Hemeroteka


Compartir
2020-04-02

HGL Eskolan: Yolanda Arrieta ipuin kontaketari buruz

HGL Eskolan ikastaroari segida eman diogu nahiz eta saioak modu ez-presentzialean egin. Yolanda Arrieta idazlea izan da sareak eskaintzen dituen baliabideen bidez bere bigarren saioa era birtualean egin duen lehenengo irakaslea. Arrietak hasiera eman zion ahozko generoen lehenengo blokeari. Hain zuzen, haur poesiari buruzko saioa izan zen modu presentzialean egin ahal izan zen azkena. Jarraian, ahozko tradizioko ipuina eta ipuin-kontaketak saioa egitekoa zen halabeharrezko konfinamendua iritsi zenean.

Orain arteko saioetako materiala zintzilikatu dute irakasleek EHUren orrialdeko egelan HGL Eskolan duen espazio birtualean. Gehienak idatzizko materialak izan dira. Arrietak bideoak gehitu dizkio eskegi duen materialari eta bideoen bitartez ikasleei ipuin kontaketen nondik norakoak azaldu dizkie. Lau bideo egin ditu idazleak: Eskolan kontu-kontari, Balizko kontaketa saio bat, Klasikoak gaur. Mari Xor, Maleta bat baliabide. Bideoez gain, idatzizko materiala eta irakurketa osagarriak ere gehitu ditu irakasleak.

Lan handia hartu du Yolanda Arrietak HGL Eskolan ikastaroa eten ez dadin. Esku artean zuen materiala digitalera moldatu behar izan du. Bi bideotan gaiari buruzko azalpenak eman ditu, beste bietan kontaketak egin ditu ikasleek adibideak ikus ditzaten. Agian, zailena izan da Arrietaren hitzetan, "ez dakit zer neurritan iritsi zaien ikasleei esan nahi nuena edota erakutsi nahi nuena. Bitartean, galtzen den hori ezin da atzeman, ezin da atxiki". Nolanahi ere, zailtasunak zailtasun saioa beste era batera egitea lortu du Arrietak, baita ikasleek ere. Saio bakoitzari dagokion lana ere entregatu dute. Oraingoan idazleak Eskolan ahozko haur literaturaren baliabideak abian jartzeko dekalogoa eskatu die.

Eta zailtasunen ifrentzu gisa, itxialdian Arrietak prestatutako bideoak familian ikusi duten ikasleak izan dira. Seme-alabek gozatu dute ipuin-kontaketekin. Are gehiago, antzeko kontaketak grabatzen aritu diren gaztetxoak nahiz nerabeak ere egon dira. Beraz, Arrietak dioen bezala, "ate bat ixten denean beste zirrikitu batzuk zabaltzen dira". Dagoeneko Intza Alkainek zintzilikatu du hurrengo saioari lotutako materiala. Dramatizazioaren eta haurrei zuzendutako antzerkiaren txanda da!