Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Galtzagorri elkartearen liburuen kutxa ibiltariak hasi dira eskola txikietara iristen

18. urtea beteko du ikasturte honetan Liburuen Altxorra proiektuak Gipuzkoan. 17. urtea Liburu Ibiltariak-ek Bizkaian. Lehena Gipuzkoako Foru Aldundiari esker burutzen du Galtzagorri Elkarteak. Bigarrena, Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Biek ala biek, izen ezberdina duten arren, helburu eta mami bera dute: Gipuzkoako zein Bizkaiko eskola txikietako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea, horretarako euskarazko kalitatezko liburuak baliatuz. Horregatik, liburutegi gurpildunak prestatzen ditu Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak urtero. 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat argitaratutako 130 bat euskarazko liburu daramatzaten 5 kutxa ibiltari prestatu ditu aurten Gipuzkoarako; beste hainbeste Bizkairako.

 

Guztira, beraz, euskarazko 1.300 liburu ibiliko dira eskolaz eskola, 2017-2018. ikasturtean. Kutxa bakoitzean 50 bat izenburu berri sartu dira, 2015, 2016 zein 2017. urteetan argitaratutakoak. Izenburu horiek Galtzagorriko Irakurketa Mintegian hautatuak izan dira, kalitate irizpideen arabera.

 

Egitasmoa berritzen

Aurten gainera hainbat berrikuntza ditu egitasmoak. Gipuzkoan, azken urteetan bezalaxe, Imanol Mercerok gidatuko ditu kutxak. Bizkaian ordea, gidari berria izango dugu: Saroa Bikandik egingo baititu liburu kutxak oinarri hartuta haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzeko saioak eskola txikietan. Biak ala biak esperientzia handiko profesionalak dira haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzeko egitasmoei dagokienean.

 

Ikasturte osoan zehar, Gipuzkoako zein Bizkaiko eskola txikietara kutxak eraman, bertako haur zein irakasleei horiek erakutsi, aurkeztu eta irakurtzen arituko dira. Kutxekin batera animazio saioak egiten dituzte beraz eskola txiki hauetako bakoitzean. Ondoren, kutxa hori hilabete batez izaten dute eskola txiki bakoitzean. Haurrek bertako apaletako liburuez gozatu ahal izango dute, beste edozein liburutegi izango balitz bezala. Galtzagorriko dinamizatzaileak ez die erabilera konkreturik ezarriko, ezta metodo itxirik ere. Haur eta eskola bakoitzak askatasuna du egokiena ikusten duen moduan erabiltzeko. Irakurtzea ondo pasatzearekin lotu nahi da ekimen honen bidez.

 

Behin hilabetea bukatuta, itzuliko dira berriz ere Bikandi eta Mercero eskoletara, hilabete horretan haurrek egin dituzten irakurketak partekatu eta beste zenbait ipuin edo poesia irakurri, kontatu edo errezitatzera.

Bizkaiko 5 kutxen bidaia gaur bertan hasi da Mallabiakoko eskolan. Datozen egunotan, Amoroto, Zeanuri, Atxondo eta Zaratamoko eskoletan egingo dute geldialdia Bizkaiko kutxek. Guztira, 25 eskoletara iritsiko dira Liburu Ibiltariak-eko kutxak. Gipuzkoako 5 kutxek 30 eskoletatik bidaiatuko dute ikasturte honetan. Eta urriaren 2an, Bidanian, ekingo diote aurtengo ibilbideari. Hurrengo egunetan Elgeta, Mendiola, Altzo eta Lizartzara iritsiko dira.

 

Gainera, aurten Gipuzkoako Aldundiari esker, bi liburu kutxari erretiroa eman eta beste bi kutxa berri jarriko ditu bidaiatzen Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoan: gurpil handiagoekin, kolore biziagoekin, apalategi zabalagoekin… pixkanaka, urtero, orain arte eskoletan zehar ibili diren kutxa hauek berriengatik ordezkatzen joateko asmoa du Galtzagorri Elkarteak. Izan ere, hauetako gehienak 15 urtetik gora dituzte. Eta kilometro ugari bizkarrean.

 

Eskola liburutegiak dinamizatu eta irakurtzeko zaletasuna sustatu

Urtero bezala, Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin bideratzen dituen egitasmo hauek 5.000 bat haurri eragiten die zuzenean, beste 3.000 bati zeharka, hauen eskola eta irakasleei formazioa eskaintzen zaien neurrian. Eskola txiki horiek baliabide gutxi izaten dituzte sarri liburu eta liburutegien dinamizaziorako. Egoerak okerrera egin du gainera: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ACEX programa bertan behera uzteko 2016an hartutako erabakiak, EAEko hezkuntza esparru publikoan sortutako eskola-liburutegien etorkizuna kinka larrian utzi zuelako.

 

Ataka honetan, kutxa horiek eskaintzen duten liburu mailegu zerbitzu mugikorrak inoiz baino zentzu handiagoa du. Izan ere Liburuen Altxorra/Liburu Ibiltariak egitasmoek ez baitute liburutegi huts izateko asmorik: euskarazko Haur Literaturako liburu berriak aurkeztu eta erabiltzeko aukera eskaintzeaz gain, Galtzagorriren helburua Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzea da. Horregatik, beti ere, haurrak irakurketara animatzeko gidariak egiten duen saioarekin batera heltzen dira kutxak eskoletara. Eta horregatik baita ere, proiektu honetan parte hartzen duten hainbat eskola txikien ikasle kopurua hazi dela ikusirik, azken urteotan, horiei beste zerbitzu bat eskaintzen die Galtzagorrik: liburutegi gurpildunak eraman ordez, aholkularitza zerbitzua eskaintzen zaie irakasleei.

 

Irakasleentzako Aholkularitza Zerbitzua

Aurten Gipuzkoako 11 ikastetxetan eta Bizkaiko 5 eskolatan jasoko dute Aholkularitza Zerbitzua. Bisita horretara, dinamizatzaileak Euskarazko Haur Literaturan aurreko urtean argitaratu diren liburuen artean gomendagarrienak eramaten ditu. Irakasleei liburu horiek aurkezten dizkie eta horiekin zein dinamika landu daitezkeen erakusten die.

 

Laburbilduz, aholkularitza zerbitzu honen helburuak hauexek dira: eskola horiek zein liburu eskuratu behar duten jakiteko aholkuak jasotzea, liburu horiek nola erabili behar dituzten ikasteko materiala euren esku jartzea eta irakurzaletasuna sustatzeko dinamiken inguruko formazioa ematea.

 

 

Abc-ak opari

Hastapenetik, ekimen honen baitan poster berria sortu du urtero Galtzagorri Elkarteak. Galtzagorriko kide diren ilustratzaile ezberdinek egin dute urtero egitasmoaren afixa. Aurten, lehen aldiz, afixa hori abc bihurtu dugu. Lehenengo abc hori Iban Barrenetxea ilustratzaile elgoibartarrak burutu du. Alfabetoko hizki bakoitzari, gainera, Haur eta Gazte Literaturako pertsonaia ezagunen irudiak gehitu dizkio Barrenetxeak, ondoko irudi honetan ikusten denez. Abc hauek opari emango dizkiete Galtzagorriko dinamizatzaileek bisitatzen dituzten eskolei.

Nolanahi ere, aurreko urteetan egindako kartelak eta 2015. urtera arte Bizkaian eta 2013. Urtera arte Gipuzkoan egitasmo honetarako burutu ziren irakurketa agendak Galtzagorriko web gunean ikusi eta eska daitezke. Besteak beste, Iraia Okina, Belen Lucas, Antton Olariaga, Mattin, Jokin Mitxelena, Aitziber Alonso edota Jon Zabaletak eginikoak topatuko dituzue hemen.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·