Hemeroteka

2021-07-23

Iruñeko Ziudadelan, Euskara eta Literatura jolas Areto Literarioetan

Uztailaren 20an jarri genuen "Itsaspeko bihotzak" literatur aretoa Ziudadelako Arma aretoan. Genero berdintasuna eta hezkidetza lantzeko aretoa da. Bost gune daude itsasoan barreiaturik eta gune bakoitzean artearen bitartez eduki ideologiko zehatzak lantzen dira. Aretoa 2014an jaio zen Galtzagorriren eskutik. Aitziber Alonsok, Miren Guillok eta Mireia Delgadok sortu zuten eta bere baitan, besteak beste, Elena Odriozolaren eta Eider Eibarren ilustrazioak hartzen ditu.

Abuztuan, "Aliziaren burutazio miresgarriak" eramango dugu Iruñera. Galtzagorrin sortu dugun aretorik berriena da. Lewis Carroll-en obra handiak ez du irakaspenik, hala idatzi zuen idazleak. Asko du ironiatik eta hitz jolasetik, baita abenturatik ere. Aretoak hori guztia barne bildu du eta haurrei obra bera ezagutzera emateaz gain, umorea, moralaren zein ezarritako arauen gaineko hausnarketa eta arte heziketa sustatu nahi ditu.

Bi aretoetan, 7-11 urteko haurrek saio gidatuetan parte hartu dezakete.

  • "Itsaspeko bihotzak" aretoaren saioen egutegia: uztailaren 20a, 21a eta 22a, eta 27a, 28a eta 29a, 11:00etan.
  • "Aliziaren burutazio miresgarriak" aretoaren saioen egutegia: abuztuaren 10a, 11, eta 12a eta 17a, 18a eta 19a, 11:00etan.

Izena emateko epea zabalik dago, 010 (948420100) telefonoaren bidez egin behar da. Prezioa 3 eurokoa da, parte hartzaile eta saio bakoitzeko.

Uda honetan, gozatu Galtzagorriko areto literarioetan!

Informazio gehiago: MIHILUZE: EUSKARAZ JOLASTEKO ETA DISFRUTATZEKO UDAKO PLANA