Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Irailaren 16an irekiko dute ofizialki Lanpedusako IBBYren Liburutegia

"Silent books. From the world to Lampedusa and Back" izeneko egitasmoa sortu zuen IBBYren Italiako atalak 2012an. Hain zuzen ere, Lanpedusako irlan haurrentzako liburutegi bat sortzeko xedez. Urteetan, stand by-ean egon den proiektua egi bihurtu da, datorren irailaren 16an ofizialki bere ateak irekiko baititu aipatu liburutegiak. Bertan abiatuko da baita ere Silent books erakusketa ibiltariaren 3. edizioa.

Ekialde Hurbiletik eta Afrikatik Europara emigratzen duten milaka pertsonen sarbide nagusietako bat da Lanpedusa eta uharte txiki horretan liburuak eskuratu ezin dituzten 1.000 haur eta gazte bizi dira. Testu inguru honetan UNESCOren erakundea den IBBYren (International Board on Books for Young People) Italiako atalak jarri zuen martxan 2012an irla txiki honetan bizi diren haurrek nahiz bertako Lehen Sorospen Zentroetara iristen diren haur etorkinek liburuak esku artean izan ditzaten eskubidea bermatzeko Liburutegi baten eraikuntzaren proiektua, bereziki album mutuz osatutakoa hizkuntzaren trabarik gabe guztientzat irakurgarri izan daitezen.Datorren irailaren 16an inauguratuko da ofizialki liburutegia, hainbat urtetan bolondresek egindako lan eta ekimenen ondorioz.

 

Izan ere, urte hauetan guztietan "Silent books" izeneko egitasmoak, hiru ildo landu izan ditu:

 

1. Album mutuez osatutako liburuen erakusketa ibiltaria osatzea, Italiako hainbat hiritan erakusten dena. “Silent books. Final Destination Lampedusa” izeneko nazioarteko erakusketa honek hirugarren edizioa egingo du aurten. Munduko IBBYko atal guztiek dute aukera erakusketa honetan parte hartuko duten izenburuak proposatzeko. Hitzik gabe, irudiak bakarrik erabiltzen dituzten liburuek osatzen dute erakusketa. Hirugarren edizioan, munduko 21 herrialdetan argitaratutako 80 izenburuk parte hartzen dute.

 

Mundu mailan neurrigabe hazten ari den migrazio testuinguru honetan, IBBYk, album mutuak, hitzik gabekoak, hizkuntza jakin batean idatzirik ez dauden kalitatezko materialak, argitaratzearen beharraz jabetu arazi nahi ditu argitaletxeak. Haurrek izan dezaten mundua ezagutzeko aukera beraientzat ezezaguna ez den hizkuntza batean idatzitako kalitatezko liburuen bidez.

 

2. Erakusketa ibiltaria osatzen duten liburuen ale bana Erroman dagoen Hitzik gabeko liburuen Dokumentazio eta Ikerketa Zentrora ere bideratzen da.

 

3. Liburu horien ale bana, Lanpedusako irlan sortu den haur Liburutegira bideratzen da. Liburutegi horren apaletan, beraz, Italiako liburuak egongo dira batetik, baina bestetik, munduan zehar argitaratu diren hitzik gabeko kalitate goreneko album guzti hauek ere izango dira.

 

Izan ere, IBBYren ustez, album mutuak edo hitzik gabeko liburuak hizkuntz mugak gainditu eta jatorri kultural eta linguistiko ezberdinak dituzten haur eta helduen arteko topaleku paregabea dira. Beraz, proiektu honek album mutuek dituzten dohainak azpimarratzeaz gain, Lanpedusako irlan haur liburutegi bat sortzea izan du betidanik helburu.

 

Azkenean iritsi da eguna

 

Azken helburu hori interes politiko eta burokratikoak direla medio, stand by egoeran egon da urteetan. Egoera horri aurre eginez, IBBY- Italiak lau auzolandegi sortu eta antolatu ditu azken urteetan. Lan eremu hauetan mundu guztiko bolondresek parte hartu dute (irakasle, liburuzain, ipuinkontalari, ilustratzaileek…): Lanpedusako irlan egonaldiak egiten dituzte eta bertako haurrekin irakurketa sustatzeko ekimen ugari burutu.

 

Besteak beste, 2015ean, Galtzagorri Elkarteak, bere 25. Urteurrena zela medio, Mediterraneo itsasoan dagoen irla honetan egiten ari ziren proiektuari laguntza eskaintzea pentsatu zuen. Eta hala, "Silent books" proiektuak eta Galtzagorri Elkarteak azken 9 urteetan antolatu dituen MarraziOak izeneko ilustratzaileen jardunaldiek lotura zuzena dutela pentsatu genuen. Besteak beste, MarraziOak topaketetan album mutuak ere landu izan ditugulako. Horregatik, Ilustratzaileen Enkante Dramatizatua antolatu genuen. Bertan bildutako dirua Italiako IBBYri igorri zion Galtzagorri Elkarteak, Lanpedusako Haur Liburutegia eraikitzen laguntzeko asmoz.

 

Eta, azkenean, iritsi da eguna!

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·