Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Liburutegi ibiltariak bideari ekiteko prest

Liburuen Altxorra Gipuzkoan eta Liburu Ibiltariak Bizkaian bideari ekingo diote irailaren 25ean Berastegin eta urriaren 1ean Mallabian, hurrenez hurren. Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundien babesarekin egitasmook abiarazten dituen 19. ekitaldia da Gipuzkoan eta 18.a Bizkaian. Aurten inoiz baino ikastetxe gehiagok parte hartuko dute, 58 guztira, eta 4.109 ikaslek gozatu ahalko dute liburuz betetako kutxekin. Aholkularitza eskaerak ere gora egin du, 427 irakasleek jasoko dute aurtengo ekitaldian eta, haien bitartez, 4.131 ikaslek. Egitasmoa, kutxak eta aholkularitza zerbitzua barne hartuta, 8.240 ikasleengana iritsiko da.

 

Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoen ardatzak liburuz betetako kutxak dira eta kutxak ibiltariak dira inondik ere. Hala, eskolaz eskola bidaiatzen dira kutxak eta ikastetxe bakoitzean hilabete inguru egiten dute. Kutxak ireki eta Galtzagorriko adituek ondo asko aukeratutako liburuen gaineko dinamizazio saioak egiten dituzte. Garai batean eskola txikiak izandakoetan, baina denboraren poderioz hazi diren ikastetxeetan egitasmo beraren barruan txertatutako aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete irakasleei.

 

Aurtengo ikasturtean Gipuzkoako 33 eskolatara eramango dute Liburu Altxorra, iaz baino hiru gehiago, eta aholkularitza zerbitzua iaz baino bi ikastetxe gehiagotan eskainiko dute, 13tan hain zuzen. Gipuzkoan, azken urteotan bezala, Imanol Mercero Galtzagorriko kideak eta adituak eskainiko ditu saioak. Oraingoan, honezkero kutxak ere zahartuz joan direnez, berritutako beste kutxa bat bidaiatuko da eskoletara. Hortaz, Gipuzkoako bost kutxetatik hiru izango dira berriak aurten, iaz bi berritu zirelako. Aholkularitza zerbitzuko saioak ere urrian jarriko dira martxan Gipuzkoan.

 

Bizkaian 25 ikastetxeetara iritsiko dira liburu kutxak eta aholkularitza zerbitzua iaz baino eskola bat gehiagotan egingo dute, guztira, seitan. Bizkaian barrena ibiliko diren kutxa bidaiarietako batek ere berri-berri hasiko du aurtengo ekitaldia. Bidaiaren lema Saroa Bikandi dinamizatzaileak hartuko du Bizkaian. Aholkularitza zerbitzuak lehenengo geldialdia Lemoan egingo du urriaren 17an.

     

Kutxak eta kartela

Liburuak daude egitasmo honetarako prestatutako hamar kutxatan, 127 liburu kutxa bakoitzeko. Horietatik guztietatik 52 nobedadeak dira, hau da, iaz argitaratutakoak eta Galtzagorriko irakurketa mintegian aukeratutakoak. Besteak klasikoak eta aurreko urteek utzitako alerik onenak dira. Helburua ikasleek liburuak esku artean hartu eta irakur ditzatela da, eta irakurtzean ongi pasa dezatela. Galtzagorriko adituek ez dute kutxen erabilpena zein den zehazten, eskola bakoitzak askatasuna dauka erabilpena zein izango den lantzeko. Dinamizatzaileek kutxak eraman, erakutsi, aurkeztu eta irakurketak egiten dituzte ikasleekin, baita animazio ekintzak ere. Kutxak eskoletan dauden hilabetean tokian tokiko eskola liburutegien edo gelen parte bihurtzen dira, ikasleek eskura izan ditzaten.

 

Aurtengo kartela, alfabetoa oinarri duena, Estibaliz Jalonek egin du. Hizki bakoitzari munduko kultura eta literatura ezberdinetako emakumezko pertsonaiak gehitu dizkio. Astrid Lindgreen idazle suediarraren Pippi Langstrump pertsonaia, Mila gau eta bat gehiago arabiar ipuinen bildumako narratzaile Sherezade printzesa, Mariasun Landaren Iholdi, Toti Martinez de Lezearen Nur, Wonder Woman heroi estatubatuarra eta hizki beste ipuinetako emakume marraztu ditu Jalonek Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak egitasmoaren aurtengo irudi izango den kartelean. 

Egitasmo honen hastapenetik, ikasturtero, afixa edo kartela ilustratzen dute irudigile ezberdinek. Hala egin izan dute, besteak beste, Iraia Okinak, Elena Odriozolak, Belen Lucasek, Antton Olariagak, Mattinek, Jokin Mitxelenak, Aitziber Alonsok edota Jon Zabaletak. Kartel hori alfabeto bihurtu zuen Galtzagorri elkarteak 2017-2018. Ikasturtean. Lehendabiziko alfabeto hori Iban Barrenetxeak egin zuen.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·