Hemeroteka

2021-09-09

Julen Gabiriak eta Patxi Zubizarretak online hitzaldi- topaketa burutuko dute bihar Moskuko Iberoamerikar Kultur Zentroaren facebook orrialdean

“Masusta zaporeko literatura” goiburupean, Patxi Zubizarretak eta Julen Gabiriak online hitzaldi-topaketa eskainiko dute bihar, irailak 10, arratsaldeko 17:30etan, Moskuko Iberoamerikar Kultur Zentroaren Facebook orrialdean. Galtzagorri elkarteak Moskuko Iberoamerikar Kultur Zentroarekin lankidetzan antolatu duen online topaketa honek Etxepare Institutuaren babesa du. Bertan, Zubizarretak eta Gabiriak euren literatur eta itzulpen lanak izango dituzte mintzagai. Eta horrez gain, Euskal Haur eta Gazte Literatura izango dute hizpide. Topaketa zuzenean jarraitzeko aukera izango da aipatu Kultur gunearen Facebook orriaren bidez. Hizlariei galderak egin eta eurekin solasean aritu nahi duenak online topaketan parte hartzeko izena eman behar du.

 

Moskura bidean behar zuten jada Patxi Zubizarretak eta Julen Gabiriak Galtzagorri elkarteak Etxepare Institutuaren laguntzarekin bideratzeko asmoa zuen bidaian. Irailaren 10etik 12ra Moskun egingo den IBBYren 37. Nazioarteko Biltzarrean banatuko zaizkie IBBY Ohorezko Zerrendako diplomak 2020ko Zerrendan dauden liburuen idazle, itzultzaile eta ilustratzaileei. Hain zuzen, 2020ko IBBYren Ohorezko Zerrendan, Galtzagorri elkarteak proposatuta, Patxi Zubizarretaren (idazleen alorrean), Korri, Kuru, Korri! (Ibaizabal, 2018) obra dago; bai eta Julen Gabiriak itzulitako (itzultzaileen alorrean), Coraline (Elkar, 2019) obra ere. IBBYren Ohorezko Zerrendan sartzeagatik diploma jaso behar zuten biak ala biak irailaren 11n Moskun. Baina ezinezkoa izan da bertara bidaiatzeko bisa garaiz lortzea.

 

Bidaia horren baitan Moskuko Iberoarmerikar Kultur Zentroan hitzaldi-topaketa bat egitekoak ziren bihar, irailak 10. Ez dira bertan izango, baina online egingo dute Topaketa. Mundu guztiak ikusteko moduan, beraz. Emanaldia zuzenean jarraitu nahi duenak, Moskuko Iberoamerikar Kultur Zentroak duen Facebook-eko orri honetatik egin beharko du. Eta, topaketan galderak edo iruzkinak eginez parte hartu nahi duenak, esteka honetan sartu eta izena eman behar du. Topaketa baino ordubete lehenago bidaliko diote emailera bideokonferentziaren esteka.