Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Jaurlaritzak eleberri grafikoa, komikia eta album ilustratua eta gazte literatura eta ipuin edo eleberri motzak sustatuko ditu bi dirulaguntzen bitartez

Eleberri grafikoa, komikia eta album ilustratuaren sorkuntza laguntzeko xedez Irudi Sorkuntza deialdi berria irekiko du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak lehen aldiz. Deialdia irailean argitaratuko da Buletinean eta hilabeteko epea izango da eskaerak aurkezteko. Bestalde, Jaurlaritzako Zuzendaritza honek burutzen duen Kultura Sorkuntza dirulaguntzen deialdiaren barruan bi modalitate berri izango dira aurten: Gazte literatura eta ipuin eta eleberri motzak. Bigarren deialdi hau uztailaren 27an argitaratuko da eta irailaren 14a arte izango da eskaerak aurkezteko epea. Modu honetan Euskal Literaturako, eta bereziki, Haur eta Gazte Literaturako sortzaileen lana bultzatuko du.

 


 

Lehen aldiz jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Irudi Sorkuntza deialdia. Ekainaren bukaeran Gasteizko Artiumen egindako aurkezpen batean, Bingen Zupiria sailburuak esan zuen eleberri grafikoa, komikia eta album ilustratuaren sorkuntza lagundu nahi dituen deialdi berri honek “Komikigintzari eta ilustrazioari hauspoa ematea eta sortzaileen bidea erraztea” zituela helburu batetik. Eta bestetik, “arlo honek gure herrian duen garrantzia nabarmendu eta agerikoagoa egin nahi” zuela.

 

Deialdi berriak 105,000 €-ko aurrekontua izango du eta 15.000 euroko  laguntza bana emango dizkiote komiki edo eleberri grafikoak sortzeko  4 proiekturi. Horietako batek, gutxienez, 30 urtetik beherako gazte batek sortutakoa izan beharko du. Album Ilustratuaren alorrean, 15.000 euroko beste 3 laguntza banatuko dituzte (gutxienez, bat 30 urtetik beherako gazte batek egina).

 

Deialdi berria irailean argitaratuko da eta hilabeteko epea izango da eskaerak egiteko. Baina, honen baldintza orokorrak jakitera eman dituzte jada Kultura Sustatzeko Zuzendaritzatik. Horien artean, ilustratzaile edo marrazkilariei eskatuko zaie gidoia egina izatea, baita lana argitaratzeko argitaletxe baten interesa izatea ere.

 

Besteak beste, honakoak aurkeztu beharko dira:

. Gidoi literarioa (pertsonaiak / sinopsia - 8 orrialde)

Irudien lagina (6 orrialde marraztuta – 1 margotua)

. Kontratu edota konpromiso eskutitza (argitaletxeak 3 lan – 3 urte)

. Promozio plangintza

 

Behin laguntza jasoz gero, 2018ko abenduaren 31rako lanak bukatua egon beharko du. Eta laguntza justifikatzen denetik, 6 hilabete izango ditu egileak lana argitaratzeko.

 

 

Gazte Literatura eta ipuin eta eleberri motzen sorkuntzaren sustapena

 

Kultura Sorkuntza izeneko deialdiaren baitan, gainera, bi modalitate berri sortuko ditu Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak: bata, Gazte Literaturari eskainia; bestea, Ipuin eta eleberri motzei bideratua.

 

Modalitate bakoitzean 8.000 euroko 5 dirulaguntza emango dira mota horietako testuak idazteko. Deialdiaren agindua uztailaren 27an argitaratuko da EHAAn. Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 28an irekiko da eta irailaren 14an itxi.

 

Antzerkirako testuak, gidoi zinematografikoak eta musika-konposizioak sortzea laguntzen zituen orain arte deialdi honek. 2017ko deialdian ordea, Gazte Literatura eta ipuin eta eleberri motzen sorkuntza ere lagunduko ditu, literaturaren alorrean “estrategikotzat” jotzen diren heinean.

Deialdi honen inguruko informazio gehiago izango da uztailaren 28tik aurrera webgune honetan:

 http://www.euskadi.eus/kultur-sormena-kultura-sustatu/web01-a2kulsor/eu/

 

 

 

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·