Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Liburu altxor-ibiltariak Galtzagorriko egoitzara itzuli dira

Oraingoan, Galtzagorrik aukeratutako 0-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako 130 bat euskarazko liburuz betetako hamar kutxa ibili dira Gipuzkoan eta Bizkaian zehar; bost kutxa Gipuzkoako eskola txikietan, beste bostak Bizkaikoetan. Kutxa bakoitzean 50 izenburu berri sartu dituzte, 2015etik 2017ra argitaratutakoak. Aukeratutako izenburuak Galtzagorriko Irakurketa Mintegian hautatutakoak izan dira. Liburuen Altxorra proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten du eta Liburu Ibiltariak Bizkaiko Foru Aldundiak.

 

Ikasturtean zehar liburu kutxak Bizkaiko 25 eskolatara iritsi dira eta Gipuzkoako 30 eskolatara. Aurtengoan, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiari esker liburu kutxa berriak ibili dira errepidean eta, pixkanaka-pixkanaka, daudenak berritzeko asmoa azaldu du Galtzagorri elkarteak; gurpil handiagoak, kolore biziagoak, apalategi zabalagoak... Izan ere, Galtzagorriko proiektu aitzindaria izanda, kutxek hamabost urtetik gora dute jada.

 

Alabaina, proiektua harago doa. Orain 18 bat urte Gipuzkoan martxan jarri, eta urtebetera Bizkaian abiatu zuten egitasmoa. Orduan eskola txiki ziren asko hazi egin dira; Gipuzkoan bederatzi eskola eta Bizkaian bost. Haietara ez dute jada liburu kutxarik eramaten, irakasleentzako aholkulari zerbitzu bat baizik. Zerbitzu horren bitartez, Galtzagorriko dinamizatzaileak euskaraz, haur literaturan, argitaratu diren kalitate gehien duten liburuak aurkezten dizkiete. Aurkezteaz gain, liburu horiek oinarri, haurrekin egin ditzaketen jarduerak aletzen dituzte eta, oro har, irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko estrategiak azaltzen dizkiete. Guztira, aurten, 30 bat libururen berri eman diete irakasleei.

 

Egitasmoaren ebaluazioaren arabera, bide onetik doa

Liburutegi ibiltarion egitasmoaren urte guzti hauetako garapenaren ebaluazioa egin du aurten Galtzagorriko kide Intza Alkainek. Ondorio nagusien artean, eskolek duten beharrei erantzuten dien egitasmoa dela jaso du, haur eta gazte literaturako liburu berrienak ezagutzera ematen dituelako, eskolak liburuz hornitzen dituelako eta irakurzaletasuna sustatzeko pizgarria delako. Halaber, 18 urte hauetan zehar eskoletan jarrera aldaketa bat egon dela ondorioztatu du, eta ikastetxeek, egitasmoa abiatu zen lehen urteetan ez bezala, gero eta arreta gehiago ematen diotela irakurzaletasuna sustatzearen gaiari, horrenbestez egitasmoak nabarmen eragin duela dio Alkainek. Hutsune gisa, Lehen Hezkuntzan irakurketa, oraindik ere, plazerari baino gehiago, ikasgaiei edo ulermenari lotuta dagoela ondorioztatu du, eta Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan liburuen lanketari lotutako sormen lana (antzerkiak sortzea, poesia egin eta errezitatzea…) oraindik ere nahi baino gutxiago dela gaineratu du. Oro har, irakasleentzako aholkularitza zerbitzua ezin hobeto baloratu dute eta, Intza Alkainek ikerketan jaso duenez, prestakuntza gehiagoren beharrari azpimarra egin diote irakasleek.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·