Hemeroteka

2020-12-22

Booktuberboom lehiaketako sarituak Naia Yeste, Jon Martinez eta Beñat Chaves izan dira

Dagoeneko iritsi da Booktuberboom lehiaketaren IV. edizioa bere amaierara. Aurtengo edizioa benetan arrakastatsua izan da: 80 booktube-bideo baina gehiago, aurpegi geroz eta ezagunagoak liburu gomendioak egiten, liburu gomendio itzelak... Baina Booktuberboom lehiaketa bat denez, ezinbestean lehiaketa irabazi eta saria jaso duten artistak aipatzea dagokigu orain, haiek bihurtu baitira 2020ko liburuen influenzerrak!

Epaimahaiaren sari nagusia: Nahia Yeste–  Bilbotarrak, Jon Arretxeren “Estolda jolasak” eleberriaren booktubea aurkeztu du eta epaimahaiaren ustez “Kameraren aurrean naturaltasunez hitz egiten du, esaten duena ondo ulertzen da (audioaren kalitatea, ahoskera…), liburuaren aurkezpen-laburpena modu argi eta egokian egiten du, bideoak ez du muntaia askorik, baina edizioan gehitzen dizkion elementuek bere kontakizuna ondo laguntzen dute”. Edo “Naiak modu sotilean erabiltzen ditu ikus-entzunezko baliabideak. Argia eta zuzena izanik, kalitatezko liburu gomendioa egin du.” 

Epaimahaiaren bigarren saria: Jon Martinez– Jonmar, bere booktuberrak jarraitzen dituztenek ezagutuko duten bezala, ospetsu egin zaigu euskal booktuber komunitatean. Izan ere, hirugarren aldia da eibartarrak saria eskuratzen duela, lehen edizioan sari nagusia, bigarrenean publikoaren saria eta oraingo honetan bigarren geratu zaigu. Argi dago bideo esanguratsu eta erakargarriak egiten dituela. Oraingo edizio honetan Kirmen Uriberen “Mussche” liburua izan du hizpide eta epaiamahaiaren ustez “Jonen bideoaren originaltasuna nabarmentzekoa da. Bideoaren muntaia konplexua izanik ere, edukia argia da, liburua ezin hobe iruzkindu eta gomendatzen duelarik.” Era berean, liburuaren iruzkina egiteko aukeratu duen bideo egituragatikizan da hautatua “Ez du laburpen soil bat egin, liburuak lantzen duen gaia hartu du eta ikuspuntu pertsonal batetik kontatu digu. Sentimenduetan oinarritutako kontaizuna egin du eta horretarako ez ditu zuzenean liburuari lotutako elementu bisualak erabili, baizik eta gaia oinarritzat hartuta bere bizitza pertsonala erabili du horri buruz hitz egiteko. Kontakizuna egiteko modu interesgarria iruditu zait eta kameraren aurrean agertzen den momentuetan natural ari da

Aurtengo edizioan, Jon Martinez pribatuan aurkeztu da.

Publikoaren saria: Beñat Chavesek irabazi du 306 “gustoko dut” jasota (bozen %32a, gutxi gora behera). Orotara 82 booktube jaso ditugu eta horietatik 35ek publiko egin dute haien lana. Hortaz, publikoaren saria irabazteko lehian 35 parte hartzaile izan ditugu. Publiko zabalak booktube gustukoena bozkatzeko 2 asteko epea izan du eta guztira 958 bozka eman dira. Beñat Chaves izan da irabazlea 306 bozkari esker. Suzanne Collins-en "Gose Jokoak" liburuari buruzko booktubearekin irabazi du Beñatek. Booktubea ikusgai duzue Booktuberboom booktube kanalean.

Aurtengo edizioan Nader Koochaki, soziologoa eta bideo, argazki eta soinuaren alorreko artista eta Aiora Mujika (Probatxoa), euskal youtuber eta kazetariak osatu dute epaimahaia. Eta gainera, Iban Garcia youtuberra izan dugu sari banaketan. Laugarren edizio honetako sari banaketa hunkigarria izan da. Izan ere, irabazleen ikastetxeetara joan gara haiek ezer jakin gabe. Hauen gelan sorpresaz sartu, sariak banatu eta zoriontzeaz gain, Iban Garcia youtuberrak haietako bakoitzari eskainitako bideoa jarri diegu zuzenean. Ilusio berezia egin die irabazleei eta une horiak guztiak bideo batean laburbildu ditugu.