AURREKO EDIZIOAK > 2017-2018

Ina, nire ama afrikarra

Ina, nire ama afrikarra
  • Egilea: Gilles Riviere
  • Ilustratzailea: Paxkal Bourgoin
  • Maila: DBH 1-2
  • Argitaletxea: Elkar
  • Urtea: 2016
  • Azalpena:

    Album autobiografikoa osatu du Gilles Rivierek obra honetan, ez dago fikziorik. Kontaketaren helburua Ina deitzen den emakume baten aurkezpena egitea da, harekin izandako ama-seme harremanean fokua jarrita. Bi ardatzetan mugitzen da kontaketa, batetik Burkina Fasoko herritarren bizimodua deskribatzen da, eta bestetik Inaren bizitzaren pasarte garrantzitsu batzuk azaltzen dira. Kontaketa egiteko miresmenezko tonua erabiltzen du Inaren pasarteei dagokionez, eta tonu neutroago bat deskribaketa “antropologikoetan”.

    Afrikak txikitatik erakarri du Gilles. Horregatik, ikasketak bukatzean Burkina Fasoko herrixka batera joan zen erakunde humanitario batekin. Han ezagutu zituen Ina eta bere familia. Elkar ezagutu eta lehenengo unetik, elkarrenganako maitasuna eta errespetua sortu zen. Ordudanik 20 urte pasatu dira eta harremana ez da eten. Ina hil egin den honetan, ordea, Rivierek beharra sentitzen du bere seme-alabei kontatzeko nor izan den Ina. Hortik abiatuta liburu hau idatzi du.

    Liburuaren ia erdia ematen du Ina ezagutu zuen garai eta gertaeren kontaketan. Hasieran begirada eta keinuekin baino ez ziren komunikatzen, Inak ez baitzekien frantsesa. Rivierek diula bertako hizkuntza ikasi ahala harremana emozioetatik hitzetara igaro zen, eta Inak bere bizitza kontatu zion.

    Segidan kontaketak jauzi bat ematen du eta Riviere jendaurrean semetzat hartu zuen unea ekartzen da gogora. Jarraian datozen azalpenak azken urteotako gertakizun bakan esanguratsu batzuk dira, eta haiekin liburua amaitzen da.

    Ilustrazioak egiteko argazkiak pintatu dira, kolore naturaletan.

    Testua ezkerreko orrialdeetan dago, eta irudiak eskuinekoetan. Testua bi paragrafoetan ematen da, gainekoa iparraldeko euskara batuan, eta beheko paragrafoa diulan, Burkina Fasoko hizkuntzan. Erabiltzen den euskalkia iparraldekoa.

ATZERA