Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Idoia Etxegoien Galtzagorriko kidea Lampedusako IBBYren 7. kanpalekuan

Urriaren 29tik azaroaren 4ra buratu da "Una settimana di voluntariato" lelopean, "Silent books: from the world to Lampedusa and back" proiektuaren barruan, Lampedusako 7. Ibby Kanpalekua. Bertan parte hartu du Idoia Etxegoien Galtzagorri elkarteko kideak. Eta bertatik bidali digu egin eta bizi izan duenaren berri. Irlak 6.000 biztanle ditu, eta horietatik 1.000 adin txikikoak, gehienak kanpotik etorritako emigranteak.

 

Lampedusa Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik Europara emigratzen duten milaka pertsonen sarbideetako bat da, eta migratzaile horietako asko haurrak dira. IBBYren Italiako atalak, haur haiei guztiei liburu bana eskuetan izateko eskubidea bermatze aldera, “Silents books” liburu mutuak ardatz dituen egitasmo bat martxan jarri zuen.

 

Egitasmoak bi ardatz ditu. Bat Lampedusan Liburutegi bat sortzea izan da. 2017ko irailean inauguratu zuten, hainbat boluntarioren lanari eta ekimenari esker. Izan ere, azken urteetan, kanpalekua antolatzen baitu IBBYk boluntarioak bertaratu eta proiektuan lagundu dezaten. Bada, aurten urriaren 29tik azaroaren 4ra egin diren kanpalekuan parte hartu duten bolondres horietako bat izan da Galtzagorri elkarteko kide Idoia Etxegoien. Eta jarraian, berak idatzitako kronika:

 

Historiak aldatzen dituzten istorioak

Lampedusa irla harritsua da, harri afrikarra, zeruan bandera italiarra, ezpainetan hizkuntza anitz. Europako ate, itsasoa basamortua balitz, bideko oasia litzateke. Bertan gelditzen diren emigranteak gutxi batzuk besterik ez baitira. Badira lau hamarkada bertan inor jaiotzen ez dela. Emakumeak, haurra izan baino hiru hilabete lehenago, Siziliara doaz erditzera. "Lampedusanoek" diote, irlan dauden pertsona guztiak, kanpotik heldu direla. Irlak 6000 biztanle ditu, horietatik 1000 adin txikikoak dira. Eskola eta liburutegia guztiz beharrezkoak dira han.

 

Urriaren 29tik azaroaren 4rako astea emankorra izan da, mundu osotik etorritako bolondresak lanean aritu gara. Komunitate bat elkarlanean. Goizeko 8:30etan liburutegian elkartu eta liburuak besapean 9:30etatik 13:00ak bitartean herriko hainbat eskoletan irakurketa eta idazketaren inguruko ekintzak egiten genituen. Haur, lehen eta gazte hezkuntzako geletan hainbat jarduera burutu dira: ipuin kontaketak, irakurketak, idazketak...ipuin, liburu eta aldizkariak tartean.

 

Bazkaldu ondoren, hainbat jardueratan parte hartzeko aukera izan dugu, besteak beste:

-Fabio Giovanettik Erreserba naturalean belar eta landarediaren berri eman digu.

-Paola La Rosak hilerrian zehar gidatu gaitu. Migrazioaren historian, zati triste bat aurkitzen da hemen. Armin Greder, mundu mailako ilustratzaile ospetsuak, emigranteen hilobiak apaindu eta duin bihurtu ditu duela denbora gutxi.

 

Arratsaldean, liburutegia bilgune eta oinarri, haurrentzako irakurketak eta tailerrak gauzatu dira, besteak beste, hauek:

-"Laboratorio d'arte del Palazzo delle Esposizioni di Roma" proiektuaren inguruan izandakoa, artearen didaktika oinarri zuena.

 

-Alberto Emilettik, Jessica Loveren "Jiulian e una sirena" (2018) liburua oinarri hartuz eginiko tailerra. Bestetik, haurrei zuzendutako "KIDS e i tatuaggi de ZEROCALCARE" aldizkariaren aurkezpena burutu da.

 

- SCOSSE Sustapen Sozialerako Erromako elkarteak heldu, guraso eta irakasleentzako "Leggere senza stereotipi" hezkuntza ez sexistaren inguruko proiektuaren aurkezpena eta tailerra egin ditu.

 

- Giulia Franchik Massimiliano di Laurok ilustratutako "Ago" bere liburu berriaren aurkezpena egin du.

 

Gaueko 21:00etan helduentzako hitzaldiak ere egin dira, besteak beste:

 

-Alessandra Ballerini abokatu eta idazleak "Politica e migrazioni" izenburupean, migrazio politika legearen inguruan eta honek jasan ditzakeen aldaketen inguruan hitz egin zigun.

 

-Silvia Cama TERRA! Onlus ingurugiro elkarteko partaideak "Costruire comunita", komunitate hitzari buruzko hausnarketara eraman gintuen, eta Lampedusako "Gli orti" proiektu komunitarioa azaldu.

 

-Giovanna Di Matteoren eskutik, "Turismo e migrazioni" Lesbos irlan bizitakoaren eta ikertutakoaren berri jakiteko aukera izan genuen.

 

-Marco Aime, Genovako antropologiako irakasle eta idazlearen bi hitzaldiz gozatzeko aukera izan genuen: "Antropologia della migrazione" eta "La terra promessa e sempre al di la del deserto".

 

Lampedusako liburutegiko horma batean Malalaren esaldiak dioen bezala : "UN BAMBINO, UN INSEGNATE, UNA PENNA E UN LIBRO POSSONO CAMBIARE IL MONDO" (Haur batek, irakasle batek, idazluma batek eta liburu batek mundua aldatu dezakete)

 

Album mutuen erakusketa

IBBYren egitasmoaren beste ardatza “Silent books: Final destination Lampedusa (Lampedusa jomugan)” erakusketa da, zeina laugarren ekitaldia izan duen aurtengoa. Galtzagorri elkarteak gurean kaleratutako liburuak proposatzen ditu erakusketaren katalogorako. 2018an, besteak beste, Eider Eibarren “Barrukoa!” (Edo!) albuma izan zen aukeratua erakusketarako.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·