Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Galtzaberri

atzera

Munia eta Iholdi pertsonaien eta euren egileen arteko harremanaz

“Munia eta Iholdiren benetako historia (edo zergatik diren adiskide Balzola eta Landa)” izeneko artikulua Haur eta Gazte-Liburu eta Literaturako Nazioarteko Masterraren 4. edizioaren bukaerako lan gisa idatzi zuen Arroitajauregik eta, dagoeneko, bi literatur aldizkaritan argitaratu da osorik; Galtzagorrik argitaratzen duen Behinola aldizkarian (25. zenbakian) euskaraz, eta CLIJ aldizkariaren 250. zenbakian gaztelaniaz.

Bertan, Mariasun Landa eta Asun Balzolaren arteko harremana eta egile hauek sortutako Iholdiren (Landa) eta Muniaren (Balzola) arteko harremana parekatu ditu Arroitajauregik. Besteak beste, pertsonaia horietan Landa eta Balzolaren haurtzaroko eta gaztaroko bizipenak eta pentsaerak azaleratzen direla ondorioztatzen da.

Bi pertsonaien eta egileen harremana

Artikulu interesgarria osatu du Arroitajauregik bi egileen eta pertsonaien arteko antzekotasunei eta harremanari zergatiak bilatu nahian eta idatzita nahiz ilustratuta utzi duten lanaren balioa azpimarratu asmoz.

Besteak beste, artikuluan jasotzen denez, “Mariasun Landak behin baino gehiagotan kontatu du (2011b), Asun Balzolaren Munia ezagutu ondoren, Iholdi ilustratzaile hark irudikatzea nahi zuela”. Horrela hasten da lotzen bi egileen arteko harremana eta pertsonaien artekoa. Halaber, Arroitajauregik lau motibo aurkitu ditu bi egileen arteko adiskidetasunean:

- Haurtzaroa paradisua denik ez sinesteagatik

- Beren amen eta amonen eraginagatik

- Emakume eta feminista izateagatik

- Umetatik asko irakurri izanagatik

Artikuluan laburbiltzen denez, “bizipen eta arteari buruzko eta bizitzari buruzko ikuspegi asko partekatzen” dituzte Balzolak eta Landak eta ondare horren guztiaren oinordeko egiten ditu Arroitajauregik Munia eta Iholdi ere. Bi pertsonaia hauen inguruko liburuak irakurtzeak egileen pentsaerara eta bizitako garaietara gerturatuko gaituela iradokitzen da bertan.

 

Utzi zure erantzuna:

 
* duten eremuak derrigorrezkoak dira.
Izena*
E-posta*
 
Idatzi ezazu segurtasun kodea
   
       
 
Lagun bati bidali
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·