Hemeroteka


Compartir
2020-12-01

BIKO-TEKAn izena emateko azken egunak dira

Datorren ostiralean, abenduak 4, amaitzen da urtarrilean egingo dugun BIKO-TEKA tailerrean izena emateko epea. Tailerra urtarrilaren 25etik 29ra izango da Iruñeko Kondestablearen jauregian eta idazle eta ilustratzaile bikoteei zuzenduta dago. Gidariak Harkaitz Cano eta Aitziber Alonso izango dira eta aukeratutako bikoteek doan egingo dute ikastaroa Iruñeko Udalak ematen digun laguntzari esker. Beraz:

  • Idaztea gustuko baduzu, animatu! Orrialde bateko kontakizuna bidali zure datu pertsonalekin batera honako helbidera: administrazioa@galtzagorri.eus.
  • Ilustrazioa gustuko baduzu, animatu! Zure lanaren berri emango diguten hiru ilustrazio bidali zure datu pertsonalekin batera gure helbidera: administrazioa@galtzagorri.eus.
  • Ez daukazu zertan ezer publikatua izan behar, gogoa eta haur eta gazte literaturarekiko jakin-mina baino ez dituzu behar. Bikoterik ez duzula baina gogo handia duzula? Izena eman eta guk aurkituko dizugu bikotea!

Beste babes garrantzitsu bat ere badugu tailerra antolatzerakoan, hain zuzen Etxepare Sariena. BIKO-TEKA topagune izateko sortu genuen, euskal sortzaileen harrobi izateko ere bai. Uzta ederrak eman ditu honezkero, begira:

  • Lorerik gorriena album ilustratua argitaratu berri du Pamiela etxeak, idazlea Itziar Otegi eta ilustratzailea Sandra Garayoa dira. Iazko Etxepare Saria irabazi zuen albuma da. Bi sortzaileak iazko BIKO-TEKAn parte hartu zuten eta bertan ekin zioten album honen sormen-lanari.
  • Etxe honetan (Pamiela, 2019) albumak irabazi zuen 2019ko Etxepare Saria. Aintzane Usandizaga idazleak eta Asier Iturralde Gaston ilustratzaileak sortu zuten urte bereko BIKO-TEKAn; bi sortzaileek bertan ezagutu zuten elkar.
  • Cosimoren katiuskak (Pamiela, 2018) albumak irabazi zuen 2018ko Etxepare Saria. Dani Martirena idazlea eta Ana Ibáñez ilustratzailea dira albumaren sortzaileak, lanketa urte bereko BIKO-TEKAn egin zuten. Datorren BIKO-TEKAko gonbidatuak izango dira, izan ere, saria irabazi aurretik beren lanak ezagutzera emateko autoekoizpenaren bidea urratu zuten eta, hain justu, autoekoizpenaz mintzatuko dira urtarrilaren 26an, goizean, BIKO-TEKAn.
  • Arraroa (Pamiela, 2017) albumak irabazi zuen 2017ko Etxepare Saria. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak rola aldatu eta idazle-lanak egin zituen eta Paula Estévez ilustratzailearekin elkarlanean sortu zuten albuma, urte hartako BIKO-TEKAn. Lehenengo tailerra izan zen eta handik ateratako lan batek irabazi zuen Etxepare Saria. 

Hau guztia kontatu dizugu animatu zaitezen, BIKO-TEKA tailer bat baino gehiago da: luxuzko gidariekin, jakin-mina eragiten du, sormena astintzen du, inspirazio-iturri askoren ateak irekitzen ditu eta lantaldean aritzeko aukera ematen du.  Galduko duzu? Hemen duzu deialdia.