Hemeroteka


Compartir
2020-06-19

Kalean da Behinola berria

Galtzagorri Elkarteak argitaratzen duen Behinola aldizkariaren ale berria kaleratu dugu, ekainekoa, 41. alea dagoeneko. Euskal haur- eta gazte-literaturan kokatuta, itzulpengintzari buruzko monografikoa egin dugu. Konfinamenduan prestatutako alea da eta parte hartu duten kolaboratzaile guztiei gure esker ona agertu nahi diegu emandako laguntzagatik. 

Itzulpengintzaren mosaikoa osatu dugu erreportaje nagusian. Hain zuzen, hainbat ahots bilatu genituen literaturaren arlo horri buruz mintza zitezen eta ahotsak mosaikoaren teselak bailiran eman ditugu: Juan Kruz Igerabide itzultzailea eta idazlea, Patxi Zubizarreta autoitzultzailea eta idazlea, Fernando Rey EIZEIren (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) izenean, Eli Manterola eta Naroa Zubillaga EHUko irakasleek eta ikertzaileek Akademiaren tesela bana osatu dute, Ikas eta Denonartean argitaletxeetako Aines Dufau-ek eta Unai Pascualek beren ekarpena egin dute argitaletxeen teseletan, Mikel Ayerbek itzulpengintzaren ezinbesteko detaileei begiratu die Largabistaren teselan eta Miren Ibarluzeak Vitoria-Gasteiz Itzulpen Sariaz idatzi du, euskal eremuan haur- eta gazte-literaturaren itzulpena saritzen duen bakarra denez gero. 

Sormenez atalean gai berari heldu dio Manu López Gasenik bere sormen-lana idazteko –Andrea, itzultzaile neuronala da piezaren titulua– eta hitzen bidelagun izan dira Jon Sáenz del Castilloren ilustrazioak; harenak dira, baita ere, aldizkariaren azala, kontrazala eta hitzaurrea aurkezten duen zenbakiaren ilustrazioa. Biek ala biek itzulpenarekin josi dute beren sormena, bikain josi ere.

Lau eskutara atalean, Barbara Pregelj-ek euskaratik eslovenierara ekarritako obrak zerrendatzeaz gain, euskal letrek egindako bidaia bitxi horri buruzko artikulua idatzi du. Aitor Arana beste helmuga duen bidaiaz mintzatu da. Euskal Esperanto Elkartearen izenean euskara eta esperantoa lotzen dituen Kolekto Lunlumo (Ilargi-argia bilduma) bildumaren historia kontatu digu. 

Galtzagorri Elkartearen albisteetan bi albiste pozgarri eman ditugu. Bata, Ikusi Mikusi euskal haur- eta gazte-literaturaren azoka pandemia dela-eta atzeratu behar izan badugu ere, hurrengo urtean egingo dugula pozarren zabaldu dugu. Beste albistea, hura ere zinez pozgarria, urrian MarraziOak ilustratzaileen topaleku eta tailerraren ekitaldi berria egingo dugula da. 

Liburu kuttuna atala Garazi Arrulak egin digu liburu bitxi bat ekarrita eta liburu-gomendioa Gasteizeko Zuloa liburu-dendako Sara Eliasek, komiki bat gomendatu digu!

Irrimarra ilustratzaile bikoteak denbora-pasak egin dizkigu, itxialdian hain beharrezkoa genuen natura oinarri hartuta. 

Azkenik, aldizkariaren liburu-iruzkinen atala, non Galtzagorrik antolatzen duen Irakurketa Mintegiko kideek aurreko urtean argitaratutako 0-12 urte bitarteko EHGL aztertu ondoren, aukeratutako obren berri ematen dugun adinez adin antolatuta. Komikiari ere tokia egin diogu oraingoan iruzkinen atalean. Ez galdu!

Hitzez eta irudiez gain, Behinola ederra osatu du Eneritz Tirados lantaldeko diseinatzaileak esku artean hartu, eta aldizkaria irakurtzeko gogoa ematen duena. 

Behinolako bazkide ez bazara, eta interesa baduzu, hemen egin zaitezke bazkide. Bestela, ohiko liburu-dendetan ere aurkituko duzu.