Hemeroteka


Compartir
2020-05-21

HGL Eskolan hamahirugarren ekitaldia: album ilustratua

Maiatzaren erdialdean, HGL Eskolan ikastaroaren azken atalera iritsi gara eta aste honetan izan dugun aditua Karla Fernandez de Gamboa irakaslea izan da. Euskal Herriko Unibertsitatean Haur Hezkuntzan diplomatua eta Lehen Hezkuntzan graduatua da, ondoren Master Interunivesitari en Biblioteca Escolar i Promoció de la Lectura (UAB eta UB), en Recerca en Didàctica de la Llengua i la Literatura (UAB) eta en Llibres i Literatura Infantil i Juvenil (UAB eta el Banco del Libro de Venezuela) ikasketa osagarriak egin zituen. Hezkuntzan (Hizkuntzaren eta Haur eta Gazte Literaturaren Didaktika) nazioarteko doktore ere bada: A través del nuevo milenio y lo que el lector literario encontró allí: La narrativa infantil para lectores de 8 a 10 (2018) UAB-en aurkeztutako tesiarekin. Egun, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailean lan egiten du. LAIDA ikerketa taldekoa kidea ere bada, gainera, UABeko GRETEL ikerketa taldeko kolaboratzailea da eta Behinola, Haur eta Gazte Literatura Aldizkariaren Erredakzio Batzordeko partaidea da. Ikasketa eta jardun horrekin guztiarekin album ilustratuei buruz hitz egitera etorri da HGL Eskolan ikastaroko genero ikonografikoen blokeari hasiera eman dion ekitaldira.

Zabala da irakasleak aurkeztu duen gaia, baina ondo neurtutako urratsak eskaini dizkigu. Lehenengo eta behin albuma zer ote den galdetu du; ondoren, nola irakurtzen ditugun album ilustratuak eta, azkenik, albumak haurrekin irakurtzen ditugunean, zertarako erabiltzen ditugun galdetu digu, hau da, album ilustratuek zer baliabide literario lantzeko gaitasuna duten arakatzen jarri gaitu. Izan ere, ez da erraza bereiztea zer den album ilustratu bat, “artefaktu hibridoa den produktu kulturala” baita.

Irakasleak, saio honetarako bereziki sortutako materiala eskaini digu eta, osagarri gisa, gaiaren inguruko aditu esanguratsuenen artikuluak ere bai. Horiek guztiek eman digute aukera album ilustratuaren azterketa sakonagoa egiteko. Karla Fdez de Gamboak liburu eder ugari erakutsi dizkigu, liburuen artean aukeraketa zorrotza egin du, eta, urratsak urrats, album ilustratu berezi horien guztien artean elementu desberdinak ezagutzen joan gara. Hala, testuaren eta ilustrazioaren harremanaz jabetu gara eta, azkenik, baliabide horiek haurren heziketa literariorako zein baliabide aberatsa diren frogatu dugu.

Esaterako, irakasleek liburuaren materialtasunekin jolas egiten dute adibide batzuk erakutsi dizkigu. Izan ere, badira liburu batzuk objektuarekin esperimentatzen dutenak. Egitura desberdinak ezagutu ditugu, elementu narratiboa bezala erabiltzen diren sekuentzia literario ezberdinak ikusi ditugu, istorioa errazten eta zailtzen duten irudien eredu ugari aurkeztu dizkigu. Zeinen erraz jasotzen den ikasgaia ereduak hain ondo aukeratzen direnean!

Ikastaroaren partaideek argi eta garbi jaso dute album ilustratuek irakurleen gaitasun literarioa trebatzeko balio dutela eta bitartekari bezala zein den gure erantzukizuna, hots, lehenago guk eskuratu behar ditugula baliabideak ostean haurrei erakusteko. Esker mila, Karla, plazer handia izan da!

Hurrengo ekitaldia Amaia Hennebutte idazlearen eskutik joango da. Hain zuzen, album ilustratuetan oinarritutako proiektuak hartuko ditu hizpide.