bienvenida Lupe” da.

 

Miren Agur Meabek eta Aitor Aranak irabazi dute Vitoria-Gasteiz itzulpen saria

Haur eta Gazte Literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpen hoberenak saritzen ditu urtero Vitoria-Gasteiz Sariak. Bederatzigarren edizio honetan, Miren Agur Meabe suertatu da garaile Haur Literaturaren alorrean, “Alizia eta antzara jokoak” ("Alicia et le jeu de l’oie". Lola Moral eta Sergio Garcia) itzulpen lanagatik. Gazte Literaturaren alorrean berriz, Aitor Aranak irabazi du “Tximeletaren oihua” lanagatik ("El grito de la mariposa" . Jordi Sierra i Fabra). Azken hau Galtzagorri Elkarteak burutzen duen Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketaren 2017-2018. Ediziorako irakurgai hautatuetako bat da. Irabazle bakoitzak 9.000 eurona jasoko ditu.

Haur literatura aretoen zirkuitua abiatu du lehen aldiz Galtzagorrik Gipuzkoako lau herritako liburutegitan

2000. urtetik aurrera, ia bi urtez behin sortu ditu Galtzagorri Elkarteak areto literario berriak. Urte hauetan zehar Euskal Herri osoko herri askotako liburutegietatik bidaiatu dute. Oraingo honetan, Galtzagorri Elkarteak areto horietako lau hautatu, berritu, eguneratu eta “JOLASTEN IRAKURZALETU Haur Literatura Aretoen zirkuitua” bideratuko du urritik abendura bitartean, Gipuzkoako eskualde ezberdinetan zehar. Hala, Haur literatura aretoek osatutako egitarau oparo bat prestatu du Ordizia, Errenteri, Andoain eta Arrasateko liburutegietaraino iritsiko dena. Zirkuitu hau Gipuzkoako Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari eta aipatu lau udaletako babesari esker gauzatuko da.

Leire Bilbaok eta Mikel Valverdek eskuratu dituzte Euskadi Literatura Sariak

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2017ko Euskadi Literatura Sariaren garaile suertatu da Leire Bilbao ondarrutarra. Hain zuzen ere, "Xomorropoemak eta beste piztia batzuk" lanari esker. Obra horrekin berarekin izan da Bilbao Haur Literaturako Espainiako Sari Nazionaleko finalista aurten. Mikel Valverde ilustratzaile gasteiztarra, berriz, Literatura Lanaren Ilustrazio Euskadi saria kategorian gailendu da “Versos de deportes” lanari esker. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek eman du berria Tabakalerako UBIK liburutegian egindako prentsaurrekoan. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Sari banaketa ekitaldia azaroaren 13an egingo da.

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·