Hemeroteka


Compartir
2020-05-20

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa 2019-2020 Sari banaketa bideo-ekitaldia

 

Aurten, Covid-19ak eragindako egoera dela eta, ezin izan dugu urtero bezala sari banaketa ekitaldia ospatu. Hala ere, beste ekitaldi asko bezala, bideo bidez egitea erabaki dugu. Idoia Noble, itzultzaile, interpretari eta aurkezlea arduratu da oraingoan ere sari banaketa berezi hau gidatzeaz.

Guztira, bost sari banatu dira. Ikastetxeen kategorian, bi multzo egin ditugu eta multzo bakoitzeko sari bana eman da: DBH 1-2 multzoan bat, eta bestea DBH 3-4 multzoan. Ondoren, Norbanakoen kategoriako saria banatu dugu. Publikoaren Sariak banatu ditugu azkenik. Horiek boto bidez erabaki ditu publiko zabalak: sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak).

Sari nagusiaren irabazleak bideo honen bidez jakinarazi dira eta parte hartzeile guztiei bidali zaie.

Parte-hartze handia 

Aurtengo lehiaketa arrakastatsua izan da parte-hartzeari dagokionez. Ikasturte honetan, guztira, 30 ikastetxek eman dute izena egitasmoan; iaz baino bost gehiago lehiatu da, hortaz. Gipuzkoako 26 ikastetxe eta Araba eta Bizkaiako bina izan dira, zehazki, beren lanak lehiaketara aurkeztu dituztenak. Guztira, 3.765 ikasle inguru izan dira lehiaketan aurkeztu direnak, iaz baino 600 bat gehiago. 217 book trailer aurkeztu dira: 215 Ikastetxeen kategorian eta 2 Norbanakoenean.

Sari nagusiak

Ikastetxeen kategorian, DBH1-2 multzoan, SORBETE TALDEA  (Egiluze – Hondarribia) (Beñat Ancisar, Ander Eizaguirre, Aiala Machin, Stefanny Loaiza eta Maialen Manterola) izan da garaile, Ezekiel (Jasone Osoro. Elkar, 2009) liburuaren book trailerrarekin. Hondarribiako Egiluze ikastetxeko DBH2ko ikasle taldearentzat izan da, hortaz, sari nagusietako bat. Epaimahaiaren iritziz, “Trailer saltseroa, gertukoa eta zirikatzailea izateagatik garailea izatea merezi izan duen trailerra. Hasiera eta bukaera, bereziki esanguratsuak, batak istorioan erraz kokatzen gaituelako; eta bestea, intrigaz betea uzten gaituelako. Liburuaren hari narratibotik tiraka, gidoi zinematografikoa egiteko
abilidadea erakutsi dute. Musika
 eta irudien erritmoa bat dator kontakizunarekin." 

Donostiako La salle ikastetxeko DBH 2B 05 taldea (Unax, Marina, Iker eta Irune) geratu da bigarren postuan “Pijama marradunaz jantzitako mutikoa” (John Boyne, Alberdania, 2007) liburuaren book trailerrarekin. Hirugarren postuan berriz SALBATORE 5 taldea (Erika Agirre, Uxue Gastañazpi, Luma Ormaetxea, Ekhi Berra) “Hasiera berri bat” (Gwénola Morizur, Marie Duvoisin, Harriet, 2018) libururari buruz egindako booktrailerrari esker.

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoanEHUNEKOAK taldea (Argiaren alaba, Yolanda Arrieta, Denonartean 2015) taldearen lana izan da onena epaimahaiaren iritziz. Talde hau Lezo Institutuko DBH4ko ikasleek (Mar Benito, Hodei Zumeta, Unax Forkada, Irati Aldai eta Jon Esnaola) osatzen dute. Epaimahaiaren hitzetan, “Trailer originala, berria eta ezberdina proposatzeaz gain, liburuko istorioa bete-betean jasotzea lortu dute. Guzti hori, trailer mutu batean, irudi gutxirekin, istorio handi bat irakurtzera animatzen gaituzten bitartean. Mimoz egin den lana dela antzemateak garaile bihurtu ditu. Istoriora eta historiara ezin hobe gerturatzen gaitu bideo honek. Oso ondo landutako bideoa da, hasieratik amaieraraino primeran uztartu dituzte mende eta erdiko denbora saltoak. Bi garai uztartzeko hautatu dituzten baliabideak oso egokiak dira: bai tipografikoak, argiztapenari dagozkionak (kandelak erabiliz), lokalizazioak, pertsonaien karakterizazioa, musika… ”.

Bigarren postua Axular Lizeoko PARASITOAK taldeari egokitu zaio (Naroa Monreal, Guillermo Wiandt, Lander Agudo eta Ane Rincón), Eztia eta Ozpina (Patxi Zubizarreta, Alberdania, 1995) liburuari buruzko booktrailerrari esker. Hirugarren postua berriz, Nuestra Señora de Aránzazu ikastetxeko TXIMUELO taldeari egokitu zaio, “Kulero salatzaileak” (Migel A. Mintegi Larraza, Aizkorri, 2010) liburuari buruzko booktrailerrari esker.

Norbanakoen kategorian LAUKIAK taldea izan da garaile Sinbad deitzen zidan liburuaren booktrailerrari esker. Epaimahaiaren iritziz, “Trailerra egin dutenen ilusioa antzematen da pantailan bertan eta ilusio hori bera transmititzea lortzen dutenez, kategoria honetako garaile izatea merezi izan dute.”

Irabazleak honako adituek osatutako epaimahaiak hautatu ditu: Intza Alkain magisteritzan diplomatua, antzerkilaria eta Galtzagorriko irakasleentzako lantegien aholkularia; Lore Agirrezabal kazetari, literatur kritikari eta Liburu Gazteako koordinatzaile ohiak; Imanol Mercero filologo, literatur kritikari eta Liburu Gazteko hautaketa batzordeko koordinatzailea, besteak beste eta Irati Zaldua dokumentalistak.

Publikoaren Sariak  

Horrez gain, Publikoaren Sariak ere banatu dira. Ikastetxeen kategorian, Donostiako LaSalle ikastetxeko DBH2ko DBH2B 05 taldeak (Unax, Marina, Iker eta Irune) irabazi du 114 botorekin, eta Norbanakoenean, DBH2 Bakarka (Unai, Asier, Aitziber eta Uxue), 291 botorekin. Guztira, 807 pertsonak emate dute botoa.

Publikoaren iritziz, horiek izan dira aurtengo book trailerrik onenak. Donostiako LaSalle ikastetxeko DBH2ko DBH2B 05 taldeak eta DBH2 Bakarka Unai donostiarrak, Pijama marradunaz jantzitako mutikoa (John Boyne.Alberdania, 2007) liburuari buruzko book trailerra aurkeztu dute lehiaketara. Lehenengoek booktrailer antzeztua egin dute, DBH2 Bakarka-k berriz irudiak erabiliz osatu du book trailerra.

Irakurketa proposamen berriak

Parte hartzaile guztiek, 2017an Euskarazko Gazte Literaturan argitaratu ziren liburuen artetik DBHko ziklo bakoitzerako bina izenburu proposatu genituen lehiaketarako, baina horrez gain, parte-hartzaileek Ezinbestekoak izeneko aipatutako zerrendatik ere hauta zezaketen liburua. Zerrenda hori, hain zuzen ere, hainbat literatur adituren proposamenekin osatua da, eta orain arte euskaraz Gazte Literaturan argitaratu diren kalitate oneneko liburuak biltzen ditu. Hauek dira datorren ikasturterako proposatu diren liburuak:

DBH 1-2:

  • Wonder. Mutiko miragarria. Raquel Jaramillo. Denonartean
  • Coraline. Neil Gaiman. Itzul: Julen Gabiria. Elkar

DBH 3-4 :

  • Momo. Michael Ende. Begiko
  • Ezezagunak. David Lozano. Giltza

Jarrai dezagun lanean!