Hemeroteka

2021-02-05

HGL Eskolan ikastaroa hasi da

Otsailaren batera ekin diogu HGL Eskolan ikastaroaren bigarren edizioari. Lehenengo blokeko aurreneko saioa egin zuen Xabier Etxaniz Erle euskal idazle eta EHUko irakasleak (Pedagogian doktorea). Saioa EHUko Donostiako kanpuseko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. 30 ikaslek ekin diote ekainera arte iraungo duen ikastaroari.

Xabier Etxaniz Erlek 1996an defendatu zuen Euskal haur eta gazte literaturaren historiaren inguruko tesia eta eremu horretan egin ditu ikerketa lan gehienak. Halaber dibulgazio lanari ere heldu dio, eta liburu kapitulu ugari nahiz artikuluak ditu argitaratuak. Egun, besteak beste, Gara, Argia eta Clij aldizkarian haur eta gazte liburuen kritika egiten du, egiten dituen iruzkinak bitartekari guztiontzat ezinbesteko informazioa dira. Usoa hegan etorritako neskatoa (Patxi Zubizarreta & Asun Balzola, Erein, 2008) ipuina ahots goran kontatzen ekin zion saioari, haur literaturak hunkitzen bagaitu, adinik ez duelako dela adierazi nahi izan zuen. Ondoren, euskal haur literaturaren historia kronologikoki aurkeztu zigun generoen sailkapen orokorra eginez: ahozko literatura, ipuinak, narrazioa, albuma, komikia...

Hiru orduko saio mamitsuan erreferentzia ugari eman zizkigun eta izenekin eta datekin euskarazko haur eta gazte literaturaren puzzlea osatuz joan ginen. Adi-adi ikasleak, oraindik parte-hartzeko herabea nabaria zen, baina joango gara elkar ezagutzen eta solasten.

Ikastaroa hasi baino ez da egin!