Hemeroteka


Compartir
2021-05-14

Album ilustratua landu dute HGL Eskolan ikastaroan

HGL Eskolan ikastaroaren azken atalaren barruan online saio berezia batean, Karla Fernández de Gamboa irakaslearen album ilustratuari buruzko saioa jaso dute.

Fernández de Gamboa Euskal Herriko Unibertsitatean Haur Hezkuntzan diplomaduna eta Lehen Hezkuntzan graduatua da, ondoren "Màster Interunivesitari en Biblioteca Escolar i Promoció de la Lectura" egin zuen. Horrez gain, bi master: "Libros y Literatura infantil y juvenil" masterra eta Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Ikerketaren inguruko masterra. Doktore tesia A través del nuevo milenio y lo que el lector literario encontró allí: La narrativa infantil para lectores de 8 a 10 (2018) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zuen eta, gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean egiten du lan. LAIDA ikerketa taldeko kidea da, UABeko GRETEL ikerketa taldeko kolaboratzailea eta Behinola, Haur eta Gazte Literatura Aldizkariaren erredakzio batzordeko partaidea ere.

Irakasleak album ilustratua eskolan gai zabalaren inguruan ondo neurtutako urratsak aurkeztu ditu, hiru galdera funtsezkoekin saioari hasiera emanez: zer ote den album bat, nola irakurtzen ditugun album ilustratuak eta, azkenik, albumak haurrekin irakurtzen ditugunean, zertarako erabiltzen ditugun. Bakoitzaren erantzuna bideo baten bitartez erantzun du, eta edukiak hobeto eskuratzeko liburu adibide ugari erakutsi ditu.

Informazio osagarri gisa gaiaren inguruko aditu esanguratsuenen artikuluak eskaini ditu (Teresa Colomer, Cecilia Silva-Díaz, Anna Juan) eta proposatu dien ariketa izan da “Albumak irakurtzen” zerrenda baliotsuetatik bat aukeratu eta horren azterketa zehatza egitea. Izan ere, ez da erraza bereiztea zer den album ilustratu bat, “artefaktu hibridoa den produktu kulturala” baita. Baina adibideak ikusiz, elementu desberdinak ezagutzea aberatsa da, esperientziatik abiatzean errazago eskuratzen baitira baliabideak. Irakasleak, bide batez, album ilustratuek irakurleei gaitasun literarioa erakusteko duten ahalmen bikaina nabarmendu du.

Hurrengo saioan Amaia Hennebuttek albumen erabilera didaktikoa eta proiektuak diseinatzeko trebetasunak eskuratzen gaiak hartuko ditu hizpide.