Hemeroteka


Compartir
2020-05-28

HGL Eskolan hamalaugarren saioa: Albumetan oinarritutako proiektuak

Irudia eta hitzaren konpainian jarraitzen dugu HGL eta eskola ikastaroan. Astean azken aurreko saioa izan dugu, Amaia Hennebutteren txanda oraingoan eta album ilustratu batetik abiatuta, proiektuak diseinatzeko trebetasunak eskuratzeko tresnen gaia jorratu du.

Amaia Hennebutte Miarritzeko idazle, antzezle eta ilustratzailea da, 19 urtez Iparraldeko ikastoletan irakasle lanetan ibili ostean, egun, Kiribil konpainia artistikoaren arduraduna da. Horrez gain, 2018tik Galtzagorri Elkarteko lehendakaria ere bada.

Hennebuttek askotan aipatzen du Iparraldeko heziketaren berezitasuna, bertan proiektu anitzak garatzeko libertatea izan baitu eta jardun horretan albuma osagarri garrantzitsua izan baita.

Saioaren hasieratik birgogoratu dizkigu album ilustratuaren ezaugarriak, argibide bat eman ere: Iparraldean albuma hitza erabiltzen da soilik, hau da, albuma beti dago ilustratua, beraz, errepikapena izango litzateke album ilustratua hitza erabiltzea.

Pasioz defendatu ditu Hennebuttek albumak, beretzat artea eta emozioen munduan sartzeko ateak dira, bidaia emozionala egiteko tresna, eta hori da, dioenez, artean eta irudimenean murgiltzeko giltza. Bereziki garrantzitsua da albuma lantzea, haurrek haren bitartez artearekin lehen harremana dutelako. “Albumak elkar lotzen gaitu, gizaki gisa ere elkartzen gaitu eta biziarazten gaitu”, diosku Amaiak.

Halaber, albumak sekulako indarra duela adierazi digu, haurren kontzentrazioa erakartzen du, isiltasuna sortzen da, emozioak lotzen ditu. Hala, adibide sinple bezain eraginkorra aurkeztu du. Hain zuzen, iaz, Libanon, errefuxiatu eremuetan dauden siriar haur eta helduekin ipuinak landu zitueneko proiektua azaldu digu. Kiribil taldekideekin egon zen Libanon, 150 album bildu eta eraman zituzten, eta ipuinak erakusten zein lantzen aritu ziren. Dioenez, hain indartsua da albumaren ahalmena nekez adierazi ahal den zerbait gertatzen dela, “hor daude umeen begirada guztiak, elefante bat ondotik pasatuko balitz ere, ez zenuke ikusiko”.

Irakasleak, saioaren berezitasunak egoki ulertzeko, bost liburuon irakurketa egitea aholkatu digu: Anthony Browneren Urdaburatarrak eta Nire aita, Leo Lionniren Igeritz, Paul Françoisen Adiskide onak eta Tomi Ungereren Otto. Horietik abiatuta proiektu desberdinak aurkeztu dizkigu, norberak froga dezan artea, musika, irakurketa eta idazketa lantzeko aukera ugari eskaintzen dizkigutela. Adibidez, negua gaia aurre eskolako haurrekin lantzen da, horretarako Adiskide onak liburua erabiltzen dute. Bide batez, Iparraldean “proiektu orokorrak” zer diren azaldu digu, hots, album bat irakasle askoren artean erabiltzen dela, eta bakoitzak bere ikasgaiak haren bitartez lantzen dituela: matematika, idazketa, hizkuntza edo mundua ezagutzeko aukera liburu bera erabiliz jorratzen dute. Hala, zentzu orokorra hartzen du albumak Iparraldeko irakaskuntzan.

Irakurketa jarraikiak kontzeptua ere azaldu digu. Batetik, haurrak irakurle bihurtzeko modua eta, bestetik, haurrak idazle bilakatzeko proiektu desberdinak erakutsi dizkigu. Mariasun Landak azpimarratu zigun moduan, Amaia Hennebuttek ere honela dio: “Irakurketa eta idazketa elkarri lotuak daude, txikitatik egin behar den lotura da hau, haurra handitzen doan neurrian ahaztu egiten duguna, eta ezin dira bereizi bi gauzak, bata bestea gabe ezin dira ulertu”.

Kontuz, baina! Urarik gabe igerian irakasten ez dugun bezala, irakasleok libururik gabe ere ezin dugula irakurtzen irakatsi dio. Motibazioa lantzeko liburua behar da. Eta eskolak liburuak behar ditu presente, beraz, esfortzua eskatzen dio eskolari liburuak erosteko edo liburutegien bitartez lortzeko. Saio presentzialik izan ez badugu ere, ahotsaz, begiradaz eta keinuen hizkuntzaz mintzo zaigu Amaia Hennebutte. Horrekin guztiarekin bereganatu gaitu, liburua bizitzeko euskarria dela sinistuaraziz.

Hurrengo saioan genero ikonografikoen blokeari amaiera emango diogu eta, aldi berean, aurtengo HGL Eskolan ikastaro osagarriaren azken ekitaldia izango da. Komikien ilustrazioez eta komunikazio gaitasunez arituko dira Iratxe Retolaza eta Amaia Serrano adituak, baita euskal komikiaren historiaz ere.