Hemeroteka


Compartir
2021-09-13

Galtzagorrik oroigarria jasoko du Literaturian

Galtzagorri elkarteak jasoko du Literaturia jaialdiaren oroigarria. Urtero bi elkarte edo egitasmok jasotzen dute oroigarria, eta aurten (H)ilbeltzari eta Galtzagorriri tokatuko zaie, euskal literaturan egindako lana aitortzeko. Itziar Iruretagoiena Literaturiako kideak Zarauzko Hitzari azaldu dioenez: "Galtzagorri elkartea haur eta gazte literatura sustatzeko eta ezagutarazteko sortu ziren, eta harrezkero egin duten lanagatik omenduko ditugu. (H)ilbeltzak Baztango euskal nobela beltzaren astea antolatzen du urtero, eta haien txiktasunetik euskal literaturari sekulako indarra ematen diote".

Galtzagorrik eta Literaturiak elkarlanean osatu dute haurrentzako Literattipia atala. Juan Kruz Igerabide idazleak, esaterako, Laminen putzuan igeri ipuina kontatuko du irailaren 25ean goizean, 4 eta 7 urte arteko haurrentzat, Modelo aretoan. 26an, berriz, Mireia Delgado arituko da 11:00etan ipuin kontari.