Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Gipuzkoa APPs' 2015 Lehiaketa irabazi du Maria Goikoak Batbirulau app-ak

2016-01-13

Galtzagorri Elkarteak, Oreka Interactive enpresarekin lankidetzan sortutako Maria Goikoak Batbirulau! app-ak lehenengo saria eskuratu du Gipuzkoa APP's 2015 lehiaketan. Atzo, abenduak 14, jaso zuten saria Galtzagorri Elkarteko kideek Markel Olano Ahaldun Nagusiaren eskutik.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 3. aldiz antolatu du Gipuzkoa APP's lehiaketa. 2013an eta 2014an ere egin zen, baina Galtzagorri Elkartea lehen aldiz aurten aurkeztu da bere lehenengo app-arekin; Anjel Lertxundi eta Antton Olariagaren Maria Goikoak Batbirulau! maisulanarekin osagarri den aplikazio multiplataformarekin.

Guztira, 23 aplikazio aurkeztu dira lehiaketara eta 6 iritsi dira finalera. Sari-banaketa ekitaldian 6 finalistek euren app-a aurkeztu eta epaimahaiaren galderei erantzun behar izan zieten, ondoren epaimahaiak bere erabakia hartu zuen:

1. saria, 3.000 euro, Maria Goikoak Batbirularu!

2. saria, 2.000 euro, DinyPARK - PMR 

3. saria, 1.000 euro, Spyro NOW.

Epaimahaia honako kideek osatu dute: Garikoitz Agote Alberro, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza Zuzendari Nagusia (mahaiburu); Tomas Iriondo Astigarraga, GAIA; Maite Goñi Eizmendi, Mondragon Unibertsitatea; Jesus Maria Perez de la Fuente, EHU /UPV; eta Jesus Maria Eizaguirre Arocena, Informazio eta Komunikazio Teknologia Berrien Sustapen Zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundia.

Epaimahaikideen iritziz, Maria Goikoak Batbirulau! "oso ondo egindako app-a da, oso erabilgarria eta berritzailea". Hain zuzen ere, haien balorazio irizpideetan indar gehien zuena (baliagarritasuna, benetako behar bati erantzutea, erabilera, funtzionalitatea eta diseinua; eta aurkezten den berrikuntza) Galtzagorriren app-ak ondo betetzen duela iritzi diote. Epaimahaiak atzo bertan, hautagai guztien aurkezpenak entzun ostean, hartu zuen azken erabakia, Iametzak TBArgia-ren proiektua aurkezten zuen bitartean.

Aurkeztutako lan guztiek merezi zuten saria oso proposamen interesgarriak baitziren guztiak. Eskertzekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak lan horretan jarrai dezagun egiten duen ahalegina, bai lehiaketa honekin, bai beste hainbat deialdirekin ere. 

Galtzagorri Elkartearen izenean, ZORIONAK hautagai eta saritu guztiei, eta, esker mila Gipuzkoako Foru Aldundiari lehiaketa hori antolatzeagatik.

Maria Goikoak Batbirulau! app

Galtzagorri Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Oreka Interactive enpresarekin lankidetzan egin ahal izan du aplikazio mutliplataforma hau. Euskal Haur Literaturan hutsune bat betetzea izan da helburua, haurren artean irakurzaletasuna sustatzeko bide berriak urratzen hastea; jolasa, entretenimendua eta Haur Literatura uztartuz.

Horretarako, lehen ahaleginean, XXI. mendeko euskarrietara ekarri dugu Euskarazko Haur Literaturako klasiko bat, Anjel Lertxundi eta Antton Olariagaren Maria Goikoak batbirulau!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Liburuaren berezko izaera jostariari eutsiz, jolaserako proposamen berriak eta errealitate areagotuan birsortutako irudiak biltzen ditu Maria Goikoak batbirulau! app-ak: puzzleak, memoria-jokoak, hitz-jokoak, 7 desberdintasunak bilatzeko jokoak, abestiak, 2.53D efektuko irudiak, eta bestelako hainbat joko. Androidetarako eta iphone/ipad-etarako bertsioan dohainik eskura daiteke bakoitzari dagokion saltoki birtualean. Horrez gain, Galtzagorriren web gunera sartuta ere erabilgarri dago aplikazioa.

4 eta 10 urte bitarteko haurrentzat egindako app-a da, baina bakarka, lagunartean nahiz familian jolasteko aproposa da. Jolas gehienek, gainera, zailtasun maila desberdinak eskaintzen dituzte. 

Liburua aldean izatea ere komeni da, zenbait jolasetarako ezinbesteko osagarria baita. Modu horretan, Anjel Lertxundi eta Antton Olariagaren maisulan hari, bizi berri bat eman nahi izan diogu.

Tradizioa eta modernitatea

Papera eta teknologia berriak uztartzea, tradizioa eta modernitatea batzea, literaturaz eta aisialdiaz euskaraz eta euskarri teknologiko desberdinen bidez gozatzeko aukera berri bat eskaintzea da app honen helburua. Androidetarako eta iOSerako dohanik eskura daiteke bakoitzari dagokion saltoki birtualean, baina erabili ahal izateko ia ezinbestekoa izango da paperezko liburua esku artean izatea, alegia, papera eta jatorrizko obra teknologia berrien munduan murgiltzeko giltza izango dira. Beraz, jolasekin gozatzeko eta liburuko hainbat orrialde errealitate areagotuan ikusi ahal izateko, beharrezkoa izango da paperezko liburua izatea.

Klis-klasikoak euskarri digitalean

Galtzagorri Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin, 2011n sortu zuen haur eta gazteei zuzendutako Klis-klasikoak euskarazko liburu-bilduma. Bilduma horretan, Haur eta Gazte Literaturako klasiko unibertsalak eta euskarazko obra kanonikoen berrargitalpenak argitaratu dira 2011n, 2012an eta 2013an. Bederatzi liburu, guztira: Maria Goikoak batbirulau!; Pinotxoren abenturak; Indianoa; Txan fantasma; Tom Sawyer-en abenturak (Itzulpenaren Euskadi Saria 2013); Elmer (bigarren argitalpena izan duena); Amattoren uzta; Haizea sahats artean eta Auskalo! Igarkizun eta aho-korapiloak. Kalitatezkoak guztiak, bai literatura aldetik, bai argitalpen eta diseinu aldetik.

Bada, hurrengo erronka Klis-klasikoak app-bilduma osatzea izango da. Liburu horiek osagarri izango dituzten app-ekin irakurzaletasuna sustatzen jarraitu nahi dugu modu erakargarri eta ludikoan, kalitateari muzin egin gabe, eta, haur eta gazteengandik geroz eta gertuago dagoen esparru batera gerturatuz: multiplataforma erako aplikazio digitalak.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·