Hemeroteka

2021-01-29

Amaitu da Bikoteka

Gaur, Bikotekaren azken saioan, parte hartu duten sei bikotee eta bi hirukoteek tailerrean zehar sortutako proiektuaren berri eman diete beste partaide guztiei. Aste osoan zehar landu duten proiektua ezagutzera eman dute eta hasieran zuten asmotik, proiektuak izan dituen aldaketak agertu dituzte, zertan den proiektua, alegia. Bikotekaren amaieran, proiektu batzuk aurreratuago eta beste batzuk ez hainbeste, Galtzagorri Elkarteak Iruñeako Udalaren babesarekin antolatzen duen tailerra ez dela gaur amaituko agerian utzi dute.

Gaur, baita ere, partaide bakoitzak etxetik Bikotekara maletan ekarri duten album ilustratu, komiki, fanzine edo dena delakoa erakutsi dute besteen aurrean eta aukeraketaren zergatia kontatu dute.

Aste osoan zehar, Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso irakasleak proposaturiko ariketa ugari egin dituzte, idazleek marrazteko lehen pausuak eman dituzten moduan, ilustratzaileek hitzekin jolas egin dute. Hain urruti ez dauden bi mundu direla ikusi dute, are gehiago, bat eginda doazen bideak izan daitezkeela. Bikoteka amaitu da, baina parte hartu duten sortzaileen proiektuak hasi baino ez dira.