Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

Bilaketa:

PROBATU BOOKTUBEEN BOTEREA UDA HONETAN!

Irakurleak boterea hartzen ari dira. Azken ikerketek garbi adierazten dute: liburu baten salmentaren %25a eragin dezakete booktuberren gomendioek. Booktuberrek liburu baten inguruan egindako iritziak askoz ere eragin handiagoa ei du aldizkari eta egunkarietako kritika literarioek baino. Gero eta irakurle gehiagok sentitzen du irakurritako liburuen inguruan iritzia emateko beharra. Eta komunitate oso bat dago horiek entzuteko prest. Orain dela gutxi arte, liburuaren inguruko dinamika eta irakurketa bera bakarka eta modu intimoan egiten zen zerbait zen. Eta irakurlea liburugintzaren munduaren katearen azken muturra zen. Irakurleek ez zuten iritzia emateko aukera askorik eta zer irakurri erabakitzen zuten literatur kritikoek esandakoari kasu eginez. Adituen iritziei muzin egin gabe eta fenomeno honen kontrako jarrerei errespetua gordeta ere, aitortu behar dugu booktuberrek sekulako errebolta sortu dutela. Booktuberrak ez dira kritikariak, ez; baina hauen gertutasunak milioika gazte konkistatzen ditu.

Errebolta hori ekarri nahi dugu Euskarazko Gazte literaturara ere. Horretarako sortu dugu Galtzagorri Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak Booktuberboom egitasmoa. 14-18 urte bitarteko gaztea zara? Youtuben ibiltzea atsegin duzu? Parte hartu nahi duzu errebolta honen hasieran?

Jaurlaritzak eleberri grafikoa, komikia eta album ilustratua eta gazte literatura eta ipuin edo eleberri motzak sustatuko ditu bi dirulaguntzen bitartez

Eleberri grafikoa, komikia eta album ilustratuaren sorkuntza laguntzeko xedez Irudi Sorkuntza deialdi berria irekiko du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak lehen aldiz. Deialdia irailean argitaratuko da Buletinean eta hilabeteko epea izango da eskaerak aurkezteko. Bestalde, Jaurlaritzako Zuzendaritza honek burutzen duen Kultura Sorkuntza dirulaguntzen deialdiaren barruan bi modalitate berri izango dira aurten: Gazte literatura eta ipuin eta eleberri motzak. Bigarren deialdi hau uztailaren 27an argitaratuko da eta irailaren 14a arte izango da eskaerak aurkezteko epea. Modu honetan Euskal Literaturako, eta bereziki, Haur eta Gazte Literaturako sortzaileen lana bultzatuko du.

2018ko IBBYren Ohorezko Zerrendarako Canok idatzitako eta Igerabidek itzulitako liburu bana aurkeztu ditu Galtzagorrik

IBBY erakundeak bi urtean behin osatzen du IBBYren Ohorezko Zerrenda. Bertan, argitaratu berriak diren interes eta kalitate goreneko liburuak biltzen ditu, mundu mailan dauden IBBYren atal ezberdinek proposatuta. 2018ko IBBYren Ohorezko Zerrendan euskarazko bi liburu daude: Harkaitz Canok idatzitako "Zer demontre dago aulkien azpian" (Pamiela, 2016) eta Juan Kruz Igerabidek itzulitako “Oz-eko azti harrigarria” (Denonartean, 2015). Galtzagorri Elkarteak proposatutakoak dira biak, lehena idazleen kategorian izan da aukeratua; bigarrena, itzultzaileenean.

Ikasturtearekin batera amaitu dira liburutegi ibiltarien saioak

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzarekin bideratzen dituen Liburuen Altxorra (Gipuzkoan) eta Liburu Ibiltariak (Bizkaian) egitasmoen saioak ikasturtearekin batera amaitu dira. Aurten Bizkaiko 25 eta Gipuzkoako 30 eskola txikitan izan da liburutegi ibiltaria; liburu berriz eta kalitate handiko ezinbesteko liburuz osatutako altxor kutxak. . Galtzagorriko bulegora iritsi berri dira Bizkaian eta Gipuzkoan zehar bidaiatzen ibili diren 10 liburu kutxak. Horiek hustu, liburu kaltetuak ordezkatu, berriak sartu eta datorren ikasturtean itzuliko dira 2016ko libururik onenekin.

Ainara Azpiazu Aduriz eta Paula EstÚvez Del Diego egileek irabazi dute 2017ko Etxepare saria ARRAROA albumarekin

Aurkeztu diren 26 lanen artean izan da aukeratua Ainara Azpiazu “Axpi” eta Paula Estévezen albuma. Lan irabazlean haur batek gaurko gizartearen aniztasunari erreparatzen dio bere etxeko leihotik. Etxepare saria Nafarroako 20 toki entitateek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute. Hain zuzen Etxepare Sariaren antolatzaileen ekimenez antolatu zuen joan den martxoan Iruñean Galtzagorri Elkarteak, Iruñeko Udalaren babesari esker, Biko-Teka liburu grafikoak sortzeko tailerra. Irabazle suertatu den “Arraroa” albuma Biko -eka Tailerrean landu zuten bi egileek.

Ikus-entzunezko kritikak www.galtzagorri.eus-en

Galtzagorri Elkartearen web gunean Euskal Haur eta Gazte Literaturako liburuen inguruan argitaratzen diren euskarazko kritika literario guztiak biltzen ditugu 2012tik.

2017an, idatzizko komunikabideetan argitaratutakoez gain, ikus-entzunezko kritikak ere zintzilikatzen hasi gara. Hain zuzen, "Sautrela" telebista saioak Euskal Haur Literaturari hilean behin eskaintzen dion tartea baliatuz.

Beste inon egiten ez den bilduma lan hau, Asun Agiriano, Lore Agirrezabal, Xabier Etxaniz eta Imanol Mercerori esker gauzatzen du Galtzagorri Elkarteak.

Lazarillo Sarietan parte hartzeko deialdia zabalik da

2017ko Lazarillo Sarietan parte hartzeko deialdia egin du OEPLIk, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren babesarekin. Sariketa honen helburua haur eta gazteei zuzendutako liburuen kalitatezko liburuen produkzioa bultzatzea da. Egun bi sail ditu lehiaketa honek: bata, Album Ilustratuarena; bestea, Literatur Sorkuntzarena. Aurten, 3.000 euroko saria izango da modalitate bakoitzean.

MarraziOak IX: Uztailaren 14ra luzatu dugu izen-emate epea

MarraziOak IX

topaketetan parte hartzeko izen-emate epea beste astebetez luzatu dugu. UZTAILAREN 14a izango da dokumentazioa aurkezteko azken eguna. Hau da Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak haur txikientzako liburuak sortzeko eskainiko duten lantegian parte hartzeko azken aukera. Irakurri oinarriak eta bidali zure lana! Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie aukeratuak diren 12 laguni.

MarraziOak IX topaketetara aurkezteko azken egunak

Uztailaren 7an amaituko da Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen dituen MarraziOak IX topaketetara lanak aurkezteko epea. Parte hartu nahi duten irudigileek dokumentazio arruntaz gain (oinarriak), irakasleek eskatutako ariketa zehatza ere bidali beharko dute egun horretarako.

Haur txikientzako liburuak sortzeko tailerra izango da MarraziOak IX

Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren laguntzarekin urtero antolatzen dituen MarraziOak topaketek  9. edizioa beteko dute aurtengo irailean. Ilustratzaileei zuzendutako astebeteko lantegia da MarraziOak eta aurten irailaren 11tik 15era egingo da Komikigunean, Donostian.

Gustavo Puerta literatura eta arte adituak eta Elena Odriozola ilustratzaileak gidatuko dituzte jardunaldiak eta hauxe da prestatu duten gaia: “Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak egin. Haur txikientzako liburuak sortzeko tailerra”. Gehienez 12 irudigilek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Izen-ematea uztailaren 7an amaituko da.

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·