AURREKO EDIZIOAK > 2016-2017

Grimm anaien ipuinak

  • Egilea: Genaro Gomez Zubia
  • Argitaletxea: Pamiela
  • Urtea: 1999
  • Itzultzailea: Genaro Gomez Zubia
  • Ilustratzailea: Otto Ubbelohde - Josemi Goyena
  • Orri kopurua: 366
  • Adina: 12tik gora
  • Nork hautatua: Xabier Etxaniz, Manu Lopez Gaseni
  • Laburpena:

    ...amaordeak esan zion:

    -Bota dinat, erretilukada bat dilista errauts gainera; bi orduko epean dilistak berriz jasotzen baldin baditun, jaira joatea izango dun.

    Neskatxa lorategira joan zen atzeko atetik, eta hots egin zuen:

    -Usotxo otzanak, usapalak, zeru azpiko txoritxo guztiak, zatozte eta lagun iezadazue dilistak batzen, onak eltzera, txarrak golkora.

    Orduan sartu ziren sukaldeko leihotik bi usotxo zuri, eta gero usapalak, eta azkenik zeru azpiko txori guztiak burrunbaka eta hegaldaka jira eta bira, eta errautsen gainean pausatu ziren. Eta usotxoek burua makurtu zuten eta hasi ziren pik, pik, pik, pik, eta orduan gainontzeko guztiak ere hasi ziren pik, pik, pik, pik, eta ale on guztiak erretiluan utzi zituzten. Ordu bete pasa orduko bukatu zuten eta berriz kanpora hegaldatu ziren. Orduan neskatxak erretilua eraman zion amaordeari, eta pozik zegoen, eta uste zuen orduan bai, jaira joatea izango zuela. Baina amaordeak esan zuen...

  • Prentsako aipamenak:


    - Javier Rojo, El Correo 2000ko irailaren 6a Ipuin klasikoak

    Argitaletxeek batzuetan ez dute batere argi zein den beren funtzioa haur eta gazte literatura plazaratzekoan. Liburu asko eta asko argitaratzen dira alor honetan eta zenbait idazlan interesgarriren ondoan inolako interesik ez duen edozein gauza ere agertzen da. Hau bertako produkzioan begibistakoa bada ere, kezkagarriagoa iruditzen zait itzulpenaren alorrean hainbat ahalegin badaezpadako garrantzia duten lanetan ia alferrik xahutzea. Izenburu kopurua handitzen den neurrian, beraz, kalitatearen bataz bestekoa bere hartan gelditu dela ematen du, jeitsi ez bada, behintzat. Horrexegatik hain zuzen, pozgarria iruditzen zait "Grimm anaien ipuinak" Genaro Gomezen eskutik euskaraz argitaratuta ikustea. Izan ere, liburudendak haur eta gazte literaturaren izenpean merezimendu handirik gabeko lanez betetzen direnean, beti klasikoetara jo dezakegu bete-betean asmatuko dugula ziur egonda. Edizio zainduaren aurrean gaude, testuak eta aspaldiko irudiak biltzen dituena, amaieran oharrak eta bibliografia ere eskaintzen dituena. Grimm anaien ipuinak hau literaturaren gailurtzat hartu izan badira ere, liburu hau, berez, helduentzako folklore bilketa miresgarria da. Edizio honek ipuin bildumaren izaera bikoitz hori gogora ekarri digu.
    - Behinola 2. zenbakia 2000ko apirila Perraulten ipuinen edizio txukuna aurkeztu eta urte gutxira, berriz ere datozkigu Pamiela eta Genaro Gomez beste bilduma klasiko batekin, Grimm anaien ipuinena, aurrekoa bezain zaindua. Oraingo honetan, 62 ipuin biltzen dira eta, horiekin batera, gibel solas argigarri bat, oharrak, bibliografia, Grimm anaien biografia eta ipuinok euskaraz izan dituzten edizioen zerrenda. Ikus daitekeenez, euskaraz egin den Grimm anaien ipuinen ediziorik osatuena da.

    Ipuinei dagokienez, alemanieratik euskaratuta daude Grimm anaien ipuinen jatorrizko edizioetan jasotzen ziren bezalaxe, inolako egokitzapenik gabe alegia. Oso interesgarria da, esaterako, zenbait ipuin tradizionalen aldaerak konparatzea: Marierrauskin, Txanogorritxo, Erpurutxo, eta beste ipuinetan aldaketa nabarmenak baitaude Perraulten bildumatik Grimm anaien bildumara, toki, garai eta modaren araberako aldaketak.

    Liburua guztiz gomendagarria da bere kabuz irakurri nahi duen umearentzat zein interes pedagogiko edo filologikoz hurbiltzen zaion helduarentzat.

    - Gara, 2000ko martxoaren 18a Genaro Gomezen itzulpen txukuna

    Jacob Grimm eta Wilhelm Grimm anaiek zuzenbide ikasketak egin zituzten; batak legeak baztertu eta Erdi Aroko literatura ikertzeari ekin zion; besteak kanta zaharrak eta ipuinak itzuli zituen alemanera. Jacobekin elkar lanean istorio ezberdinak bildu zituen, argitaratu zuten ipuin-sorta eta bilduma hark entzuera handia hartu zuen. Alemaniar filologiaren oinarrietako bat izan zen Grimm anaien ipuingintza. Oraingoan, Pamiela argitaletxeak edizio txukun batean aurkezten dizkigu. Aipatzekoa da baita ere Genaro Gomezek eginiko itzulpen lana.

ATZERA