Galtzagorri Elkartearen webgunea

liburu-gaztea
Bularretik Mintzora
Liburuen altxorra

Irakurketa mintegia

Azalpena:

Galtzagorri Elkartea sortu zenetik, Haur eta Gazte Literaturaren inguruan lanean dabiltzan hainbat profesionalek aholkularitza gune gisa erabili dute. Sarri, bibliotekari, irakasle, ikerlari eta hezitzaileek Galtzagorrira jotzen dute euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren alorrean dituzten zalantzak argitze aldera.  Urte guzti hauetan behar horri erantzuten saiatu da Galtzagorri, beti ere, elkartekide direnen borondate ona bidelagun hartuta.

2005ean, eskari eta galderen gorakada ikusirik, Euskal Haur eta Gazte Literaturako Irakurketa Mintegia osatu zen. 2005eko urtarrilaren 9an elkartu zen lehen aldiz, urteetako hausnarketa lan bati erantzunez. 

2007an berriz, Irakurketa Mintegi honek pauso bat gehiago eman zuen: Haur eta Gazte Literaturan urtero argitaratutako liburuak irakurtzeaz gain, formazioa eskaintzera igaro zelako.

Horretarako, Itziar Zubizarreta idazle, irakasle eta ipuin kontalariak egitaraua prestatu eta koordinatu zuen 2007an lehenengo aldiz. Ordutik urtero bildu da Galtzagorriko Literatura Mintegia.

 

Urtez urte, euskaraz haurrentzat argitaratzen diren liburu guztiak irakurtzeaz gain, formazio programa ezberdinak landu dira ikasturtero. Haur Liburuak baloratzeko irizpideak, literatura genero ezberdinen ezagutza, liburuen dinamizazioa, hauen aurkezpenak...

 

 

 

Mintegi honetan, Galtzagorriko bazkidez osatutako talde bat biltzen da hilero larunbat goiz batez. Besteak beste, bibliotekariak, irakasleak eta dinamizatzaileak biltzen dira: literatur zaletuak izateaz gain, beraien lanetan argitaratutako azken liburuen irakurketa eta azterketaren beharra dutenak, hain zuzen. Izan ere, beraien jardunean sarri hauei buruzko informazioa falta zaie ekintzak burutu edo prestatzeko garaian.

 

Literatura Mintegia egitasmo estrategikoa da Galtzagorrirentzat. Izan ere, bertan egindako irakurketa eta liburuen hautaketatik elikatzen baitira gero Galtzagorriko hainbat egitasmo. Duen garrantziaren jakitun, egitasmo hau indartzen saiatu da Galtzagorri azken urteetan. Horretarako, Itziar Zubizarretaz gain, 2009-2010. ikasturtean Mikel Ayerbe literatura kritikaria aritu zen koordinatzaile lanetan. 2011-2012 ikasturtean hiru gidari izan zituen Mintegiak: Itziar Zubizarreta bera, Jone Arroitajauregi bibliotekaria eta Imanol Mercero literatura kritikari eta dinamizatzailea. 2012-2013 ikasturteaz geroztik, Ane Lapizondo irakaslea eta Imanol Mercero dira saioen gidari. Halaber, ikasturte hartan hasi ginen Mintegiaren osagarri izango ziren adituen formazio saioak antolatzen. Hortaz, 2017-2018 ikasturtean ere Lapizondok eta Mercerok egingo dituzte gidari lanak eta beste formazio saio monografiko bat eskainiko da. Saioak Donostiako Haur Liburutegian burutzen dira.

Mintegi hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari  esker egiten du Galtzagorri Elkarteak. Egitasmo honetarako OEPLI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) erakundearen kolaborazioa ere jasotzen du Galtzagorrik, Espainiako Ministerio de Culturak emandako laguntzari esker. 

 

 

Prozedura

Urtero bezala, Literatura Mintegiak hamar saio izango ditu  2017-2018. ikasturtean. 2017ko irailaren 23an egingo da lehenengo saioa. Ondorengoak: urriaren 21ean, azaroaren 18an, abenduaren 16an, 2018ko urtarrilaren 13an, otsailaren 17an, martxoaren 17an, apirilaren 28an, maiatzaren 19an eta eikanaren 16an egingo dira.

Hiru orduko saioak dira goizez, eta bertan, 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat euskaraz argitaratutako guztia irakurtzeaz gain, liburuen balorazio irizpideetan eta aurkezpenetan formatzen dira partaideak.

 

 

Formazio saio irekia 

Mintegiaren ohiko saioez gain, iaztik, edozeini zabalik dauden formazio saio monografikoak ere eskaintzen ditugu. 2017an honako formazio saioa eskainiko dugu urriaren 28an, goizeko 9:30etatik 13:30etara:

 

 "Haurren irakurzaletasuna sustatzeko familiaren eta faktore psiko-emozionalen garrantziaz"

 

Hauexek izango dira saio honetan landuko diren edukiak:

9:30-11:30. FAMILIAREN GARRANTZIA IRAKUZALETASUNA SUSTATZEKO GARAIAN. Emailea: JOAN PORTELL, pedagogoa, literatur kritikaria, unibertsitateko irakaslea, Municipi Lector irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoaren koordinatzailea, idazle, editorea… Portell irakurzaletasuna sustatzeko estrategietan eta Haur eta Gazte Literaturan aditua da.

11:30-12:00. ATSEDENA

12:00-13:30. ARLO PSIKO-EMOZIONALAREN GARRANTZIA HAURREN IRAKURKETA OHITUREN SORKUNTZAN. Emailea: JUAN CARLOS ALONSO, psikologoa. Donostiako eskola batean lan egiten du, Haur eta Gazte Literaturak haurren garapenean duen eraginean aditua da eta Bularretik Mintzora kanpaina ebaluatzen dabil honen hastapenetik.

 

 

 

Formazio saio hau mintegikideei bereziki eskainia dagoen arren, irekia da. Mintegiko kideentzat doan da. Galtzagorriko bazkideek prezio berezia izango dute.

 

Helburuak

a) Galtzagorriren hainbat egitasmotarako  ezinbestekoa da: Liburu Gaztea, Liburuen Altxorra, Behinola aldizkariko erreseinak eta web gunea modu egokian eguneratu eta prestatzeko baliatzen dugu urteroko mintegia; hainbat lehiaketetarako  zerrendak eta hautagaiak aurkezten laguntzeko balio digu; aholkularitza deiei behar bezala erantzuteko ere baliatzen dugu; azkenik, EHGLaren esparruan dauden beharrei buruz hausnarketa egiteko erabilgarri zaigu, egitarauan esparru honetako alderdi ezberdinetan lan egiten duten profesionalak biltzen baitira.

b) EHGLaren esparruan lanean dabiltzan profesional ezberdinak harremanetan jartzeko balio du. Sortzaileak batetik, ikerlariak bestetik eta bitartekariak azkenik.

c) Irakurketaren bitartekariak formatu eta liburuen balorazioan trebatzeko. EHGLn jantziak dauden bitartekariak ezinbestekoak zaizkigu haurren irakurtzeko zaletasuna sustatzeko. 

 

 

Dokumentu osagarriak

Hona hemen, azken urteetan Literatura Mintegiak egindako lanaren ondorioz, Galtzagorrik prestatu dituen urtez urteko "liburu gomendagarrien" zerrendak.

2008ko liburu gomendagarriak

2009ko liburu gomendagarriak

2010eko liburu_gomendagarriak

2011ko liburu gomendagarriak

2012ko liburu gomendagarriak

2013ko liburu gomendagarriak

2014ko liburu gomendagarriak

2015eko liburu gomendagarriak

  

Koordinatzailea: Ane Lapizondo eta Imanol Mercero.

Tokia: Donostiako Haur Liburutegia. Fermin Calbeton, 25.

Herria: Donostia

Data: hilero larunbat goiz bat


Material osagarria

Bazkideek doan hartzen dute parte mintegi honetan. Informazio gehiago nahi duenak dei dezala telefono honetara: 943 471 487

Galtzagorri Elkartea · Zemoria 25, Behea 20013 Donostia ·