Hemeroteka


Compartir
2020-09-21

Liburu-gomendio bat astero

Ama bat etxe bat bezalakoa da. Idazlea eta ilustratzailea: Aurore Petit. Itzultzailea: Peru Calabaza. Litera, 2020. 

Asun Agiriano

Azken hamarkadetan haur- eta gazte-literatura asko sendotu da, dudarik ez dago. Liburu ausartak argitaratzen dira eta gizarte eta irakurlearen interesa piztuz doa. Liburuak, irakurtzeaz gain, disfrutatzeko erosten dira, familian partekatu eta gogoeta eragiteko asmoz. Literatura-testuei ikuspegi estetikoa gehitu zaio eta irakurleak edizio eta ilustrazio lanei lehen baino arreta gehiago jartzen dio.

Horregatik pozgarria da argitaletxe berri batek euskaraz kaleratzen duela ikustea, Litera da azken adibidea. Izenak ohearekin du lotura, gora eta behera ibiltzeko jaio zen altzaria, salto, igo eta jaisteko eginda sortua. Baina litera bat ez dira bi ohe bakarrik, haurren esperientziak ere biltzen ditu. Hori da hain zuzen argitaletxekoek erabiltzen duten hitza beren proiektua azaltzeko: haur bat hazten denean hazi egiten da eta haztea gora eta behera ibiltzea da, ikastea, partekatzea, amestea, haserretzea, atsedena hartzea...

Familia da argitaletxe honen hartzaile nagusia, gai anitzak eta interesgarriak biltzen dituzte: heziketa, ekologia, jolasaren garrantzia, poesia, transexualitatea, zaintza adostua, baita rock musikaren historia edo pelikula nahiz abesti gomendagarrien gida ere. Eta nola ez! Album ilustratuak, hainbeste gustatzen zaizkigun kontakizun xume, soil, dotore eta eder horiek.

Ama bat etxe bat bezalakoa da dugu esku artean, haur jaio berriak bere amaren inguruko pentsamenduak biltzen dituena. Haur amazulo baten begirada batetik abiatzea gomendatzen dizut, irakurle; bere amatxoarekin liluratuta dagoen ume bat bihurtzea, samurtasunez beteriko esker ona adieraztea nahi duen jaioberri baten tokian jartzea. Bestela, irakurle heldua zaren hori, nekagarria suertatu dakizuke ama batek egin ahal duen jardueraren zerrenda luzea liburuan ikustea; izan ere, amak ahaldunak izatera behartu ditu gizarteak, ama bat dena egiteko gai izatearen rol zorrotz eta injustu hori.

Irudiak koloretsuagoak ezin, diseinua zainduago ezin eta gainera oparia: liburuaren gainazala zabalduz, horma-irudi handia duzu, etxean jartzekoa, litera ondoan kokatzekoa.