Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Irudigileak

Irudigileen bilaketara itzuli

Biografia

1994an Arte Ederrak bukatu zituen EHUko Leioako fakultatean. 1997an, Xenpelarren tailer bat gauzatzen ari zela, ilustrazioaren munduan murgildu zen. Ordutik, bere ilustratzaile lana finkatzen joan da Artelekun gauzaturiko serigrafiaren inguruko eta BalentziagaMuseoan gauzaturiko moda-ilustrazio ikastaroen bitartez.

Bere ilustratzaile lana beste lan batzuekin uztartzen du. Besteak beste, 2011. urtetik 2014. urtera arte Galtzagorri Elkarteko lehendakari izan da. Bertako kide zen lehenagotik ere eta hainbat lan egin ditu elkartean, besteak beste, Itziar Zubizarretarekin batera, Areto Literarioak prestatzea edota Aiete Kultur Etxean (Donostia) dagoen Ilustratzailearen Txokoa sortu eta koordinatzea, baita Marraz(i)Oak jardunaldiak koordinatzea ere, 2009tik. Gainera, Etxepare Sarien epaimahaikide ere izan da. Patxi Zubizarretarekin batera Irria aldizkarian parte hartzen du, hark idatzitako ipuinari irudia jartzen.

Bere lehenengo lanetako bat Talaia aldizkariarentzat irudiak egitea izan zen Alberdania argitaletxearekin (1999).

Arte Ederrak ikasi eta pinturako espezialitatea egin zuenean, ez zekien ilustratzaile izan nahi zuenik, eta ikasketak amaitzerakoan konturatu zen bere marrazkiek betidanik izan zutela ilustrazioaren kutsua, marrazki bakoitzak istoriotxo bat kontatzen baitzuen. Beraz, bere iturriak pintura aldetik datoz; Gustav Klimt, Alfons Mucha eta Aubrey Beardsley-k, erromantizismoz, erotismoz eta detailez beteriko irudiak lantzen zituzten, eta handik edan izan du asko Alonsok.

Umetako ikasliburu eta marrazkiak eta hainbat euskal ilustratzaile, Asun Balzola eta Antton Olariaga, esaterako, ditu erreferentetzat. Eta erronka berrien aurrean aurkitzen da bere aurreko ilustratzaileekin alderatuz. Albumaren kasuan adibidez, idazle eta irudigileen lana berdin berdina dela dio, gehienetan tandem bat dela, elkarlana, edo hala izan beharko lukeela behintzat, eta, hala ere, oraindik badirudiela albuma idazlearena dela bakarrik, eta irudiak apainketa soila direla. Hitz gutxitan esateko, ez zaiela albumaren kultura iritsi oraindik.[4]

Baliabideei dagokienez, presarik gabe lan egitearen hutsunea nabaritzen du. Bere arabera, «dena oso azkar doa, gaur ateratzen dena bi hilabetera ahaztua dugu». Berak, ahal izango balu, "Liburu objektuak", "altxor txikiak", presarik gabe egindako lanak, detaile guztiak zainduz, kolekzio edo sailetatik kanpoko liburuak, eskuetan eduki eta zentzumen guztiekin disfrutatzeko liburuak egingo lituzke.

 http//aitziberalonsoilustracion.blogspot.com

* Segurtasun arrazoiak direla medio, profesional honen datu pertsonalik ez duzu aurkituko web gune honetan. Hala ere, horiek eskuratu nahiko bazenitu Galtzagorrira dei dezakezu (Telf: 943471487) edota email bat igorri (galtzagorri@galtzagorri.eus) eta ahal dugun guztian lagunduko dizugu.

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·