Hemeroteka

2021-10-13

Bidean da hitzik gabeko liburuen erakusketa ibiltaria

Madrilen Liber Nazioarteko Liburu Azoka egiten ari dira egunotan, eta han bertan OEPLIk prestatutako Silent Books erakusketa ikus daiteke. Hitzik gabeko liburuen erakusketa IBBY erakundeak ondutako erakusketaren haritik sortu du OEPLIk. Hain zuzen, IBBYk erakusketa hau sortu zuen Italiako Lampedusa irlan immigrazio krisia hasi zen aroan. Han,  liburutegi bat sortu zuten non hitzik gabeko liburuei garrantzia berezia eman zieten bertako zein iritsitako haurrek erabil zitzaten. Izan ere, hitzik gabeko liburuek komunikaziorako zubi bihur daitezkeela jabetuta. Erakusketa Liber azokan ikusgai egongo da eta ondoren Madrileko Haur eta Gazte Liburuaren Azokan egongo da ikusgai. Gero, 2022an ibiltaria bihurtuko da erakusketa. Martxoan, Pontevedrako Haur eta Gazte Liburuaren Azokan izango da ikusgai eta Euskal Herrira udaberrian iritsiko da.

IBBYk Silent Booksen bost edizio egin ditu jada eta horietan guztietan erabili dituzten 55 ale aukeratu dituzte Madrilen ikusi daitekeen erakusketarako. Ale horiei OEPLIk, bere atalen eskutik, aukeratutako liburuak gehitu zaizkie. Galtzagorri Elkarteak, Etxepare Euskal Institutuarekin duen lankidetza hitzarmenari esker, honako liburuak proposatu ditu: 

Zortzi kolore (Denonartean, 2017). Lorena Martínez Oronoz.

A (Denonartean, 2018). Lorena Martínez Oronoz.

Lohia (Pepitas de calabaza, 2018). Maite Mutuberria.

Barrukoa (Edo!, 2015). Eider Eibar.

Ez dakit marrazten (Elkar, 2020). Eider Eibar.

Erakusketa Euskal Herrira iristean bertako sortzaileen ale gehiago gehitzeko asmoa du Galtzagorri Elkarteak. 

Bihar, bestalde, OEPLIk antolatutako hitzaldi bat egongo da Liberren. Hitzaldian OEPLIko lehendakari Luis Zendrerak eta Fundalecturako Diana Carolina Reyk parte hartuko dute. Hitzaldia Internetez ere jarraitu ahalko da. Informazio gehiago hemen