Hemeroteka


Compartir
2020-09-02

Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketa hastera doa

Irailaren 18an amaituko da 2020-2021 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketan Ikastetxeen kategorian izena emateko epea.

Ikasturte honetan ere parte hartzaileek Galtzagorrik proposatutako liburu bat irakurri eta horri buruzko book trailerra egin beharko dute 2021ko martxoaren 5a baino lehen. Ikastetxeen kategorian derrigorrezkoa da izena ematea. Norbanakoen kategorian nahikoa da book trailerra azken eguna baino lehen bidaltzearekin. Irakaslea bazara, animatu zure ikasleak parte hartzera. Gaztea bazara, animatu zu zeu!

Irakurri, sakatu rec eta parte hartu!

Lehiaketak 9. ekitaldia du jada eta aurten ere Irakasleentzat Book Trailer Lantegia prestatu dugu! Hau, parte hartzeko izena ematen duten ikastetxeetako irakasleei eskainiko diegu. Prestakuntza saio praktikoa egingo da urrian: Book Trailer Lantegia. Saioan book trailerrak egiteko klabeak eskuratu eta edizio teknikan trebatzeko aukera izango dute irakasleek.

Beste berritasuna Bideo Tutoriala da, lehiaketaren inguruko Bideo Tutoriala sortu dugu, non book trailer bat nola egin eta lehiaketan parte hartzeko giltzak ematen diren. Dagoeneko ikusgai da gure webgunean.

Liburu Gaztea Batzordeak aukeratu ditu irakurgaiak, iaz euskaraz argitaratu zen guztia irakurri ondoren. Hona hautatutako liburuak:

• DBH1 eta 2:

Wonder. Mutiko miragarria. R.J. Palacio/ Tad Carpenter. Denonartean, 2019.

Coraline. Neil Gaiman / Dave Mckean. Elkar, 2019.

DBH 3 eta 4:

Momo. Michael Ende. Begiko, 2019.

Ezezagunak. David Lozano. Giltza, 2019.

 

Horiez gain, ezinbestekoen zerrendatik ere aukeratu ahalko dute irakurgaia. Zerrenda horretan bildu dituzte hainbat literatura adituk, euskaraz, gazteentzat, orain arte argitaratu diren liburu gomendagarrienak.

Lehiaketaren OINARRIAK.

Book Trailer lehiaketa, aurtengo ezusteko ikasturtea arintzeko irakurgaiekin egin daitekeen lanketa eta jolas aproposa bilakatu dezakezue, beraz, animatu zaitezte!