Hemeroteka

2021-05-11

Irrimarra bikotearen lanak ikusgai Aieteko Ilustratzaile Txokoan

Maiatzaren 12tik irailaren 19ra Irrimarra ilustratzaile bikoteak beren lanak erakutsiko dituzte Aieteko Ilustratzaileen Txokoan, Donostian. Arte Ederrak elkarrekin ikasten ari zirela lau eskutara ilustratzen eta margotzen hasi ziren Irene Irureta eta Karmele Gorroño sortzaileak. 2016an lan kolektiboaren aldeko apustua egin zuten eta Irrimarra sortu zuten.

Sormen-prozesu osoan zehar elkarlanean aritzen dira, hasierako ideiatik hasi eta ilustrazioaren emaitzara iritsi arte. Beraien imajinarioan ilustrazio koloretsu eta organikoak aurki daitezke, bolumen nabarmenduekin eta estanpatuak erabiliz. Horrez gain, proportzio eta formekin jokatzen dute estereotipoak apurtzen dituzten pertsonaiak sortuz.

Diziplina anitzeko irudigileak dira. Azken urteetan denetariko lanak burutu dituzte euskarri zein esparru ezberdinak ukituz, baina betiere, ilustraziotik abiatuz. Irrimarrak sinatuak dira gure kaleetako hainbat horma-irudi, (Urnieta, Bilbo, Donostia, Itziar…), baita eskoletan banatzen diren zenbait agenda ere (Emakunde, Debegesa…). Horrez gain, prentsa kolaborazioak, (denbora-pasak, irrimarrak…) kartelak, zein esku orrietarako ilustrazioak ere egin izan dituzte. Haurrei zuzenduriko tailerrak eskaintzen dituzte eta gazteekin elkarlanean horma-irudi kolektiboak sortu izan dituzte.

Altzoko Handia album ilustratuen bilduma ondu dute Koldo Izagirreren testuekin eta Erein argitaletxearen eskutik (2018-2020). Elkar argitaletxeak publikatutako Ametsen basoa (2019) ilustratu dute, Pello Añorgaren testuak landuz. 2019. urteko Peru Abarka lehiaketa irabazi zuten. Karmele Mitxelenaren testuak osatuz Erakusleihoan izeneko helduentzako album ilustratuarekin.

Ez galdu bere lanen erakusketa Ilustratzaileen Txokoan, irailera arte egongo da ikusgai!