AURREKO EDIZIOAK > 2016-2017

Ezkutuko maitea

  • Egilea: Anjel Lertxundi Esnal
  • Argitaletxea: Elkar
  • Urtea: 2002
  • Ilustratzailea: Antton Olariaga
  • Bilduma: Maxe
  • Orri kopurua: 128
  • Adina: 12tik gora
  • Nork hautatua: Xabier Etxaniz
  • Prentsako aipamenak:


    - Xabier Etxaniz Erle, Egunkaria 2003ko urtarrilaren 11a Hamar urte bete zituen egunean, argazki makina bat oparitu zioten gurasoek Maxeri. Harrezkero, argazkiak atera eta atera ibiltzen da, eta argazkien inguruan, edo argazkiak direla eta, hainbat saltsa, istilu, misterio.. izan ditu neskatxa gazteak. anjel Lertxundik idatzi eta Antton Olariagak ilustratutako bildumaren hirugarren alea dugu hau, eta, aurreko bietan bezala, argazki bat izango da abiapuntua.

    Jakina, bilduma hauetan garrantzitsua izaten da aurreko aleak ezagutzea; honetan, esaterako, "Musubero Mon amour" aurreko nobelan Maxek izaniko hanka sartzea aipatzen zaigu, eta hori dela eta dakigu agertzen den zuhurtzia argazkiaren interpretazioan. Baina, aurreko nobelak irakurri gabe ere, irakurleak ez du inolako oztoporik oraingo honetan barneratzeko, izan ere, argumentua independientea da; pertsonaiak, nahiko ongi karakterizatuak; eta ekintza, azkarra eta bizia. Maxek, dantzaldi bateko karretea errebelatu ondoren, argazkiak begiztatzen dituen bitartean, ustekabe handia izango du lagunei ateratako argazki batean, atzean, bere anaia eta Akaina drogasaltzailea elkarrekin ikustean. Egoera horretatik abiatuta, irakurleak Maxerekin batera egingo du atzera, argazki hura atera zuen egunera arte, eta, gero, poliki-poliki, aurrera, anaia dantzaldian nola zegoen eta zer egiten zuen argitu nahian.

    Gaztetxoen hizkera, bizimodua eta interesak ederki islatzen dira nobela honetan. Nortasunaren garapena, independentzia, janzkera, lagunak, drogen mundua, amodioa edo musika, esate baterako. Baina baita neskena ere; etxeko lanak, neska edo mutilen arteko bereizketa, berdintasun nahia, exijentzia maila... Jakina, Lertxundik hau guztia misterio kutsua duen nobela honetan ederki kokatzen du, helburua entretenitzea baita, baina ongi pasatze horrez gain, badago hizkeraz, hizkuntzaz, literaturaz, kontatzeko eraz disfrutatzeko gogoa ere. Edo beste modu batean esanda, entretenitze hori kalitatezko literaturaren bidez etorri behar da, argumentua entretenigarria bada ere, istoria kontatzeko era landua dugu (arestian komentaturiko egitura bera dugu horren adibide bat: narrazioaren erdian hasi, atzera bueltatu, eta, handik aurrera egin); Maxe bera da istorioaren narratzailea, lehen pertsonan kontaturiko istorioa dugu, baina, gainera, neska gazte baten ikuspuntutik kontaturik egoteaz gain, hizkera bera ere, zaindua izanda literatur lan on bati dagokion moduan, gazte batena dugu ("kantu superra", "Gorka tontozaperoak zituen kulpa guztiak", eta abar).

    Beste alde batetik, egun dauden hainbat konturen inguruan eztabaidatzeko edo gogoeta egiteko parada ere ematen digute Lertxundik eta Olariagak obra honetan. Literaturaz, musikaz, lagunez... baina baita drogei buruz, guraso eta seme-alaben arteko harremanez edo gure gizartearen gizon eta emakumeen paperari buruz aritzeko ere obra aproposa dugu "Ezkutuko Maitea" gazte nobela hau.

    Maxe bilduma honetako gainerako lanetan bezala, Lertxundik eta Olariagak liburua aprobetxatzen dute, nobelaz gain, bestelako kontu batzuei buruz aritzeko; argazki karretearen haritik (Maxe argazkilaria da bildumako lan guztien protagonista, eta hark ateratako argazkiak argumentuaren oinarri), nobela amaitu eta gero, zenbait argazki komentatzen zaizkigu "Nire albumeko beste argazki batzuk" azken atalean. Oraingo honetan, esaterako, egileek jarritako bederatzi argazkietan, Kirmen Uribe agertzen da ("Ezkutuko Maitea" poemaren ildotik, ondarrutarraz eta haren poesiaz hitz egiteko), literaturzaletasunari buruz bada beste argazki bat, parranda edo gaupasei buruzkoa, drogaren inguruko jolas herrikoiak edo txisteak oinarri dituztenak. Testu labur, samur eta entretenigarriak dira liburuko guztiak.

    "Ezkutuko Maitea" Lertxundiko eta Olariagaren nobela hau-liburu hau, esan beharko genuke, nobelaz gain azken atal hori ere daduelako-, amen batean irakurtzen den obra da; argazkiaren misterioa eta gurasoen jarreraren inguruko zalantza argitu nahiak bultzatuko baikaitu obra di-da batean irakurtzera; baina, amen batean irakurri arren, gero buruan bueltaka luze egon daitekeen obra interesgarria dugu.

ATZERA