Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Liburuen altxorra / Liburu ibiltariak

2000 / 2001az geroztik Gipuzkoako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesean, herriz herri garatzen dugu egitasmo hau, lurralde bakoitzean izen bat hartzen duelarik: Liburuen altxorra Gipuzkoan eta Liburu ibiltariak Bizkaian. Egitasmoaren sorreran, liburuz beteriko kutxa handi batzuk mugitzen genituen herriz herri, eskola txikietan, dinamizazio ekimen bat burutzearekin batera. Motibazio literarioa sustatzea izan da egitasmo honen helburu nagusia, irakurtzeko zaletasuna sustatzearekin batera. Asmo hauei eutsi diegu baina helmuga berriak ezarri ditugu denborarekin, zehaztasun maila handiagoa lortzearekin batera.

   

Bi funtzio

1.- Mailegua eta haurrentzako dinamizazio saioak

Gurpildun kutxa handi batean, Euskal Haur eta Gazte Literaturako 130 liburutik gora biltzen ditugu. Honi eransten diogu urtero ilustratzaile ezberdin batek sortutako afitxa. Kutxetan sartzen ditugun liburuen aukeraketa, Galtzagorriren irakurketa mintegian egiten da, kalitate irizpideen arabera. Urtez urte, kutxako liburuak berritzen ditugu beraz, azken urteko nobedadeak sartuz; hala ere, Euskal Haur Literaturako betiko liburu ezinbestekoek  tokia izaten dute beti kutxan. Bestalde, kutxa osatzerakoan lliteratur jenero guztiak hartzen ditugu kontutan: komikia, album ilustratua, ipuina, poesia, antzerkia... baita erabilpen kolektiboa duten liburuak ere.

Liburu kutxa hauek ordea ez dira eskola txikietara bakarrik heltzen: Galtzagorriko dinamizatzaile batek gidatzen ditu, eta honek ikasleen adinaren araberako, dinamizazio saioak eskaintzen ditu eskola bakoitzean. Liburuak aurkeztu, kontakizun txikiak egin, poesia jokoak burutu, album ilustratuak ikusi...

Hilabetez, kutxa eskolan izan ondoren, dinamizatzailea eskolara itzultzen da kutxaren bila eta haurrekin hilabete horretan egindako irakurketak partekatzeaz gain, beste kontakizun edo irakurketa batzuk eskaintzen dizkie. Ondoren, kutxak bere ibilbideari ekingo dio eta beste herri batera joango da, beste eskola batera, beste ikasle batzuek honen altxorraz goza dezaten.

 

  

 

2.- Irakasleentzako Aholkularitza zerbitzua

Azken urteetan, errealitate zeharo desberdinak topatu ditugu bisitatu ditugun ikastetxeetan, eta gure egitasmoa errealitate horri egokitzeko asmoz, Aholkularitza Zerbitzu Ibiltaria bideratzen dugu. Irakasleen formazioa, Eskola liburutegien dinamizazioa eta liburuak baloratzeko irizpideak sustatzea dira zerbitzu honen helburu nagusiak.

Horretarako, zenbait eskola txikitara bisita egiten du dinamizatzaileak eta hauetako bakoitzean irakasleei aholkularitza saio bat eskaintzen die: bertan, aurreko urtean Euskal Haur Literaturan argitaratu diren libururik kalitatezkoenak aurkezten dizkie eta horiek oinarri hartuta haurrekin burutu ditzaketen irakurtzeko zaletasuna sustatzeko estrategiak aurkeztu.

 

Bi funtzio betetzen ditu zerbitzu honek:

Irakurketa dinamizatzeko irizpideak eman irakasleei: aurkezten zaizkien liburuekin landu ditzaketen gaien eta dinamiken berri emanez.

- Bibliografia gaurkotu:urtero aurreko urtean argitaratutako kalitatezko liburu berriak aurkezten zaizkie irakasleei saio hauetan. Horrez gain, Haur eta Gazte Literaturako zerrenda oso zabal bat burutzen gabiltza, azken hamabost urteetan euskaraz argitaratu diren liburuez osaturik. Haur Liburutegi bat osatzeko Galtzagorri Elkarteak gomendatzen dituen izenburuen hautazko zerrenda da honakoa. Etengabe berritzen dugu zerrenda hau eta aurrerantzean ere lan honetan jarraituko dugu, oraindik irakurri eta baloratu ez ditugun hainbat liburu berri zerrenda honetan erantsiz.


Gipuzkoako Foru Aldundia Bizkaiko Foru Aldundia
Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·